Alkolean
Alkolean
Edorta Jimenez

MUTRIKU
aurkibidea

Aurkibidea

azala

Aurkibidea

azala

   

 

 

Serafin izeneko gizon heldu bat etorri zitzaidan umezurztegira bila, lanerako. Ez zidan esan nondik nora zekien nire berri, zergatik gura ninduen ni, beste umezurtzen bat barik. Ezta galdetu ere nik. Zertarako?

        Jakingo nuen nor zen gizona, zertarako nahi ninduen, kito! Ohikoa izaten zen ugazabak gazte bila hara etortzea. Nik neuk nota onak atera nituen oinarrizko batxilergoan, hurrengoa ez nuen egin, umezurztegiko tailerretan jarri ninduten, denetariko ofizioak ikasten, eta ondo horretan ere. Eta badiot, halako batean gizon hura etorri zen nire bila. Aroztegin nengoen, aberatsen batentzako zurezko ohe bat atontzen. Neuretzat balitz!

        Umezurztegiko atera deitu ninduten.

        Hantxe ziren zuzendaria eta gizona.

        Larrua eta ilea ilunak, ahots lakarrean makina bat zigarroren atzea, esku gainetan zainak aihen bilakaturik, begiak almendra bi, harginen edo halako indartsuen tankera antzeman nion. Zuzendaria euskaraz zuzendu zitzaion.

        —Zelan doa bizimodua, Serafin.

        Euskaraz egiten aditzen nion lehen aldia zen. Zur eta lur nengoen.

        —Aurrerantzean honekin ibiliko haiz lanean. Lo egin eta bizi, ostera, hemen lo egiten eta bizi izaten segituko duk, harik eta heure bidea egin arte. Zintzo ibili gero, Miguel!

        —Bai, jauna.

        —Esandakoa.

        Orduan inork esan ez bazidan ere, gizon hura, Serafin, aita nuen.

        Hurrengo lerroetan doa Serafin nire aita eta bion artekoa, inoiz norbaitek hura zertan izan zen jakin nahi izango balu ere.

 

 

Bila etorri zitzaidan egunean Serafinek Orozkorako autobusera eroan ninduen, eta harako bidean azaldu zidan zertan ziharduen. Labur.

        —Antigoalekoen tratuan.

        Orozkorainoko artean ez genuen beste berbarik egin.

        Busaren geralekuan beste gizon bat geneukan begira, R-5 baten ondoan.

        Goialde bateraino eroan gintuen, erakutsi behar ziguna erakustera. Artzain txabolatxo batean zegoen materiala.

        Serafinek errepaso polita egin zion. Ni, mutu.

        Elkarri bostekoa eman zioten.

        Busaren geralekura itzuli gintuen.

        Autobusaren zain ondoko tabernan pattar bana eskatuta, ahapeka hizketan jardun zuten. Autobusaren zarata igarri zuten arte.

        Testigu nintzen lehenengo tratua huraxe izan zen.

 

 

Halaxe ba, tokiren batetik hartan baliozko zerbait bazela esanez abisua etortzen zitzaigun aldiro, itzel eskertzen genuen hartara agertzeko autobusik baldin bazebilen, Orozkora bezala, zer esan trena bazen. Nolanahi ere, erakusten ziguten edozein antigoalekoari gure aldetik baliozko iritziz gero, eta hura eskuratzeko tratua egin, askotan autoren baten premia izaten zen, kamioarena ere noiz edo noiz. Horrelakoetan ostera pozik baino pozago gu, kamioaren premiak bulto handia esan nahi baitzuen, eta bulto handiak gehienetan altzariak izaten ziren. Kutxak, kaxak, arasak, oheak eta oheburuak, Orozkoko hartan legez, bestela boladaka modan paratzen ziren zaharkeriak, bazterretako aldeetan botatzeko zituzten lapiko metalezkoak, kandelabroak, gerra aurreko irrati hondatuak, sutondoko erremintak, zer ez genuen biltzen gero! Baita alper-harriak eta errotarriak, gurdi gurpilak, uztarriak, laiak, igitaiak, segak eta halakoak ere. Nondik atereak direla uste duzue ba jatetxe izardun horietako antigoalekoak, baserri-txaletetakoak, top-dendetakoak? Biltegia Derion zeukan Serafinek, gasolindegitik gertuan. Lehengoetan handi iritzi banion ere, ez zen oso luzera izan txiki geratuko ote zitzaigun pentsatzen hasi nintzela.

        Esango nuke autoak eta kamioak ugalduz joan ziren hein berean zabaldu zela gure negozioa, ni eta haren artekoa alegia. Harik eta dena okertu zen arte. Neure erruz okertu ere.

 

 

Gogoan orain bertan banengo bezala daukat ermitatxoa harriz harri desmuntatu genuenekoa. Portuko Argi Berdearen etxetxorako bidean zegoen, ez dut esango zein zen portua, badaezpada ere. Dena dela dagoeneko ez dago eraikinaren arrastorik, liburukote horietako bateko fitxaren batean izan ezik. Nik neuk ez daukat ahazteko ermitatxo hura, inondik ere, batik bat ostean geratu zirenak gertatuta.

        Hasierara joz, artean ezin nezakeen imajinatu ere egin nondik nora egon zitekeen inor harri pila harekin interesatua, eta halaxe esan nion behin hari, eta hark orduan erromanikoaz lezioa eman zidan.

        —Erromanikoa Santiago bidearekin hedatu zuan hemen, ermitak eta, badakik, zenbat eta zaharragoak baliotsuagoak, ttu! —hizketan hasiz gero tarteka ttu! egiten zuen, eta eztul ere tarteka—, ikasi beharko duk, ikasi beharko duanez, Jabat —halaxe esaten zidan nire izena Miguel izan arren, beti Jabat—, honetan aurrera egin nahi baduk jantzi zure burua!, zera, ikasi beharra daukak, eta hau Ameriketara, hau Ameriketara —behin eta berriro esaten zidan—, kontuz horiekin!, atariko arkua delikatua duk, Jabat, begiratu ondo leiho horiei, harriak bezainbeste dokumentuak baloratzen ikasi behar duk, ttu!, horretarako ostera hizkuntzak behar, frantsesa, ingelesa, latina, adi, paper zaharren balioa izugarria izan litekek, gogoratu, ganberaren batera ezeren bila sartzen haizen aldiro behatu egik ganoraz ez ote den zokoren batean libururik, paperik, karpetarik, erretraturik, holakorik, gehienetan doan emango dizkiate, esan besterik ez daukak “bide batez hau ere eramango dizut, nahi izanez gero”, eta “eraman, eraman!” esango diate.

        Ez zeukan zertan esan, ziostana hainbatetan ikusia bainion berari egiten.

        Gidatzeko baimena ateratzeko premiaz ere hitz egiten zidan, eta nik errespetuz aditzen nion, zera, bai, hamazortzi urteak beteak nituen, libretik aurkez nintekeen kasik ezer ordaindu gabe, baina ez nekien zertarako. Ezin nik autorik erosi. Ulertzen ez nuena zen ba berak nola ez zeukan, eta horretara bai, behin hartaz galdetzeko adorea bildu nuen.

        —Penalak! —erantzun zidan.

        Ermitarekin ari ginen bigarren gaua zen. Hurrengo egunean umezurztegira agertu zen, ni lanen baterako batzera. Ohikoa zen hori, ze ermitakoez gain beste lantxo batzuetarako biltzen baininduen, aurretiaz abisatu gabe.

        Atezaina etorri zitzaidan abisua ematera.

        Umezurztegiko parkean zegoela esan zidan. Leihotik begiratu nuen. Hantxe zegoen, bai, magnolia arbola tantaiaren itzalpean. Ez zen ohikoa. Zerbaiten susmoa hartu nuen.

        —Ondo, Jabat?

        Baiezko keinua egin nion.

        Jakako barruko poltsikotik krema koloreko gutun-azal bat atera zuen.

        —Eutsi.

        Hartu nion, eta barruan zer zegoen begiratu. Dirua, billetetan.

        —Eta hau?

        Astean behin edo, diru bat ematen zidan, ez finkoa, negozioaren martxaren araberakoa antza, hori bai, beraren kontura joaten ziren tartekako kafeak eta noiz behinkako bazkariak, inoiz bateko afariak eta gosariak, ardoren bat edo beste, dena. Eta beste diru bat sartzen omen zuen umezurztegian, libre nintzen egunerako, halaxe esan zidan behin; libre haizenerako. Gutun-azalean zegoena zenbatu gabe ere jabetu nintzenez ordukoa ez zen ohituta ninduena, ezta hurrik eman ere.

        —Hik ez daukak penalik, Jabat.

        Auto-eskola ere aholkatu zidan, libretik joanda nekez emango zidatelako. Ermitako lanen hirugarren gauerako aterea neukan. Erakutsi egin nion.

        —Orain autoa behar, ikusiko diagu.

        Irailaren 29an hemeretzi urte betetzekotan omen nintzen.

 

 

Autoa eskuratzea baino errazagoa izan zen hizkuntzak ikastearen zerari ekitea. Hiztegiak berak pasatu zizkidan. Frantsesezkoa, ingelesekoa eta latinezkoa. Gerra aurrekoak ziren hirurak ala hirurak. Halako batean frantsesezko eta ingelesezko kaseteak lortu zizkidan.

        —Latinezkoa ez diat topatu —esan zidan, ironiatsu.

        Nire aldetik banekien latin pittin bat, oinarrizko batxilergoan ikasia, eta beste pittin bat meza eta arrosario infinituetan itsatsia. Ordu larregi belaunikaturik, histuraren atzaparretan beti. Tira! Hiztegiak, kaseteak, haiek denak ganbararen batetik eskuratuak ziren hor nonbait. Eman zidan kasete-aparailua, aldiz, berri-berri zegoen. Aitortzen dut bitxi hura hizkuntzetan trebatzeko baino gehiagotan boladako musikak entzuteko erabiltzen hasi nintzela. Musikak histura urtzen zidan, hizkuntzek ordea ezinaren atarian sentiarazten. Eskerrak kasetez gain tarte batez irakasle aparta izan nuena. Megan.

        Ermitako harrien negoziora itzuliz hartan neukan zereginak indarra eskatzen zuen, harenak berriz burua. Nik goitik hasita eta lau hormetatik beti goikoenak hartuz lurrera behera ekartzen nituen harriei hark markak ezartzen zizkien, letrak eta zenbakiak erabiliz, inoiz hura berriro muntatu behar izanez gero harriak zein non eta nola jarri, buruz behera, alboz, zokondo eginez, bakoitzaren nondik norakoak jakin zitezen.

        Ermitarenak azken burura eramateko lau gau behar izan genituen, inondik ere ez laurak segidan, hangoak ilberriz egin beharreko lanak zirenez gero. Eguzkia ostentzean ekiten genion eta eguna argitzen hastearekin batera uzten genion lanari, izan euri zein egon ateri.

        Harriak hango alboko bide ertzean uzten genituen, sasi artean, eta itzultzen ginen hurrengoan han jada ez zen ezeren arrastorik izaten. Nik bideari begiratzen nion, haien bila etorri bide zen ibilgailuaren lorratzak igarri nahirik. Eta ezin. Laminen lana zirudien. Egia baldin bazen ere ermitatxoa teilatu gabe eta sasiz eta sastrakez kasik estalia zela, harritzen ninduen inor eraikina apurka-apurkako desagertzeaz ez jabetzea, eta jabetzekotan ere ezer ez egitea lapurreta hura eragozteko. Ze, bai, lapurreta zen.

        Azken goizaldean, hangoak buruturik, hau da, behegaineko harlauzak, aldarekoak eta halakoak desmuntaturik, zain lotu ginen.

        —Honekin negozio polita egin diagu, Jabat, laster jabetuko haiz, ttu!, zorte ona izan diagu, bai, ttu! —gero eta sarriago egiten zuen ttu!, jabetuko nintzen bai zergatik zen.

        Artean, gorputzez nekaturik eta hala ere gogoz pozik, lebitazioan.

        Eguna zoragarriro argitzen ari zen han itsasoaren marratik gora. Ez zen alferrik ekainaren azken egunetako bat.

        Hartan ginela kamioi-harrabotsa aditu zen, gero eta ozenagoa, gurerantz etortzen antza zenez. Harrien ardura hartu behar zuena ezagutzekotan nintzen. Megan, bai.

        Adats luzea solte eta egun argiko urreaz jantzirik, jaka eta praka bakeroak soinean, takoi ederreko kanperak zango luzeetan, kamioitik lurrera zerutik baletor moduan jaisten ikusi nuen. Haren ostean morrosko bi jaitsi ziren, behingoan ekin ziotenak mutu azken gaueko harriak kamiora igotzeari.

        —Ongi dena, dena ok, Serafin? —halako ahots kutsu batekin galdetu zion, ze, nik, papao halakoak, beste nonbaiteko euskaraz egiten zuelakoan utzi ninduen. Emakumearen —zenbat urte ote zituen?— zera, emakumearen indar magnetikoaz libratu ezinik nengoen.

        —Ba bai, Megan, bai, nahita ere ezin hobekiago egon —halaxe erantzun zion, kortesiaz, era berean kortesiazko zen “ongi dena?” hari. Segituan, morrosko biei laguntzera aldendu zen. Neu ere hartara nindoala emakumea aurrez aurre paratu zitzaidan.

        —Etor zaitezke nirekin hitz egitera egunen batean?

        —Ni? Eta bera?

        —Zu zeu baino ez. Hemen daukazu helbidea, eguna eta ordua. Ok?

        Paparretik papertxo bat aterata eskura pasatu zidan. Arnasarik gabe utzi ninduen haren ukitu laburrak. Titietan edo ipurdian edo nik dakit ba beste non laztandu izan banio bezala izan zen.

        —Megan, ok?

        “Ok” harekin jabetu nintzen haren ahotsari antzeman nion kutsuaren jatorriaz. Yankia zen. Ermitatxoa berriro muntatzeko behar ninduelakoan lotu nintzen.

        Ez zeukan ez Meganek ermita hemengo ezein ingurutan berreraikitzeko asmorik, ez ninduen hartarako behar, paparretik hara eman zidan papereko helbidea ezin zitekeen inondik ere harriak eraman zituzten lekuarena. Etxea Bilboko erdigunean zegoen, umezurztegitik ez urrun.

        Haren hitzekin gogoratzen nintzen, zera, hau Ameriketara. Ez nion aintzat hartu, urrunera esateko modua zelakoan Ameriketara esatea. Aitzitik, eta naizen motza izanda ere, Megan non bizi zen behin ikusita ez zitzaidan lar kostatu imajinatzea harexen sorterrira joango zela erromaniko berantiarreko ermitatxoa. Eta hartan harrigarri begitandu bazitzaidan ere, orain badakit hemendik hara eramandako lehena ez zela, ezta azkena ere. Harira baina. Harenak jada buruturik, beste zereginen baterako bitartekari fidel bila ari zen, laster jabetuko nintzen horretaz. Eta zer hoberik fideltasuna bermatzeko larrua baino. Hori ordea ez zen gertatu haren etxera agertu nintzen egun berean. Presaka zebilen, telefonoa joka ari zen arren ez zuen hartzen, neskamea, neskamea zeukan, arraioa, han zen, beraz, ezer ez, igogailura lagundu nion, lau solairu, berea terrazarekin duplex eginik, aztoramenaren aztoramenez luze egin zitzaidan beherainokoa. Nora begiratu? Ezpainetara, ezinbestez. Bekokiaren aldea ateratzen zidan.

        —Non bilduko zaitut? —ezpainetan musu arina eman zidan.

        Musuaren karranpa! Nola esan umezurztegian bizi nintzela, erruki etxean, ez neukan adorerik. Potroak! Lotsa nintzen.

        —Berton atarian.

        —Asteartean, hamabietan puntu-puntuan. Ok?

        Igandea zen.

 

 

Astelehen arrastirako hitzordua geneukan jarrita hark eta biok. Derion. Tren geltokian. Seietan. Gure antigoalekoan biltegira joango ginelakoan lotu nintzen.

        Nasan ttu! eta ttu! ari zen, nire zain. Ohi bezala. Keinu mutu banarekin agurtu genuen elkar.

        Ibiltzen hasi ginen, biltegia geneukan norabidearen kontrakoan. Ez nuen ezer esan. Gozatzen ari nintzen, Meganen musuaren sentsazioak gorputzaren pisua sentitzetik kentzen ninduen.

        Sarreran “Autos Derio” zekarren gune hesituko atera iritsi ginen. Han ginela langile bat agertu zitzaigun.

        —Serafin!

        —Ramon.

        Bada, Ramon haren atzetik joan ginen biok. Ez nekien zertan ari ziren, egia.

        —Horra!

        Hura autoa! Seat fa-fb gorria, 1975ekoa. Irrati-kasete aparailu eta guzti.

        Elkarri bostekoa eman zioten.

        —Igo —agindu zidan.

        Giltzak eskuineko atean zeuden, sarrailan sartuta bat, eskegita beste bi; autokoa eta depositukoa.

        Behin biok auto barruan legezko paperen zorroa zena atera zuen, nondik ez dakit.

        Ibiltzeko baimena, asegurua, salmentaren ziurtagiria, bertako tailerreko zenbakia, hantxe zegoen dena.

        —Ekin!

        Giltzari eman nion, autoa uzkerka hasi zen, ihes-tutuaren inguruan ke-laino beltza hedatu zen; berriro eman nion giltzari, eta hartan bai, uzkerrak musika bilakatu ziren, laino beltza zuri egin zen, sakatu nion ba azeleragailuari eta autoa jauzika hasi zen, hantxe geldi.

        —Frenoa!

        Halaxe jabetu nintzen, zera, gauza bat dela gidabaimen ofizialik ez izatea eta beste bat autorik inoiz gidatu gabea izatea. Hura ez zen holakoetakoa, alajaina.

        Eskolako autoak izan ezik besterik inoiz gidatu gabea, trauskil eta baldar egin nuen Derioko tartea.

        Sondikako aireportuan aireratu berri, hegazkin baten sabelaldea begiztatu nuen.

        Harrez gero neu ere aireplanoz joaten legez sentitu nintzen.

 

 

Bilbora sartu ginen. Hango kaleetan nola moldatuko nintzen, kakatan nengoen. Eta hara, nork esango zidan, labirinto hartan dena uste baino errazagoa bideratu nuen. Ez nuen autorik jo, ezta ere inor zapaldu.

        —Lotu hor —agindu zidan.

        Prim kalean geunden.

        Autotik irten ginen, eta hantxe, kasik hitzik gabe, atari bat seinalatu zidan, eta giltza batzuk eta papertxo bat eman.

        —Bihar arte!

        Meganen musu arinarekin segitzen nuen.

        Paperean idatzita zegoen solairura igo nintzen.

        Logela bi ohe banarekin, batekoa nahiz bestekoa berehala erabiltzeko prestatuak, eta bakoitzeko armairuan izarak eta enparauak; komuna, jantzia; sala, apaindua, telefono eta guzti. Logela handiena hautatu nuen, bazen eta garaia aise lo egiteko, hegan hasteko.

        Burura Megan zetorkidan.

        Salako leihora hurreratu nintzen. Inguruko teilatuak begien mendean neuzkan, eta harago begiratuz gero, Pagasarri. Umezurztegitik hara eroaten gintuzten batzuetan, bestela inguruetako mendietara, Artxanda inguruko Berrizera eta. Ostegun arratsaldeetan. Igandeetan zinea tokatzen zen. Gure aisialdiko bakarrak, eskubaloi partidekin batera. Bestela beti preso.

        Kanpora begira, nire buruarekin ari nintzela, telefonoak jo zuen.

        —Ondo?

        Baietz nik.

        —Joan haiz etxera, zera, lehengo etxera, zure zeren bila? Hoa.

        Ttu ez ezik eztul ere egiten ari zen. Eztul gogor lehorra.

        —Banoa.

        —Hurrengo egunetan, eta neuk esan arte, haren esanetara, bai?

        Nola ezetz esan.

 

 

Irten, auto hartu, eta ibaian eskuin ibarreko kalea bilatu nuen, Deustuko zubia jotzeko. Handik umezurztegira ezin galdu.

        Atezaintzan zuzendaria neukan zain.

        —Zer moduz? Hire gauzen bila etorri haiz, ezta? Hor dituk premiazkoenak. Besteen bila hator heuk nahi duanean. Eta eutsi hau ere. Etxe berriko paperak dituk. Notariotzatik pasatu behar duk horiek sinatzera, barruan daukak nora. Mutil zintzoa izan haiz eta, merezi duk. Zorte on.

        Begiratu arin bat egin nien paperei. Tartean baziren bankuko kartilla bat eta argazkiak ere. Horietako batean behintzat bazen haren antza hartu nion gizonezko bat, gaztetan, eta hari besarkaturik emakumezko bat, berau ere gaztea. Haien atzean Eiffel, dorrea.

        Begiratuko nuen hobeto etxe berrian, tartea ateraz gero behintzat. Hurrengo egunean, igandea, Meganekin hitzordua neukan.

        Umezurztegiko lagunei agur esan gabe ospa alde egin nuen.

        Egunak ziren sargoriak Bilbo gainean ingudearena egiten zuela.

        Bost niri. Arindurik nindoan.

 

 

Deigarria zen Meganen autoa, inportaziokoa seguruenik. Umezurztegiko igande arratsaldeetan ematen zizkiguten pelikuletako batean ikusia nuela eman zidan. Mustang. Jesarleku bi eta hiru ate baino ez. Barrutik zabaldu zidan.

        Kanpoan zegoen sargoriarekin eskertu egin nuen auto barruko tenperatura. Ez zen hori bakarrik, ordea.

        —Hi! Zer moduz?

 

 

Ezin izan nion erantzun, ez ingelesez egin zidalako, dardaragatik baino. Ez eta behar ere, musika aparailua abiarazi baitzuen.

        Haren belaunetara egin zidaten begiek, ohartu zelakoan nago, bolantean ez zeukan eskuaz arroparen barrena beherantz luzatu baitzuen. Uda zen, sargoria zegoen, uda legean jantzita zegoen; lastozko sonbreiru zabala lorez apaindua buruan esne koloreko bere larruazala eguzkiarekin hondatzearen beldurrez bezala, betaurreko ilunak bekokian paraturik eta lepoaren inguruan gazazko zapi morea eta merkeak ezin izan ziren perlatxozko idunekoak.

        Bilbotik irten eta berehala, betaurrekoak beren lekura eramanda, zapaldu egin zion. Gure antigoalekoen tratuetatik ezagutzen nituen herriak pasatu genituen, ziztuan, haietan izandako bateko eta besteko muinetako etxeez ozta-ozta jabetzen uzten zidala. Libertate berri bat sentitu nuen burura igotzen eta igotzen. Hordialdi hartan Deba zioen seinaleari kasu egin zion. Handik gutxira autoa bide ertzean gelditu zuen.

        —Irten.

        Atzeko kapota zabaldu zuen, eta motxila eder bat atera handik.

        —Hemengoak, zuretzat, ok?

        Motxila luzatu zidan.

        Azken begiratu bat egin nion maletategikoari.

        Baziren han poltsak eta zerak, hondartzarakoak, kaxatxoak, zer ez.

        Libertaterako ordura arteko hegalditik ezerosotasunaren leizeetara jausten nindoan.

        —Let’s go!

        —Zer moduz zure ingelesa? —euskaraz galdetu zidan—. Jendearen aurrean ingelesez edo bestela frantsesez hitz egin behar dugu, ok?

        Esku artean zerabilena zertan zen gain-gainetik azaltzen zidan artean autoa mantso gidatzen ari zen. Laburturik, nire zeregina harekin egotea izango zen, “eta gero gerokoak, ok?”.

        Mutrikura iristen ari ginelarik autoa halako etxe dotore itxuraz abandonatu baten parean gelditu zuen.

        —Alkolea, very nice.

        Maletegitik hondartzarako poltsa halako bat atera zuen, eta hura lepoan eskegita, eta nik motxila sorbaldan lotuta, oinez abiatu ginen. Herrira iristen ari ginela eskuaz nirea oratu zidan. Zartada.

        Herria bera ez nuen ezagutzen, inguruetako muinetako etxeren bat bai agian, ez nintzen gogoratzeko gai, hain horditurik nindoan.

        Plazako taberna handiaren kanpoaldeko mahaietako batean eseri ginen. Zerbitzaria behingoan etorri zitzaigun. Gizonezkoa, ez hain gaztea, morroskoa.

        Megan ingelesez zuzendu zitzaion lehenik, frantsesez gero; bermutak eta laguntzeko zerbait.

        —Tuna salad?

        —Ok.

        Sonbreirua kendu zuen, eta harekin abanikoarena egin.

        —Hot, isn’t?

        Eguerdiko basoerdien ordua zen, ingurukoak adi genituen, ez begiratzearena egin nahi eta ezin.

        —Elizaren estiloa neoklasikoa da, Txurrukaren estatua, badakizun nor zen Txurruka, bai, noski, Lord Nelsonenaren kopia, egunen batean Londresera joango gara, harena askoz ere handiagoa da, ikusiko duzu —hitzak arduraz ebakiz, astiro eta esaldi laburretan ari zitzaidan.

        Liburuak beharko nituen. Etxetik gertu banituen horietako dendak.

        Zerbitzariak bermutak eta entsaladak ekarri zituen. Hipnotizaturik nengoen.

        —Cheers!

        Jaten hasi ginen.

        Nor zen Megan, zertan ari zen nirekin, zer joko zen hura, argi baineukan jokoa zela, galderak erreskadan zetozkidan, eta erantzunik ez, ezta nahi ere.

        —Ikusten duzu kalean behera datorren emakumea?

        Hirutan esan behar izan zidan. Ulertu niola hala ziurtatuta buruaz agur keinua egin zion.

        —Louise da —izena frantsesez ahoskatuz esan zidan.

        Emakumea gure paretik pasatu zen, airean halako usain gozo bat utziz uberatzat. Megani bezain edo are erakargarriago iritzi nion. Ohartzen nintzen, erraietatik sorturiko indar baten mendean nengoen. Horretaz jabeturik edo, Meganek estatuaz hitz egiteari ekin zion.

        —Ipurdia! Ipurdi hori haragizkoa bezalakoa da.

        Jeloskor jarri nintzen. Lehenengoz ari nintzen amorruaren eta etsipenaren arteko halako sentimendua mamitzen.

        —Hatzak —bere hatzaz estatuarenarenari keinu egin zion— itsasora seinalatzen du. Hemengo itsasora. Txurruka Trafalgarren hil zen.

        —Eta?

        Ez nintzen gai hori baino askoz gehiago esateko. Barre egin zuen, zabal-zabal barre.

        —Fantastikoa zara. Ez didazu izena esan.

        —Jabat, esan nion —galdetu zidana ezinbestez jakin behar zuela ziur. Jabetzen nindoan nirekiko jolasaz gozatzen ari zela, ez naiz inoiz horren baboa izan. Lotsa galtzen ari nintzen.

        —Ba, Jabat, entzun, Gibraltar Atlantikoan dago —zabalago barre egin zuen.

        Txurrukaren hatzak Kantauri itsasoa seinalatzen zuen, egia.

        —Besterik? Beste bermut bat?

        Zerbitzariak baso hustuak seinalatu zituen.

        Megan begira lotu zitzaidan. Orduantxe jabetu nintzen nirean tantarik ere ez zegoela.

        —Eskerrik asko —ingelesez beti bera—; kontua, mesedez.

        Bermutak pizturik abiatu ginen herria ezagutzera, hark hala nahi izanda besotik helduta, tarteka geldialditxoak eginez, astiro, eraikinei eta armarriei buruzko azalpenak emanez niri, halako pasioz eman ere, esan baitzitekeen halako gauren baten haietakoren bat desmuntatzeko eskatu behar zidala.

        —Hemen Txurrukaren jaiotetxea. Lehenago Gaztañeta familiarena izana. Ederra, ezta, Jabat? Barruan diren dokumentuak eta altzariak eta dokumentuak askoz ederragoak dira. Europako artxibo pribatuen artean topea, sinetsi.

        Hartan ginela hara han ur zirrista bat kalerantz.

        Gora begiratu zuen, eta nik haren begiradari jarraitu. Louise han zegoen, balkoira aterea itxuraz landareak ureztatzera. Elkarri keinu egin ziotela esango nukeen.

        —Let’s go! —denek entzuteko moduan esan zuen.

 

 

Herriaren ibilbideari eutsi genion.

        Oharkabean ortzia iluntzen hasi zen, orkatilen pareraino iristen zen haizetxoa zabaldu zen, hark behean ziren gauzatxo arinak airean dantzarazi zituen, galarrena zetorrela igar zitekeen, aterpea bilatzeko esan nion.

        Autoaren alderantz egin genuen, itsaso aldean galarrena bazetorrela iragartzen zuen pareta luze-iluna parean genuela.

        Iritsi ginen eta, sartu baino ez eta bota ahalakoak botatzen hasi zen.

        Berriro eskutik oratu zidan, eta hantxe egon ginen, euriaren danbor erritmikoa belarrietan eta haren gortinak begien aurrean. Atertu zuen arte.

        —Goazen!

        Maletategira jo zuen eta motxila bi hartu. Biontzat bana.

        Alkolea izeneko etxetik gertu baziren eskailera batzuk, haren beheko senadirainokoak. Hartara iritsi ginela, itxuraz lehenik ezaguna zuen bazter batera eroan ninduen, berriro eskutik. Hantxe zabaldu zituen motxilak, hantxe hedatu zituen toallak, eta hantxe biluztu zen. Ez erabat. Han zen triangeluko biloak doi-doi ezkutatzen zizkion oihaltxoa.

        —Zeren zain zaude? Ez izan lotsa.

        Elkarren ondoan etzanda hitz egiteari ekin zion.

        Tarteka Mutrikura agertu beharko nuen, berak esango zidan noiz, zer ordutan, nora eta beste xehetasunak. Nire zeregin bakarra Louise begiztatzea eta haren keinuei jarraitzea izango zen. Hark hala edo nola zerbait emango zidan, zerbait arina, gutun-azalen bat edo, egunkariren bat edo, ikusiko zen zer unean-unean, gero dena delako zera hartuta Alkolea aldera agertu beharko nuen, bera han izango zen, ez beti, abisatuko zidan noiz bai eta noiz ez.

        —Autorik baduzu, ezta? Telefonorik?

        Baietz esan nion, pozarren.

        Dena zekien, ez nintzen egiaz jabetzen.

        Ez gintuzten ikusi behar, bizarra hazten utzi beharko nuen, eta, hori bai, Louise beti frantsesez zuzenduko zitzaidan, lasai egoteko, ezer ulertu gabe ere konponduko ginela eta.

        Aginduen nondik norakoa azaldu artean esku bat sabelaldera luzaturik laztan-kiribilak egiten zizkidan han. Harik eta zirimiri kasik garden bat hasi zuen arte.

        —Sandaliak, Jabat. Goazen!

        Nire galdera bekokian irakurri zuen. Motxilan zeuden sandaliak.

        Uraren ertzean utzi nituen. Megan ordurako sartuta zegoen.

        —Jantzirik bainatu behar duzu?

        Uretan nintzela bainujantzia sandaliekin hitz egitera bidali nuen, hurreratu nintzaion.

        Ura, hatsa, haragia.

 

 

Egitekoa errutinazko bilakatu zen. Meganek telefonoz hots egiten zidan, noiz, zer ordutan, nora agertu Mutrikun, eta nola, alegia, neure autoan ala autobusez agertu behar nuen, horra koska. Autoan agertzeko aginduz gero Bilbon ikusiko genuen elkar. Aldiz, autobusez bazen, Alkolean. Eta ni beti haren mende.

        Batera zein bestera joanda, Louise ikusten nueneko hark keinuren bat egiten zidan, jarrai niezaion, edo hondartzara txurrukatarren etxetik hango haurrekin, edo kafea hartzera, edo bestela estankora ere, hartan ez zegoen arau finkorik, beste udatiar bat ematen nuen bizarra hasita eta udako janzki eta zakuarekin. Bazekien Louisek horretan nola utzi ekartzen zizkidanak, zera, gutun-azalak, egunkariak, kaxatxoak, aldian aldikoak. Behin edo behin hango edo besteko tabernan bilatzen ninduen, Meganek esaten zidan zeinetan eseri, eta hura edateko edozer eskatuta nirearen ondoko mahaian jartzen zen, lehen egunean igarri nion usain hordigarria zerion beti ere beti, esango nuke umezurztegiko parkean zen arbola edo landare batena zela, kasik era kontrolatu ezin batean erakartzen ninduen, Meganek baino areago esango nuke, frantsesez hitz egiten zidan, nik oui-ekin eta esakune basikoekin erantzuten nion, hasia nintzen hura ere ikasten, Posta kaleko liburu-dendako bezero fidel bilakatuz nindoan, historiako liburuak erosten nituen, janzten ari nintzen hark esan bezala. Liburu-dendan bazen fotokopiagailua ere eta, egunkarietan zerbait interesgarririk ikusten nueneko orrialdea osten nuen, fotokopiatu eta gordetzeko. Meganek ematen zizkidan paperez gain. Horiek ingelesez zein frantsesez beti.

        Megan!

        Deseatzen nuen gu bion hitzorduaren lekua Alkolea izatea, hala izaten zenean busez joateko esaten zidan, esan nahi baitzuen zitekeena zela nire partea egin ondoren hartara joatea. Ala izango zen ala ez, lehen eguneko Mustang museokoan ala furgonetan itxaroten ninduen jakiten nuen. Ze, furgoneta ere bazeukan, noski. Batzuetan hartan ematen genuen gaua, Alkolean arratsaz gozatu ondoren. Bestela zuzen Bilbora eramaten ninduen, eta musu arin batekin despeditzen.

        Halaxe joan ziren uztaileko egunak. Abuztuan behin etxera igotzera gonbidatu ninduen. Neskamea oporretan omen zen.

        Haitzetako etzanaldi grinatsuak, uretako jolasak, furgonetako itsasaldiak, labur geratu ziren denak. Katu eta suge, suge eta katu, bata nahiz bestea izaten irakatsi zidan.

        Lekutan ziren hark emandako paperak, umezurztegiko zuzendariaren aginduak, dena. Harik eta hark dei egin zidan arte.

        —Dena ondo, Jabat?

        Ttu eta eztul artean apenas aditzen nion zer ziostan. Ulertu niona laburtuz, emandako paperen zerak eginak nituenetz jakin nahi zuen. Hurrengo egunean egingo nituela agindu nion.

        —Hurrengo egunean ezin, Aste Nagusia da eta.

        —Astelehenean sin falta.

        Deiak gorputzaldi zantarra utzi zidan. Ene barru-barruan gorderik nituen umezurztegiko itzal zitalei, mamuei esan dezagun, beste bat erantsi zitzaion. Mehatxu zehazgaitza, ohi bezala. Ikaratu egin nintzen.

        Igandean Meganek deitu zidan.

        —Honey?

        Biharamunean autobusean, lehen orduan. Hurrengo eguerdian bere etxean, eta ondo gordetzeko, inoiz baino tentu handiagoz, Louisek eman behar zidana.

        —Azkena da, Jabat —esan zidan, nire mahairen ondokoan kafea hartzen eta nirekin kasualitatez hitz egiten ari zenaren itxurak eginez; zakua mahai bien artean utzia nuen, eta, halaxe, gutun-azal ohi baino meheagoa sartu zuen hartan—. Hurrengo astean Madrilera itzuliko da familia.

        —Eta zu? —ausartu nintzen.

        —Auskalo zer egingo dudan. Pena izan da elkar hobeto ezagutu ez izana. Besteren baten agian.

        Zutitzean utzi zuen usain uberak harekin eroan behar ninduen. Ala haren adats beltza, bizkarralde luzea, mami borobilak, zango sagar perfektuak, haiek izan ote ziren. Amets eterno bat zetzan gorputz hartan, betiko iraun didana.

        Ikusmiratik galdu nuenean Txurrukaren atzamarrerantz joan zitzaizkidan begiak.

        Bihotza kolkoan neukan.

 

 

Autobusean ideia zoro batek kolpatu ninduen. Zakuan gutuna bilatu nuen. Ez zegoen lekedaz itxita, Louiseren azken keinu bat akaso? Barrukoa atera nuen. Zoro legez ekin nion irakurtzeari.

        Bilbora ondoezik iritsi nintzen. Hainbeste bihurgune, autobus barruko tabako keak, beroa, eta ni paper zahar horitu haietatik begiak kendu ezinik. Frantsesez ziren gehienak, Damian de Churrucak sinatuak gehienak. Ermitatxoa baino baliotsuagoak zirela begitandu zitzaidan.

        Autobusetik jaitsita zuzen jo nuen ohiko liburu-dendara. Fotokopiak egitera.

        Egin bezain laster umezurztegian sakon iltzatu zidaten bekatuaren eztena nabaritu nuen. Arnasa lasai hartu beharra neukan. Ohikoa ez nuena egin nuen, Barrenkalera ardo parea edatera joan. Gehiago izan ziren. Eskerrak edanaren eragina arintzeko tarteka pintxoren jan nuena.

        Etxera hamaikak aldera iritsi nintzen. Atean nintzela barruan argiren bat piztuta zegoela igarri nuen, baita musika ere. Halaxe utzi ote nituen argiak eta kasetea? Erruduntasunaren eztenak mingor ziztatu ninduen.

        Badaezpada tentuz zabaldu nuen atea.

        —Hi, honey!

        Megan salako sofan zegoen, erretzen eta whiskia edaten eta musika entzuten eta nire zain eta, eta, eta. Durduzatuta, zakua behearen gainean utzi nuen.

        —Nahi? —erantzuna itxaron gabe baso bat erdi bete eta luzatu zidan—. Zer ekarri didazu? —zakua hartu zuen.

        Gutun-azala atera zuen. Eta fotokopiak. Mahai gainean utzi zituen denak.

        —Hartu basoa, goazen —agindu zidan, berak berea, tabakoa eta hautsontzia hartuta, musika kendu gabe. Ez zidan astirik eman etxera nondik nora sartu zen galdetzeko.

        Naufrago bi lakoak izan ginen ohean, elkarren desioaren izerdiak itsaso nabigagarri bilakatu ziren.

        —Amaitu da, Jabat.

        Goizeko lehen argiarekin esan zidan, euskaraz, eta azaldu, zera, nire zain egona zela, autobusaren geralekutik tabernan kukuka, eta nirekin jolastearren segika hasi zitzaidala, behin etxean nengoela sorpresaz atean jotzeko asmoz, baina, sorpresa benetakoa ni fotokopiak egiten ikustea izan zela, eta bihotza hamaika zati egin zitzaiola, zera, hura traizioa zela, eta negozioa hartan traizioak lekurik ez zuela, eta ea beste zenbaitetan fotokopiatu nituen dokumentuak.

        Pausatu beharra neukan.

        —Atzo, beste inoiz ez —janzten ari zela erantzun nion—. Nondik atera duzu giltza?

        —Zure aitak eman dit. Zera, Serafinek. Mahaian utzi dizut. Goizaldean jaiki naizenean.

        Atean musu arin bat eman zidan.

        —I like your name, Jabat!

 

 

—Aita!

        Notarioari eraman behar omen nizkionak bilatu nituen, zoro, eta bai, hark eman zizkidanean begiztatu baino egin ez nuen argazkiak argi zioen. “Elsa eta biok Parisen ezkontza egunean”. Datarik ez zekarren. Zur eta lur, mahaian kasik hutsik zegoen botilatik edateko tentaldia izan nuen.

        Ez zen argazki bakarra. Deigarria zen mendian elurretan ateratako beste bat. Taldean ziren hura eta Elsa, Pirinioetan, denak zigarroa ahoan. Etxearen paperek haren jabetza ematen zidaten.

        Zuzendariak eskura eman zidan gutun-azala. Bilatu nuen. Bankukoa ikusi nahi nuen.

        Hangoarekin zurrago eta lurrago lotu nintzen, halakorik posible balitz behintzat.

        Deitu nion.

        Ez zuen hartu.

        Behin eta berriro ekin nion. Alferrik.

 

 

Halako batean telefonoak jo zuen.

        —Miguel? —zuzendariaren ahotsa ezagutu nuen—. Zera, Serafin Basurton zagok.

 

 

Kristalaren kanpo aldetik baino ez zidaten ikusten utzi. Arnasa-tutuak, hodiak, poltsak, astronauta eginda zegoela otu zitzaidan.

        Une batez ikusi egin ninduela sinetsi nahi dut.

        Biharamunean haren ondasunak biltzera agertu nintzen, bide batez, eta batik bat hargatik, zera, gorpua ikusteagatik. Zientziak bereganatua zuen. Azken borondatea omen. Ondasunen artean beraren egunerokoa zegoen. Koaderno koadrikulatua, Parisen erosia, lehen orrialdean zioenarekin bat. Letra fina zeukan, txikia eta dotorea. Begiratuko nuen.

 

 

Eguerdia pasata zen Auritzera iritsi nintzenerako. Erraz izan nuen ekitaldia non zen igartzea, bandera gorriak, Errepublikarenak, ikurrinak, ezagutzen ez nituen beste batzuk ikusten baitziren. Haien aldera jo nuen.

        Jendea borobilean zutik eta hizlaria, gizon edadetua bera, erdian, frantsesez hitz egiten, ez nion dena ulertzen, hitz solteak baino ez, résistence eta héros. Txaloak eta bibak, frantsesez gehien bat. Sentsazioa neukan hark ez zuela nirekin inolako zerikusirik. Arrotza nintzaion munduari, arrotz zitzaidan mundua.

        Txalo eta biben tartea jendeari erreparatzeko baliatu nuen. Ni nengoenaren beste aldean Megan bistaratu nuen. Neuri begira zegoen.

        Hurrengo hizlariak euskaraz ekin zion. Artzain itxura antzeman nion, janzkeratik baino egiten ari zen euskara moldearen eraginez beharbada. Megan nire alderantz zetorren. Hizlariak artean mugalari hitza astindu zuen, makia, Bigarren Mundu Gerra eta frankismoa ere aipatuz. Elsa militantearen heriotza deitoratu zuen, “azken segada” aipatu zuen. Ez nuen besterik aditu. Aurrean neukan Megan.

        Elkar besarkatu genuen.

        —Serafinek planeatu zuen dena —belarrira hitz egiten hasi zitzaidan, ezpainekin girgila laztanduz tarteko—. Gaixoa oso aurreratuta zeukan, aukera bat eman nahi zizun, kolpe on bat jo, zure bizimodua konpontzeko. Inoiz ez zuen jakin zure traizioaren berri.

        Gu bion gorputzak dardara bakarrean bat eginda, negarrari ekin genion.

        Zergatik egin genuen negar, harengatik ala gureagatik, gaur da eguna ez dakidana.

        —Kaixo!

        Besarkada, hartan amaitu zen.

        Gizonezko gazte bat zen, lepoan argazki kamera eskegita eta eskuetan koadernoa eta boligrafoa, soinean zamar arina eta praka bakeroak, gerrillarako moduko bizarra eta zigarroa ahoan.

        —Utziko zaituztet.

        Hura izan zen Megan ikusi nuen azken aurreko aldia.

 

 

Kazetariak nik baino gehiago zekien. Berak esan zidan Elsa nola hil zen. Tiroka mugalari lanean 1954 aldera, hots, ni urtebeteko umea nintzela, Parisen jaioa eta hango Erregistro Zibilean Jabat izenarekin eta haren eta Elsaren abizenekin inskribatua, Serafin atxilotu egin zutela, eta kartzela zigorra betetzen hasita ni ekartzea eskatu zuela, egin ere egin zutena, baina, umezurztegian sartzea beste aukerarik ez zuela izan, eta ea ba harekin bizi izandakoak kontatzeko prest nengoen, haien bien omenezko dokumental baterako, oharrak besterik ez bazen ere zerbait idazteko.

        —Espainian orain demokrazia dago —esan zidan.

        Neure kolkorako gorde nuen erantzuna. Eta bai, idatziko nuela esan nion. Ez nuen hitza bete. Hau idazten hasi bezain laster jabetu bainintzen gutxi zela esateko neukana, eta batez ere hark eta biok bizi genituenak hura aita nuela jakin gabe bizi izan nituela. Zer kontatu behar nuen, ba? Hobe ez astintzea. Ezta ere haren egunerokoan zegoena, zera, egunez egun eginak, helbideak, izenak, tratuak eta beste, inori ez esatea.

        Hemeretzi bat urtez bizi izana nintzen jakin gabe aita-amak nor nituen, haiek nor ziren ere zergatik utzi ninduten umezurztegian, nondik nora sartu zen Meganen sarean, Louise nor zen, eta beste dena. Bizi izan ditugun gehienak zergatik bizi izan ditugun jakitera iritsi gabe hilko, pentsatu nuen.

        Haren koadernoa ez erabiltzea erabaki nuen. Paperak ondo bideratu eta berak utzitako dirua baliatuz bizimodu berri bati ekitea. Nire burua janztea. Atxuriko Arte eta Lanbide eskolan izena eman nuen.

        Bizarra kendu nuen, umezurztegiko zuzendariaren laguntzaz soldadutzatik libratu nintzen, altzari zaharrak konpontzeko eta birgaitzeko tailerra atondu nuen etxetik ez urrun, Miren ezagutu nuen, seme-alaba bikiak jaio ziren, Jabat eta Elsa, bizimodu arrunta, zoriontsua esan nezake, baldin eta noizbehinka umezurtzaren mamuak agertuko ez balira. Megan, esaterako.

 

 

Urteak igaro ziren El País egunkarian zera irakurri nuen arte; norbaitek, Bidebarrietako udal artxibotik funtsak lapurturik, haiek zenbait liburu-saltzaileri pasatzen omen zitzaizkien, sal zitzaten, ez zitzaidan argi geratu eginbide hura amaitua zuten ala zer. Berriaren mamira sartu nintzen, eta, halaxe, haren guztiaren gakoa Miren ezagutu nuen egunetan eta lekuan zegoela jakin. Bidebarrietako eraikin ederrean, bai. Garbitzaile borondatezkoen brigadan. 1983ko uholdeez ari naiz.

        Negarrez nengoen, bai, hango anabasari begira.

        —Zer duzu?

        Halaxe esan zidan norbaitek, atzetik etorrita esku bat lepoan pausatuz.

        —Miren —esan zidan.

        Azaldu nion paper haien balioa izugarria zitekeela, txurrukatarren haiek, eta Megan eta Louise eta hura eta denak blaust derrepentean gogoan.

        —Ei! Zer egiten duzue hor?

        Uniformedun batek, atezaina zen beharbada, han ezin egon zela eta joateko.

        Uholdeetako borondatezko lanak amaitu zirenerako bikotea ginen. Ez da hori uholdeek ekarri zidaten opari bakarra, ordea. Altzariak eta beste berreskuratzeko lantegia zabaldu berria neukan, Bilbao la Vieja baino gorago. Hasiera gogorra, lanez eskas nenbilen, heroinaren urteak ziren, lekua ez zen agian egokiena, ez eta auzunea ere, eta hara non hasi ziren etortzen urak kalteturiko altzariak. Baliotsuenak baino ez nituen onartu. Artean lantegiko enplegatu bakarra nintzen. Lantegiaren izena? Eiffel, noski. Laster hasi nintzen langileak kontratatzen.

 

 

Egunkarikora berriro itzulita, huraxe izan zen Bidebarrieta Kasua iritzi zitzaionaz eduki nuen lehenengo berria.

        Kasuak 1983ko uholdeetako uherretan zeukan hasiera, antza. Esango nuke lehenago hasi zela, baina tira, eman dezagun uholdeen zerarekin hasi zela, hartan Mirenek eta biok Bidebarrietan anabasa hutsean ikusi genituen dokumentuak eta liburuak, eta hango beste hainbat, Garellanoko biltegira eraman zituzten, hots, urteetan espainiar militarren kasernak izandako hartara. Eta jakin berri omen zen horretatik ezkutuan atereak eta salduak ziren hainbat funtsa, ex libris deritzenak eta balio handiko dokumentuak, tartean Gernikako lehenengo batzarraren agiriak omen.

        Ez da alferrik esatea izango Bidebarrietako artxibozaina Manuel Basas zela. Kasuak gure gremiokoen artean sorrarazi zituen txutxu-mutxu eta halakoen bidez hari buruzko zerbait jakin zuen. Funtsezkoena, postua 1995ean hartu zuela. Frankista galanta. Ezinbestez. Ez ote zuen lehenago era halakoak egiteko tentaldirik izan, pentsatu nuen.

        Berria 1994koa zen, eta harrez gero egunkariek tarteka egiten zioten lekua auziari. Esaterako, hartako urtarrilaren 23an Basas hil zela zioten, haren iraganaz ezer aipatu gabe. Nire barre algarek Mirenen erreakzioa eragin zuten.

        —Zer?

        —Basas hil da.

        San Anton zubiko ertzeko terrazatxoan geunden seme-alaben zain.

        —Oraindino horrekin segitzen duzu?

        Bazirudien Miren jeloskor zegoela kasuari ematen nion denborarekin. Eskerrak Megan inoiz aipatu ez niona, bestela.

        Megan.

        Hura ere Bidebarrieta Kasuan tartekoa zen. Ziurtatzerik ez neukan, ordea. Denbora baten buruan egunerokotasunak Bidebarrieta Kasua eta harekin batera Meganen akordua ezabatu zizkidan. Kasik. Tantaka bazen ere, prentsak auziaren berri ematen segitzen zuen. Argi neukana zen udaleko alderdi politikoren baten edo besteren inplikazioa ezinbestekoa zela. Alkatetza eajk zeukan, oposizioan hb, ee, Independenteak eta besteren bat zeuden. Auzia infinitu bilakatuko zen, ziur.

        Alderdiak hartan zirela El Mundo egunkariak Jon Maria Abio izenekoa elkarrizketatu zuen. Erabateko inpresioa egin zidan.

        “Liburuez ideiarik ez nik. Ez nintzateke sartuko hartaz ezer jakingo ez nuen negozio batean, arma kontuetan sartu naiteke, kontrolatzen dut-eta, drogetan, ezagutzen ditut-eta, baina hartaz ezer ez dakidan negozio batean, zera, ni garraiolaria nintzen, huts-hutsik”.

        Ni ere garraiolaria izana nintzen, horixe izen egokia. Garraiolaria. Ez Abio haren parekoa, inondik ere. Gizona Ertzaintzaren akademiatik kanporatua zen, kartzelaratua, diru-iruzurlea, neska-lagunaren masaje-etxe luxuzkoan bizi zen.

        Zinismoaren gailurrean liburuei buruz ikasi zuela zioen, kokainari buruz kolonbiarrekin ikasi zuen bezalaxe. Entzun, ikusi eta ikasi metodoaz.

        Usaina hartu nion auziari. Ezin zitekeen izan soilik liburu-saltzaile antigoalekoetan espezializatu bi eta zenbait funtzionarioren sarea hartan zebilena. Gurean zenbat ginen, ba? Hura, Megan, Louise, ni neu,… Beste zenbat? Hobe ahaztea. Ezin baina.

        Abioren elkarrizketa izan eta hilabetera beste bat argitaratu zen. J.A.C. batekin, bigarren eskukoen saleroslea bera. “Chamarilero” zekarren. Hartan igarri nuen taldearen modus operandia.

        Bilboko udaletxearen osteko kaletxoa furgonetarekin pasatzen ari zela, ezustean omen, kaxa batzuk ikusi zituen eta, barrura!

        Liburuak ziren kaxetakoak.

        Megan, Louise eta hirurona profesionalagoa zela esango nukeen. Areago Bilboko Udalaren barruko txosten bat, ofizio-kide baten bidez eskuraturik, irakurtzeko aukera izan nuelarik. Abiok eta haren neska-lagunak, F.M. andreak, Garellanoko behin-behineko biltegira agertzen ziren, hartan liburuak eta dokumentuak zabor-poltsetan bildu, eta, kanpoan uzten zituzten, ate ondoan. Iluntzean berriro agertzen ziren hara, zabor-biltzaileak baino lehen, zakuak furgonetaz jasotzera. Hurrengo urratsa, zakuak liburu-saltzaile ospe handiko bi haietakoren bati entregatzea.

        Tarteka ordea txurrukatarren paperen tratuak zenbat eman zezakeen etortzen zitzaidan burura. Ezin jakin.

        Denbora aurrera, Bidebarrietakoa ez zela inoiz epaituko konbentzitu nintzen. Epai-prozedurak 2001ean hasi zirela esango nuke. Sei ziren auzipetuak. Esandako liburu-saltzaileez eta Abio auto-inkulpatuaz gain, Basas haren semea, Bidebarrietako zuzendari ordea eta hango langile bat. Akusazioak sei urte eta hamazortzi hilabete arteko zigorrak eskatu zituen.

        Ordurako Miren eta bion artekoa ez zihoan ondo. Oraingo talaiatik begiratuta nago Bidebarrieta kasuaren berriren bat agertzen zeneko hark Megan ekartzen zidala gogora, eta gero denbora behar izaten nuela haren arrastoa urtu zedin. Ez arian ez arian gure bikote harremana zorua galtzen ari zen. Eskerrak seme-alabei. Eta lantegiari.

        Lau ginen lantegian ordurako; beste bi eta beti bekadun bat, hots, ikasketa aldian ziharduen norbait. Kasuaren azken berria, halakoxe bati esker, Alexa izeneko gazteari esker hain zuzen. Auzitegiko batekin enroilatuta zebilen eta halaxe ekartzen zizkigun hango txutxu-mutxuak eta beste.

        —Bihar Bidebarrieta Kasuaren sententzia.

        Gutxigatik ez nuen konortea galdu. 2024ko apirilean geunden eta, ene bada, bazen hura behingoz ahazteko garaia.

        —Hantxe izango naiz —esan zuen Alexak.

        —Zurekin joango naiz, ardura ez badizu.

 

 

Auzitegira agertu ginen. Argazkilariak eta kazetariak. Eta halako batean, autoak, auzipetuekin. Aurre-aurrean aparkatu zuten, tartetxo batez, harik eta barrukoak jaitsi arte. Orduan ikusleen artetik Megan agertu zen.

        Ez nuen berehala ezagutu. Sonbreiru dotore harekin nor beste izan zitekeen ordea. Burua jaso zuen, argoi, eta betaurreko beltzen bunkerretik publikoari begiratu zigun. Denboraren arrastoa nabarmena zen arren, aspaldiko edertasunak irauten zion, iragazia baina.

        Bera bai, ni ez nintzen sartu.

        Biharamunean egunkariek epaia zekarten. Denak errugabeak. Motibo nagusia, zera, testigu garrantzitsuena, Abio hura, kartzelaturik zela Baiona aldean, Ferrari auto zenbaiten salmenta iruzurtiren batengatik espetxeratua eta ez zuela merezi izan ekartzea aitortzera, kasuko psikologoaren ustez “mitomaniatikoa eta ipuin asmatzaile hutsa zelako”.

        Nik ermitarena, edo haren agendan idatzirik zeudenak kontatuko banitu bezalaxe. Esterako, Mundakako San Pedroren erlikiarena edo Altamirako santu-irudiena.

        Neu ere ipuin-asmatzailea.

        Hori bai, asmatzailea-asmatzailea, errealitatea bera.

        Epaia emanik eta aste batzuk igarota zabaldu zen berria sekulakoa begitandu zitzaidan. Mutiko batek Mutrikuko udal plazan diaboloarekin jolasten ari zela Txurrukari hatz ospetsua apurtu ziola alegia.

        Ikustera joan nintzen. Neu bakarrik. Mirenek nire zoroaldiez paso egiten zuen, esatekoak ez diren beste kontu batzuez hein berean.

 

 

Megan eta biok elkarrekin lehenengoz eseri ginen terrazan eseri nintzen. Haren omenez bermuta eskatu nuen.

        Denboratxoa eman nuen estatuari begira, Meganen hitzak gogoan, zera, hatzak okerreko lekua seinalatzen zuela, Gibraltar Atlantikoan zela eta.

        Bigarren bermutarekin hatzarena Damian Txurrukaren beraren mendekua ez ote zen bururatu zitzaidan. Eskuak, hatz luzatua gabe, ukabila erakusten zuela eman zidan.

        Estatuaren amorrua.

        Tamalez zenbait urte igarota estatuari kirurgia egin zioten.

        Halaxe, estatuak han segitzen du, hatza zuzena ez den itsasoari luzatuta.

        Tarteka burura zera etortzen zait, Megan hatz hark seinalatzen zuen lekuren batean galdua ote zen.

        Halakoetan Alkolean segitzen dudala sentitzen dut.