Lisboako lausoa
Lisboako lausoa
Lutxo Egia

SEGURA
aurkibidea

Aurkibidea

azala

Aurkibidea

azala

   

 

 

Lisboara joan nintzen desagertzeko asmotan, baina, ustekabean, hark itzularazi nau aire bukatugabe batez, zertarako eta ezkutukoak agerrarazteko.

 

* * *

 

Atzo Lisboan nintzen, argiaren azken pausalekuan, eta orain, aldiz, solasarena omen den Segurako Elorripe tabernan, argitatik tokitan, zokondo bateko ilunantz iraunkorrean. Egunsenti hotza da, baina hemen giroa aski beroa da dagoeneko. Tabernariaz gain, herritar bi daude elkarrengandik zuhurki urrundurik. Heldu egiten zait bataren xaboi ekologikoaren izpiliku-usain atsegina —ala hiazintoa ote da?— eta bestearen izerdi-mina, sudur-zuloak harresitu nahi dizkidan ekarpen propioa, “hemen naukazu” esango balu bezala. Bigarren honi azaldu nahi izan diot hona ailegatzeko mendebaldeko bidea hartu behar dela ezinbestean. Baina, itxura batez, ez dago nire koordenada harrigarriekin arduraturik. Bere geografian —esku txiker hezurtsuetako atzamarretan— du jarrita arreta. Narda eragiteraino ditu horituak hatz-mamiak, nahiz eta neuri nardarik ez eragin. Tatuaje txiki koloregabetu bana du eri-koskorren azpian. Ezker-eskukoetan l, u, c, k eta y hizkiak ditu hurrenez hurren, lodian hasita; eskuinekoetan, sinbolo bana. Venusena bakarrik ezagutu dut hatz nagian.

        —Nola duzu izena? —galdetu dit supituki.

        Oso bat-bateko eskaera izan da, itsumustuan, goxorik gabe, baina, hala ere, nolabaiteko plazera sentitu dut, ezin azalduzko kabituezin bat. Eta, auskalo zergatik, agian neure burua aurkezteak nagia edo lotsa eman didalako, arrapostu diot Segundo deitzen naizela. Eta ahoskatu bezain azkar, izenak burrunba egin du nire buruan eraikinak behera botatzeko altzairuzko bola erraldoi bat balitz bezala.

        —Xegundo! —zalantza egin du hezur eta azal den jaun tatuatuak—. Bitxia da Xegundo deitzea.

        Adinagatik dioela argitu dit Tatuatuak —honela esatea erabaki dut—, hogeita hamabost urte jotzen didala, berrogei gehienez ere. Ezohiko izena dela ni bezalako pertsona batentzat. Orduan, lipar batez, ohiz kanpokoaren aldeko aldarri irmoa egiteko tentaturik egon naiz. Aldiz, aitona Segundo ekarri diot gogora, bai eta aita ere, Segundo hura ere, biak ala biak asmatuak, jakina, segida natural sinesgarriak ezarrita.

        —Segundo Galartza —azpimarratu dut, ez dakit neure baitan ala boz gora Tatuatuak entzuteko moduan, dar-dar egin gabe, “neu naiz Espartako!” zinematografiko haren antzo. Eta, beharbada, matxinaturiko esklaboen tonu elkartasunezkoa ere erabili dut baieztapenean, Segundo Galartzak ez baitu gutxiago merezi.

 

* * *

 

Makina martxan jartzen denean, ez dago gelditzerik. Honezkero beste herritar batzuk ere badaude sinetsita Segundo Galartza naizela. Haietako lehena, Elorripeko tabernaria bat izan da. Azalpen eske zebilela iruditu zait. Soinu sudurkari bat emititu du, txikitako oroipenak ekarri dizkidan hipernasalitate itxuratu bat. Segundo naizela argitu diot eta, Tatuatuak ez bezala, ontzat eman du, eta Aste Santuko torrada bat jatera gonbidatu nau.

        Tabernatik irten orduko, goiz hotzeko zaplaztekoa nozitu dut. Urrunera antzeman daiteke Aizkorri mendilerrotik amiltzen hasi den eta luzegabe herrira helduko den behe-laino fina. Zurbano kalean behera egin dut. Kale honi Judio kalea ere esaten diote, baina ez dakit zergatik. Oso goiz den arren, zabalik topatu dut denda bat. Saltzaileak arrosa mosketaren ezaugarri hidratatzaileak ageri ditu musugorri olioztatuan. Solastera animatu nahi izan dut eta Segundo Galartza naizela aipatu diot. Ordainetan, baina, cul-de-sac izan asmo duen irriño bat itzuli dit. Ulertu egin dut. Eta ulertu dut, baita ere, izenak ez duela harengan argi gorririk piztu.

        Beherantz abiatu naiz judutarren karrika honetatik. Behinola hiri harresitik at gelditzen zen errebalean egin dut estropezu beste herritar batekin. Auzoaren sorrera azaltzen duen kartel bat irakurtzen harrapatu nau.

        —Goiko partean ere baduk errebala, baina ia desagerturik zagok.

        Neure burua aurkezteko baliatu dut etena, zer nolako eragina sortzen duen konprobatze hutsagatik. Baina ez dut harengan, dendariarekin gertatu den moduan, eragin berezirik sorrarazi. Agerian dago ez duela Segundo Galartzaren albisterik. Aldiz, hark eragin dit niri. Antton dela esan du eta, berehala, Patricia Highsmith-en Ripley jaunaren talentua eleberri erdiragarriarekin oroitu naiz, non Tom Ripley izeneko gazte argiak egoera zibilak usurpatzen dituen bere desirak asetzeko. Nire lez, pentsatu dut.

        Amaitu egin zait herria beheko errebalean. Bi aukera soilik ditut, hortaz: itzuli kalean gora edo jaitsi Oria ibai ertzeko pasealekura. Lehenaren alde egin dut, Aizkorritik etorritako lainoak dagoeneko bildu baititu pasealekua bera eta inguruko zelaiak. Kale nagusira sartu naiz artez. Han herriko historia ezagutzeko bi gune topatu ditut. Batetik bestera berrogei metro doi daude. Zein bere eran, biek ala biek kontatzen dute noiz sortu zen herri hau eta nola heldu garen heldu garen tokira. Bistan da transmisioa pisu dela hemen. Horregatik, menturaz, harrigarri egiten zait orain arte inor —Tatuatua salbu— asaldatu ez izana Segundo Galartza naizela aipatzean.

        Lehenik, Erdi Aroko interpretazio zentroa den Ardixarra etxera barneratu naiz. Don Garci ere esaten diote xvi. mendean eraikitako etxe ederrari. Herriko eraikin zahar guztiak bezala, zeharo berrizturik dago, baina ederki islatzen du garaiko arkitektura. Barruan, aldean nordic walking-eko bina makila daramatzaten kanpotar batzuek herriko fundazioaz galdetu diote emakume arduradun jatorrari. Nire txanda heldu denean, berriz, orduko logeletako tamaina txikiegiaz harritu natzaio eta, zer gerta ere, ez naiz haratago joan, barruko bozak iradoki dit hobe dudala Segundo Galartza izen-abizenak ez ahoratzea.

        Handik lasterrera, Erraztiolatza museora joan naiz. Txikia bada ere, hamaika gauza hartzen ditu: ehungailuak, zepoak, iltzeak —batzuk kasik metro betekoak—, sutegietarako erremintak, emakumezkoen buruko mota desberdinak, maketak, burdinazko girgiluak presoak estekatzeko ziegetako hormetan, 1740ko eskola liburu bat —Francisco Xabier Mendiolaza segurarrak idatzia, non besteak beste matematika-taulak, tenpoaren inguruko informazioa eta eguzkiaren portaera jasotzen diren—, fosilak edo 1416ko gutun bat ere bai, Matxin Zalba delako batek idatzia eta sinatua. Ni neu, girgilu beldurgarriek estonatu naute. Haien aldean, egungo eskuburdinek pultserak dirudite.

        Gizon kaskasoil batek egin dit harrera, zalantzati bezain arakatzaile. Dudak duda, solaskide onartu nau, ez baita luze joan bateko eta besteko azalpenak emateari ekin arte. Nabari zaio gustura ari dela. Poliki hasi naiz konprenitzen historia eta haren transmisioa pasio zaizkiola. Udal-artxiboetan, elizako agirietan, epaileen aktetan eta idatzi zibiletan etengabean murgilak eta arakatzeak egiten dituen pertsona horietako bat da. Denetik daki, herriaren fundazioan bertan haste eta gaur arte, bai eta lehenagotik ere, bertoko komunitatea Erraztiolatza omen zen garaitik ere. Segurako oroimena ahanzturatik urrun mantentzen duen frankotiradore aritua begitandu zait, begi zolikoa, kulturaren simulakroak eta, oro har, su artifizialak maite ez dituena. Puzzle handi bateko piezak bailiran osatu eta transmititzen du herri honetako memoria. Neure buruari galdetu diot zer gertatuko den tiratzaile honek alde batera egiten duenean. Halakoetan amnesia-krisiak sortzen dira. Baina ez nadin aurreratu. Ordubete luzez mintzatu gara eta, bukaeran, zalantza egin dut. Ba ote da pertsona hau baino egokiagorik Segundo Galartzari argi poxi bat ekartzeko? Zeren eta une honetan, azken beltzean, argiaren premia baitut —Lisboako haren moduko argia—, dagoeneko ondo endredatua bainaiz neuk sortutako fikzio-korapiloan, eta Erdi Aroko hiri-trazatu trapezoidal ulerterraz hau baino zeozer gardenagoa beharko dut labirintotik eskapo egiteko.

 

* * *

 

Lisboara joan zait gogoa, baina, tamalez, berehala eten behar izan ditut pentsamenduak, inor jarraika ari baitzait. Ardixarra parera heldu bezain laster hartu diot susmoa. Ezbai egin dut, hala ere. Aizkorritik etorritako behe-laino fina herri osoan da dagoeneko eta, ikuspena ona izanik ere, enbarazu txikia da ni legezko miopeontzat. Baina Erraztiolatzatik ateratzean, lainoa gorabehera, garbi ikusi dut. Tatuatua da. Eta, okerrik gabe, zelatan dabilkit. Hiru kale nagusi eta beheko errebala dituen herri txipi honetan aski normala da tupust egitea jendearekin behin eta berriz. Baina topo egite desordenatuak izaten dira normalki, halabeharrak erabakita, halabeharra gu asfixiatzen espazio faltagatik. Esate batera, kalean behera joaten zara eta kalean gora etortzen den herritar batekin topatzen zara, eta handik gutxira hura joaten da kalean behera eta zu kalean gora. Hori gertagarria da oso. Eta egun berean hainbat bider ere gerta daiteke. Baina hau besterik da. Kalean gora banoa, kalean gora ere Tatuatua; kalean behera banoa, kalean behera ere Tatuatua. Baina zer dela-eta dabilkit segika garbian?

        Zorionez, gauza izan naiz gogoa berriro Lisboara bideratzeko. Heldu berria nintzen. Ustekabean, parez pare azaldu zitzaidan kale bati izena ematen zion plaka: Rua Shegundo Galarza. Portugalgo musikari eta abeslari ospetsuak —fado kantariak, bereziki— omendu nahi zituen kale-eremu batean nenbilen: rua Adrianna da Vecchi, rua Ferrer Trindade… denak musikariak. Hori guztia, hala ere, geroago jakin nuen. Artean ez nekien ezer. Shegundo Galarza delako baten omenezko plaka nuen begien parean eta, automatikoki, euskarazko abizena zuen portugaldar baten aurrean nengoela pentsatu nuen. Azken batean, munduko herri gehienetan topa daitezke euskarazko abizenak dituzten pertsonak. Marc Aguirre, kasu, nbako jokalari afroamerikar ohia. Baina geroago jakinarazi zidaten Galartza adopzio-portugaldarra zela, alegia, egiazko euskalduna. Eta une hartantxe Segurara ekarri nauen uhin-mugimendua jarri zen martxan —Lisboako aire bukatugabea bataiatu dudan uhin-mugimendua, hein batean saudade ospetsutik aldentzeagatik.

        —A Rua do compositor basco Shegundo Galarza.

        —Euskal musikagilea?

        Hura zen Segundo Galartza: jatetxe bat ere —Monaco jatetxea— gobernatu zuen euskal piano-jotzailea eta konpositorea.

        —O restaurante bar-dancing Monaco, localizado na Estrada Marginal, em Caxias —Lisboa eta Cascais artean, azaldu zidatenaren arabera—. Foi inaugurado em 28 de Julho de 1956, fruto da ideia do empresario galego Manuel Outerelo e do maestro Shegundo Galarza, que copiaram o conceito de restaurante dançante muito em boga nos Estados Unidos. Era um espaço independente, sem vizinhos, tinha glamour e encontravam-se la pessoas da todas as idades. E a música era muito boa.

        Beraz, musikaria eta jatetxe bar-dancing bateko kudeatzailea nuen Galartza. Eta ez edozein jatetxe. Baina artean ez nekien hartaz deusik ere. Hura guztia eta askoz gehiago geroago jakin nuen, zeri eta Lisboako aire bukatugabeari esker. Rui Miranda lagun lisboarrarekin loturik nengoen Terreiro do Paço-n. Arras aldaturik aurkitu nuen arte-komisario eta adiskide-mina. Izan zitezkeen sudurreko arkutik trenkadarantz zabaltzen zen tonu arrosakara eta belarri puntetako ekzemak.

        —Aireportu ondoan hartu diat hotela, Shegundo Galarza izeneko kalean. Galarza abizen euskalduna duk, plaga hutsa gaituk.

        —Bazakiat nor izan zen Shegundo Galarza.

        —Ez duk izango!

        —Bai, eta amak nik baino hobeto.

        Ruik berehala argitu zidanez, jazza gustuko bazenuen eta Lisboakoa bazinen, ezinbestean jakin behar zenuen nor izan zen Shegundo Galarza.

        —Kasualitate bakarra afera honetan duk ama haren laguna izan zela.

        Bi ordu geroago, Rui Miranda, Bruna ama eta hirurok afaritan genbiltzan portu aldean. Bruna hitzontzi atsegina iruditu zitzaidan, menturaz alaitasun lusitaniarraren erakuslea. Gogoz egiten zuen berba, portugesez, Trás-os-Montes eskualdeko azentuaz, eta Ruik itzuli behar zidan konprenitzen ez nuen guztia. Hasi orduko, Brunak gogora ekarri zuen Galartzarekin Segurara eginiko bidaia bat. Hango mendiak nabarmendu zituen bereziki. Baina ez zuen izenik gogoratzen eta nik neuk, zoritxarrez, ezin niezaiokeen lagundu, nekez jar bainezakeen Segura mapan eta, ondorioz, are gutxiago inguruko mendiak. Ez zitzaidan bakar bat ere bururatzen. Eta, orduan, Bruna Segurara bueltatu zen ostera ere. Eta Segurako taberna batera, Koxkane tabernara. Hirurogeiko edo hirurogeita hamarreko hamarkadan han ateratako argazki bat erakutsi zidan. Barra aurrean ageri zen Segundorekin eta hainbat herritarrekin.

        —Shegundo tentava voltar para a sua aldeia todos os verões.

        Puntu hartara helduta, zeharo deskolokaturik nengoen. Zer egiten ote zuen gipuzkoar batek aireportu alboko kale bateko plakan? Zer dela-eta merezi zuen ohorea? Baina Bruna haren jatetxean murgildua zen ordurako.

        —No restaurante, Shegundo tocava piano e conduzia uma orquestra. Una vez estiveram o príncipe Rainier III do Mónaco, a atriz Grace Kelly e seus filhos Alberto e Carolina.

        Brunak azaldu zuenez, Juscelino Kubitschek Brasilgo presidentea ere joan zen behin Monacora. Eta Simeon II.a Bulgariakoa, herri horretako azken tsarra. Eta Unberto II.a Savoiakoa, Italiako azken erregea. Baina batez ere musikariak topa zitezkeen. Musikariak erruz joaten ziren: José Cid, Tozé Brito, João Braga, João Ferreira-Rosa, Mercês da Cunha Rego… Portugalgo musikari eta fado-kantari onenak Shegundo entzutera joaten ziren. Pianoa jotzeko zuen modu bereziak guztiak liluratzen zituen.

        Brunak gero eta abiada biziagoz hitz egiten zuen, arrapaladan, zerbait kontatu barik uzteko beldurra balu bezala, eta nik gero eta gutxiago ulertzen nion. Ulertua nuen, bederen, Shegundo Galarza jazz-konpositore eta piano-jotzailea zela, eta sona handiko jatetxe bar-dancing bateko gerentea izan zela eta Grace Kelly ezagutu zuela, eta menturaz Brigitte Bardot ere bai.

        Hura guztia ulertu omen nuen. Batek daki. Portugesez mintzo zaizkizunean, uste izaten duzu dena ulertzen duzula baina, egia aitortzera, ez duzu deusik ere ulertzen. Badu portugesak aire misteriotsu bat, aire bukatugabe bat, eta aire bukatugabe horrek ekarri nau Segurara. Eta Segundo Galartzak ere bai, jakina.

 

 

S(h)egundo Galarza

 

        Segundo Galarza Seguran jaio zen 1924ko irailaren 7an.

        Aita “Goierriko txistularia” zuen, Jazinto Galarza.

        Bilboko Kontserbatorioan burutu zituen piano eta harmonia ikasketak 1942an, hemezortzi urte zituela. Donostiara joan zen, non Club Náutico-n eta Tenis elkartean pianista jardun zuen, eta haren piano-saioak Radio San Sebastián-en bidez entzuten ziren. Estorilgo (Portugal) Kasinoaren zuzendariak saioak entzun eta kontratu bat eskaini zion.

        Segundok 1948an debutatu zuen Estorilen, 24 urte zituela. 1951n Luandara (Angola) abiatu zen, Cinema-Boîte Restauração inauguratzera eta bertan gelditu zen 1952ko apirila arte. Handik Maputora (Mozambike) aldatu zen eta Polana Hotelean aritu zen jotzen. 1952tik 1954ra Johannesburgon (Hegoafrika) bizi izan zen, eta Sprinbok Radio eta Du Barry Restaurant-en izan zituen kontratuak. 1954an Maputora itzuli zen 1955 arte.

        Urte hartan Lisboarako bidea hartu zuen atzera ere eta orkestra handi bat sortu zuen, 15 biolin, pianoa, organo elektronikoa, gitarra, bateria eta perkusioa zituena. Orkestrarekin hainbat disko grabatu zituen. Urtebete geroago, Monaco jatetxea zabaldu zuen Manuel Outerelo Costa enpresariarekin batera eta afari dantzagarrien kontzeptua eraman zuen Portugalera.

        Noiz bakarka noiz biolin-orkestrak lagundurik, 50 LP inguru grabatu zituen. Portugalen, Melodia, Decca, Fonomat, Voz do Dono, RCA Records, Alvorada, Roda, Orfeu, Belter eta Marfer gisako diskoetxeentzat grabatu zuen. Euskal Herrian, berriz, Herri Gogoa diskoetxearekin argitaratu zituen zenbait disko Akelarre Sorta bildumaren barruan.

        Orkestrazio-lanetan jardun zuen Eurovision eta OTI bezalako musika-lehiaketetarako. 1981ean, Eurovisioneko orkestra zuzendu zuen Carlos Paiãoren Playback kanta interpretatzen. Bestalde, makina bat artistarekin kolaboratu zuen: Amália Rodrigues, Cândida Branca Flor, Doutor Lello Minsk, Frei Hermano da Câmara, Herman José, Jorge Fontes, José Cid, Lara Li, Madalena Iglésias, Marco Paulo, Maria da Fé, Maria de Lurdes Resende, Max, Natália de Andrade, Paulo de Carvalho, Quim Barreiros, Tonicha, Tony de Matos edo Tozé Brito.

        Portugalgo Irrati Telebistak (RTP) astero saio bat egitera gonbidatu zuen. Biolin-orkestrarekin jotzen zuen. Saio arrakastatsua gertatu zen eta 100 saio baino gehiago egin zituen. Bestalde, musika-moldaketak egin zituen hamaika film luze eta dokumentaletan.

        1989ko apirilaren 12an, Mario Soares Errepublikako presidenteak Comendador da Ordem do Mérito ohorezko domina eman zion.

        2003ko urtarrilaren 4an hil zen.

 

* * *

 

Uxatuak ditut jada duda guztiak: zelatatzen ari zait Tatuatua. Elorripetik irten orduko ekin behar izan dio. Lardizabal kaletik —Arabarren kalea ere deitua— igo naiz. Kale erdira ailegatzean, udaletxe parean, buelta erdia egin eta harekin egin dut tupust. Ez diot ezertxo ere esan. Hark ere senperrenak egin ditu nire begirada saihesteko. Gora eraman du berea, udaletxea den Lardizabal jauregi barrokoan alkatea bilatuko balu bezala. Keinu inozoa baliatu dut Gernika kaletik joateko, baina kale horren amaierara heltzerako segika sumatu dut berriro. Ongi etorria adierazteko jolas txatxua baldin bada, ez du graziarik batere. Kale Nagusira sartu naiz, ezinbestean sartu ere —goiz berean daborduko hiru bider sartu naiz kale honetara—. Erraztiolatza museotik igarotzean bertako gizona agurtu dut berriro. Harritu xamar begiratu dit, ez ote nabilen galdurik Erdi Aroko plano hiper-logikoan. Haren aurrean lotu naiz eta zeharretik begiratu dut ezkerrerantz. Tatuatua hamar bat metrora dago. Eta atzera ere gorantz eraman du behakoa, beste aukerarik ez balu bezala. Ergel hutsa, zer da ba!

        —Orain arte ez diot plaka honi erreparatu —jakinarazi diot Erraztiolatzako gizonari babaloretzat har ez nazan.

        Boz gora irakurtzen hasi naiz, hasiera batean irakurtzeko egiazko asmorik gabe.

Goierriko lausoa Segurako kaleetan zehar jaisten denean, imajinatu ezinezko gauzak ikusten direla diote, gauza harrigarriak… Lausoaren azpian gertatutako istorio sinestezinak kontatzen dituzte.

Jose Migel Barandiaran

        Testuak barruak astindu dizkit. Ez ote den Goierriko lausoa Elorripe tabernatik irten naizenetik asaldatzen eta irensten nauen behe-laino hau. Eta egiazki Goierriko lausoa baldin bada, zer esan nahi ote duen, zer eragiten ari den eta zer ondorio ekarriko dituen. Berehala, Lisboako aire bukatugabea etorri zait akordura. Goierriko lausoa haren aldagai menditarra balitz bezala. Lisboako musika-aire bukatugabeak ekarri bainau hona. Beste behin ere galdetu dut neure baitarako zehatz-mehatz zertarako etorri naizen. Ez dago, ordea, arrazoi bat eta bakarra, ezpada aire misteriozko atlantikoa, bertako lainoaren aldagai itsastarra, aldagai itsastar unibertsala, hau da, Luandan, Maputon, Johannesburgon edo Londresen ere erraz identifika litekeen lainobera bat. Erraztiolatzako plakak garbi dio: gauza harrigarriak gertatzen dira Goierriko lausoa herrira abailtzen den bakoitzean, gauza sinestezinak. Ni neu Segundo Galartzaren musikaren uberan etorri naiz Segurara. Adibide garbiagorik? Kalean gora eta kalean behera eman dut goiza, Segundo agerrarazten eta, bide batez, ni desagertzen. Elorripetik irten naizenean, behe-laino fin batek ekin dio herria bahitzeari. Eta ordudanik gauza harrigarriak gertatzen hasi dira, plakak baieztatzen duen bezala. Ala ez al da aski harrigarria pairatzen ari naizen segimendua? Tatuatuak Goierriko lausoaren legea bete eta baieztatzen du. Lausoa, gainera, unean baino unean lodiagoa da. Londres estiloko lanbro bilakatzen ari da, zeharo ingelesa. Honezkero, kasik ez dut Tatuatua antzematen. Esango nuke gora begira jarraitzen duela disimulu irrigarrian, baina nekez bereiz dezaket lausoaren trinkotzeagatik.

 

 

Shegundo Galarza (“Soares-Cavaco Silva” bonus track)

 

        Mario Soares politikari sozialista Portugalgo Lehen Ministroa izan zen 1976tik 1978ra eta 1983tik 1985era. Bestalde, Presidentea izan zen 1986tik 1996ra.

        Anibal Cavaco Silva politikari kontserbadorea Portugalgo Lehen Ministroa izan zen 1985etik 1995era. Presidentea ere izan zen, 2006tik 2016ra.

        Beraz, 1986tik 1995era Portugalgo Errepublikak Soares presidente sozialista eta Cavaco Silva lehen ministro kontserbadorea izan zituen.

        —Seguiram-se nove anos de coabitação.

        Kohabitazio politikoa anomalia aski errepikatua izaten da erregimen erdi-presidentzialistetan.

        Soaresek ez zuen Cavaco Silva begi onez ikusten, eta Cavaco Silvak mespretxatu egiten zuen Soares.

        Martxan jarri behar zuten, hala ere, kohabitazioa. Lehen pausoa Soaresek eman zuen. Cavaco Silvari hots zion eta Monaco jatetxean bazkaldu zuten 1986ko otsailaren 26an. Ordurako, Shegundo ez zebilen han, baina Soaresek lekua aukeratu zuen gaztaroko oroipen onak zekarzkiolako.

        —Soares tinha memória de ir dançar ao Mónaco na juventude. Aí regressava quando queria sair de Lisboa ou fazer almoços politicamente discretos.

 

* * *

 

Lainoaren areagotzea baliatu dut iskin egiteko Tatuatua zelatari gogaikarriari. Egia esateko, Ardixarra Interpretazio zentroko emakumeak salbatu nau. Tupust egin dugu —lainoak ekarritako tupusta— eta herriko karkaba erakusteko eskaini du bere burua.

        —Lainoa ez da karkabara sartzen, ederki ikusiko dugu —segurtatu dit.

        Burdin hesia zabaldu du eta karkaba estura sartu gara. Metro eta erdi zabaleko korridore luzea da, Gernika kaletik Herriko plazara doana. Erdi Arotik hona karkabak funtzio desberdinak ezagutu ditu eta gaur egun ez du bakar bat ere, baina luxua da, zinezko luxua denez, Zurbano kaleko eta Kale Nagusiko etxeetako gibelaldean barrena pasiatzea. Laster Herriko plazatik irten, Ardixarrako lagunari eskerrak eman eta Tatuatuari ihes egiteko parada izango dut. Baina nora joan naiteke? Herri honetan ez dago desagertzerik. Goierriko lausoaren loditzea gorabehera, Behe Erdi Aroko plano sinple logiko batean mugitu beharrean gaude hemen. Desagerpena kimera da. Segundo Galartza izanik ere bada ezinezkoa. Inor izan nahi izatea desagertzeko modu arrunta da, baina posible ote da gaur egun erabat desagertzea? Posiblea izan ote da inoiz? Baietz esango nuke, baina gaur egun zail samar jarri da. Desagertzera abiatu nintzen Lisboara. Indonesiako irla bat edo Siberiako baso urrun bat ere aukera nezakeen, edo Maputo bera, baina Lisboa aukeratu nuen menderen mendetan sinistu dugulako Atlantikoko itsasertzak ezartzen zuela munduaren akabera, argiaren azken pausalekua. Edozein kasutan ere, besteen begiradei eta pentsamenduei ihes egin nahi nien, ezinezkoa baita norbere buruari ihes egitea. Edo posible ote da? Dagoeneko ez dakit zer pentsatu. Eta hartan nenbilela, halabeharrak Segundo Galartza ekarri zidan. Haren kasua kasu interesgarria da oso, desagertzen baita oroitzea eta transmititzea maite eta zaintzen dituen inguru batetik. Horixe baita herri hau, Segura, oroimena eta transmisioa. Gernika kalean dagoen Gernikako Arbola plazatxoan zaude eta kartel batean azaltzen dizute Bolaleku plaza ere izan zela xvi. mendean, jendaurreko ikuskizunetarako beren-beregi sortutako gunea; edo Oria ibaiaren ondoko ibiltokian zabiltza, eta beste kartel batean azaltzen dizute Armaola zubiaren alboan Lilikuko pikota zegoela, eta bertan iruzurgileak lotzen zituztela eta jendeak iseka egin ahal ziela; edo Zerain portalean zaude, eta adierazten dizute herriak izan dituen bost portaleetan hura dela hobekien kontserbatzen dena, eta guztietan zergak kobratzen zirela; eta abar. Zaila da oso, beraz, herri honetan desagertzea. Harritu egiten nau jendeak lasai aski onartzeak Segundo Galartza deitzen naizela. Kontrakoa ematen duen arren, gero eta lodiagoa den Goierriko lauso hau agertze-lausoa da, Lisboako aire bukatugabea bezala. Esan berri dut desagertzeko asmotan joan nintzela Lisboara. Mendebaldeko desagertze-historia luzea kontuan ikusita, koherenteena begitandu zitzaidan. Baina ez nuen rua Shegundo Galarza kontuan hartu eta, are gutxiago, Lisboako aire bukatugabea eta Brunaren alaitasun lusitaniarra. Desagertzera joan nintzen Lisboara eta hark, bere aire misteriozko bukatugabeaz, hona ekarri nau desagertzeak agerrarazteko mandatu portugesarekin. Baina orain nora joan? Minutu erdia dut Tatuatua hona heldu baino lehen.

 

* * *

 

—Fingidore hutsa haiz.

        Eta poemaren bertsoak etorri zaizkit gogora: o poeta é um fingidor.

        Hori gertatu aurretik, karkabatik irten eta Herriko plazara sartu gara Ardixarrako emakumea eta biok. Ustekabean, jendez lepo topatu dut, zeharo gainezka. Jende mordoa dago hamaika mahaitan jesarrita bazkaltzen hasteko prest. Seiehun lagun daude, gutxienez. Orduan, hutsik dagoen toki batera abiatu naiz. Horrenbeste lagun izaki, pentsatu dut Tatuatuari kostako zaiola ni aurkitzea. Aurrez aurre ingeles bi egokitu zaizkit. Irribarre egin didate swinger-klub batean besoa ukitu balidate bezala. Keinua onartu eta solasean hasi gara. Urtero hutsik egin gabe herrira oporretan etortzen diren jubilatuak dira. Pisurik gabeko hizketaldian murgildu gara, barre egitea eta ardoa edatea baita uneon axola duen bakarra. Ohartu naiz ez dudala neure burua aurkeztu nahi, ez Segundo gisa behinik behin. Zer inporta zaie Devonshire-ko jubilatu biri Segundo Galarza edo Peio Zabalegi naizen. Baina haratago doa, noski. Bat-batean ez dut beharrik sumatzen inguruko jendeari esateko Lisboako aire bukatugabeak ekarritako Segundo antzeko bat naizela. Baliteke Goierriko lausoaren etengabeko loditze honek erabat gogogabetu izana.

        Nor nintzen —alegia, nor ez naizen— ahazten ari nintzen une berean, zerbait xuxurlatu didate belarrietara. Xuxurla larria iruditu zait, hibernazio-harpe batetik atera balitz bezala. Eta argi eta garbi aditu dut.

        —Fingidore hutsa haiz.

        Pessoaren o poeta é um fingidor. Lisboa-Segura konexioa antzeman dut neure baitan. Baina dena ei dago neure buruan. Xuxurla larrian, ahotsak ez du “fingidore” esan. Bozak “iruzurtia” zehaztu du. Goierriko lausoak ekarritako doinua aitortu dio baina Lisboako aire bukatugabea balitz bezala egin du burrunba nire buruan. Ez dut zertan itzuli erdirik egin jakiteko nor den. Hala ere, poxi bat biratu dut lepoa. Tatuatua da.

        —Agerian zagok hire fingimendua! Lilikuko pikota merezi duk!       

        Zelatariak ez du, itxura batean, bazkaltiarrek gure artekoa jakiterik nahi. Agerian dago, bada, nire iruzurra. Baina zein iruzur?

        —Hi ez haiz Segundo Galartza.

        Tarte batez, isilik geratu naiz eta berehala zerbait komentatu diet ingelesei alde honetako ardiei buruz. Dirudienez, ardiak dira ingelesen eta segurarren arteko lotura. Gazta eta artilea, horrela egin baitu aurrera gizajendeak Neolitikotik. Gibeleko xuxurlaria, bien bitartean, nire erantzunaren zain dago. Arrapostu eman niezaioke Segundoren aldeko aldarri espartakotar batez, azal niezaioke Lisboara joan nintzela desagertzera eta, bertako aire bukatugabearen eta Brunaren alaitasun lusitaniarraren bultzadaz, hona etorri naizela Shegundo Galarza agerraraztera. Bestela esanda, etorri naizela trantsizio historiko bat finitzera Shegundotik Segundora eta Segundotik Xegundora Goierriko lausoak bere mantua zabaltzen duen bitartean. Baina alferrik arituko nintzateke. Gainera, irudipena dut ustekabeko herri-bazkari hau izorra nezakeela. Beraz, tarte batez isilari eutsi ondoren, ardiei lotu natzaie ostera ere. Boz xuxurlaria, baina, tematu egin da:

        —Neu nauk Segundo Galartza!

 

* * *

 

Gauak bildu eta berdindu egin ditu karrikak. Badira ordu batzuk festa lehertu denetik, eta hala Zurbano nola Lardizabal kaleak mukuru daude ehunka gizon-emakume jostalarirekin. Harrigarria da, zinez, goizeko lasaitasunaren aldean —basamortua kasik—, oraingo joan-etorri kontrolatugabea. Zurtu egiten nau, baina ondo pentsaturik ez da horren zurgarria, ohartarazia izan bainaiz Goierriko lausoak gauza harrigarriak eta, are, sinestezinak ekartzen dituela.

        Dagoeneko ahazturik Tatuatuarekin, neu ere murgildu naiz kale arteko giro zoroan, Rio de Janeiroko inauterietan edo New Orleanseko Mardi Gras-en banengo bezala. Irakinaldian barrena desagertu. Bihar inork herritar hauei guztiei nitaz galdetuko balie, ez lirateke ni ikusi izanaz akordatuko. Baina oker nabil, beste behin. Brastakoan, emakume bat destatu eta zakarki mintzatu zait. Lehen kolpean, Iparra-Hegoa deituriko festa honen eragin logikotzat hartu dut, baina berehala jabetu naiz herritar talde baten bozeramailea dela. Lider natural batek bakarrik duen aginte-tonuaz mintzo da.

        —Andoni Eliasekin ikusi zaitugu hizketan.

        —Norekin? Tatuatuarekin?

        —Andoni Eliasekin.

        —Hark, ordea, dio Segundo deitzen dela, Segundo Galartza.

        Herritarrak irriz lehertu dira ezin hobeto sinkronizaturik, barrea eginkizun eta eskubide kolektiboa balitz bezala. Elorripe tabernaren kanpoaldean gara —non dena hasi den gaur goizean eta non, dirudienez, dena amaitu behar den—, hona mugiarazi nau jende-uholde zoroak. Eta kalezulo honetan barrea durundatu egiten da era tragikomiko batez. Zorionez, ez du luze iraun. Bozeramailea —alkatea izango ote da?— ostera ere aitzineratu da.

        —Bai, bai, eta hura bezala, musikaria da. Eta Lisboatik etorri da, hura bezala.

        Herritarrak dagoeneko tragedia greziar bateko korua dira.

        —Andoni Elias gizajo hutsa da eta, gainera, kamaleoiaren sindromea du. Mimesian bizi da. Eta gaur goizean zurekin mimetizatu da. Honezkero besteren baten baitan sartuko zen. Eta azken gauza bat: iruzurti eskasa zara.

        Ustezko alkatearen hitzak hain izan dira durunditsuak, ezen une batez Lilikuko pikotan ikusi dudan neure burua. Nola azaldu, ordea, ez naizela iruzurtia? Izatekotan, fingidorea naiz. Fingidorea, aire bukatugabe batez. Nirea ez da iruzurra, fingimendua baizik, aldentzea alegia, poetak soilik ekar dezakeen aldentze ezinbestekoa.

        Badoa eguna poliki. Segura lauso honetako koru tragiko alaiak epaia eman du dagoeneko. Ez dago zigorrik. Airean eraman nau kalean gora, eta geroago kalean behera. Poz goierritarrak —alaitasun lusitaniarraren bertsio frankiziatua— dena biltzen du. Kantetan goaz bizitza den mozkorraldi sisifotar honetan. Atzera ere egin dugu kalean gora eta bar-dancing bilakatua den Elorripean desagertu gara.