Aurkibidea
Aurkibidea
1936ko uztailaren 17a da eta Errepublika defendatzeko gudara noa. Askatasunez bizi nahi dut, ideia libreak ditut, nire herria maite dut, nire familia maite dut. Etorkizuna ideia eta ekintza faxistengandik babestu nahi dut. Hamazazpi urte ditut, ausarta naiz eta, beste hainbat lagunek bezala, etxetik ihes egin dut gudara joateko.
Nire taldeko gehienak Andaluziakoak gara, Jaenekoak, lur sailetan lan egiten duten familien semeak. Langileen seme gazteak gara, aita eta ama bezala langileak. Hiru sosen truke olibak jasotzen ditugu. Gauza gutxiren jabe gara. Hobe esanda, gu gara jabea dutenak. Jauntxoak dira gure jabe. Beraien morroiak gara, beraientzat lan egiten dugu eta eurek saltzen dizkigute jakiak. Soldata kortijoko dendan gastatuz gero, ez zaigu ezer geratzen. Espainian esklaborik ez dagoela diote.
Jauntxoek jaiotzean beso azpian ogia ekartzen dutela dio aitak. Gure familian, ordea, esku hutsik jaiotzen garela esaten du. Aberats edo pobre jaiotzearen ezberdintasunak. Pobreen biziraupena.
Familia apal baten alaba gazteena nintzen. Gurasoak Polonia baserriko maizterrak ziren. Ez dakit zergatik jarri zioten izen hura. Herrian beste herrialde batzuetako izenak dituzten baserri ugari daude, askok gaur egun zutik diraute (Portugal, Frantzia...) eta batzuek jatorrizko jabeen jaioterriak zirela esaten zuten, baina ez dut uste Poloniatik hona inor etorriko zenik...
Etxean aita, ama, amona eta sei anai-arreba bizi ginen. Txominek, anaia nagusienak, hemeretzi urte zituen. Erdikoak neskak ginen. Gurutze eta Katta, bikiak ziren, hamasei urte zituzten eta nik hamabost. Erramun zen gazteena. Hamalau urte zituen. Txomin eta bikien artean beste bi anaia izan genituen, Felix eta Martzial, baina jada ez zeuden gure artean. Felix behar baino lehenago jaio eta egun gutxira hil zen. Ez zuten ezta bataiatu ere, eta, hori zela eta, kanposantu kanpoko hobi komun batean lurperatu zuten, Martzial bezala. Martzialena ordea beste kontu bat izan zen.
1936ko irailean, tropa faxistek herria hartu eta hilabete gutxira, Martzial nire anaia eta bere lagunik onena, plaza erdian fusilatu zituzten. Hamazazpi urteko bi gazte koxkor besterik ez ziren. Koronel baten etxean sartu eta irrati bat lapurtzea leporatu zieten. Neurrigabeko zigor horrekin herri osoari eskarmentua eman zioten. Nork agintzen zuen eta zer egiteko kapaz ziren argi utzi nahi zuten. Geroago irratia soldadu batek ostu zuela jakin genuen. Soldaduak fusilamenduena entzutean, beldurtu eta irratia itzuli omen zuen eta militarraren etxean neskame zegoen Mari Felik guztia ikusi eta kontatu zigun. Ulertzeko modukoa, beraz, hiru urte geroago, trabajadorien kontuagatik, hainbat ofizial, baserrian hartzera behartu gintuztenean, familia osoak sentitutako amorrua. Noski, inork ez zuen txintik ere esan, jasan genitzakeen errepresalien beldur. Mezan bezala, burua makurtu eta, esaten zutenari, amen!
Iluntasunean murgilduta nago, ez dut ezer ikusten, ez ditut zerua eta lurra ezberdintzen. Urrunean, heriotzak jotzen duen danborraren soinua entzuten dut soilik. Tiroak nire ondotik pasatzen dira, gaua da, kanpotik hotza dator. Taldekoekin batera, zulo batean sartuta gaude, hezurretaraino bustita. Infernua da, izotzezko erreinu honetan ezin dut gorputza mugitu. Dena okertu da. Gaizki sentitzen naiz.
Eztanda egin du bonbak eta, nahiz eta kanpotik zauritu ez, barrutik lehertu egin nau.
Bat-batean aurrez aurre borrokatzen hasten gara. Tiroka, kolpeka... eskura daukadanarekin egiten dut eraso. Eraso edo defentsa, zer da hau? Ziur nago inork ez dakiela nork kolpatzen duen nor. Nik ez dakit. Ez dakit laguna edo etsaia daukadan aurrean. Galduta nago zorabio amaigabe honetan. Non nago, bando batean edo bestean? Momentu honetan, gerran sartua nago, barruraino. Gaizki erabaki ote dudan pentsatzen dut orain. Ez ote da ideia hobeagoa beste leku batera ihes egitea? Hori da, kontua ihes egitea da. Hemendik bizirik ateratzea.
M1920 metrailadorea sutan dago. Hiru kideren artean maneiatzen dugu. Batek munizioari eusten dio, besteak norabidea kontrolatzen du eta azkenengoak kanoia aldatzen du, etengabe. Burdina gori-gori dago berriro, kanoia aldatzeko momentua da. Bitartean ni atezuan. Gu izerditan, haiek odoletan... Beste leherketa bat entzuten da. Buru barnean granadaren txistu gorra. Dena kamera motelean ikusten da. Inguruan hildakoak daude. Hildako asko, gehiegi, gureak eta beste aldekoak. Ezberdinak dira hildakoak? Hildakoak, hildakoak dira leku guztietan. Ez dago bandorik hildakoen artean.
—Salva! Salva!!!
Salvador izututa dago, ez da mugitzen. Lurrean botata dago, begiak irekita ditu, begirada izoztuta eta galduta. Granada bere ondoan lehertu da. Ni bost metrora nago, negar egiteko zorian. Kristal bat bezala apurtzeko zorian. Barnetik garrasi gor bat botatzen dut. Animalia naiz, etsita nago. Odola dario ezpainetatik. Bizitza ihesi dario. Dena gorritu da. Mendia gorria da. Zerua gorria da. Ibaia gorria da. Gorria.
Muniziorik gabe geratu gara.
—su etena!!! su etena!!!
Bandera zuria altxatzen dugu. Besoak gora. Dena amaitu da.
Zelaiaren beste aldetik erreketeak datoz. Bat-batean haietako bat, negarrez eta amorratuta, korrika dator gugana. Aurpegia desitxuratuta eta gorroto begirada du. Piztia da. Munstro bat. Herensugea. Ahotik listua dario. Oihuka dator, alfereza hil egin dugula esanez. Akabatu egin nahi gaitu. Kanoia eskuarekin ukitzen du, bero dago. Erreketea sutan dago, garrasika bere arma hartzen du... Nik begiak ixten ditut eta besoekin aurpegia estaltzen dut. Amaiera da. Beldur naiz. Ez dut nire bizitza horrela bukatu nahi. Txiza egiten dut aldean. Dardarka hasten naiz. Bizi nahi dut. Etxera bueltatu nahi dut. Nire ama ikusi nahi dut. Pistolak ez dauka balarik, hutsik dago. Jaio berri batek bezala hartzen dut arnasa. Nire gorputz barrenetik zerbaitek irten nahi du. Eztula, goragalea... Botaka hasten naiz, likido berde bat botatzen dut. Hustuta nago. Bizirik nago berriro.
Goizean ezkilak entzutean, berehala jakin genuen Frailenea baserriko txikia kukulutxak eraman zuela. Jotzeko moduaz gain, badago zerbait ezberdina haur bat hiltzean entzuten diren ezkiletan. Oihartzun sakonagoa dute, mingarriagoa. Familiaren urradura itsatsita eramango balu bezala. Garai hartan asko izan ziren kukulutxaren eraginez hildako haurrak. Ni ere pixka bat gazteago harrapatu banindu, agian, orain ez nintzateke hemen egongo. Baina zorionez neskato osasuntsua nintzen eta amonak altzifre olioz egindako ukendu batekin sendatu ninduen. Gorputz-bidetik behera hilkutxa txikiaren atzetik elizarako bidean gindoazela, iturritik pasatzean, amak aurpegia freskatzeko gelditu beharra izan zuen. Zeharo hunkituta zegoela nabari zen. Felix txikiarekin akordatuko zen, akaso? Edo agian Martzialen oroitzapena zen zorabioa eragiten ziona? Azken finean bi urte besterik ez ziren erail zutenetik. Edozein kasutan, galera gehiegi azken urteotan eta, tamalez, guztiek ez zuten merezitako agurrik izateko aukerarik izan. Azken aldian kanposantu aldetik etengabe heltzen ziren tiro hotsek hori gogorarazten ziguten.
Gerra hasi eta oso gutxira hartu zuten herria matxinatuek; beraz, fronteak hemen ez zuen askorik iraun. Baina horrek ez zuen esan nahi hondamendi honek zikintzen ez gintuenik. Martzial gaixoari gertatutakoa adibide bat besterik ez zen. Bestelako oinazeak ere pairatu genituen garai hartan. Herriko gizon gehienak frontean, ihes eginda edo hilda zeuden. Aita eta Txomin esaterako, frontera bidali zituzten eta gure anaia akabatu zutenen alde borrokatzera behartu. Bitartean, gure herria izan zen agintari nazionalek gatibuen exekuzioak burutzeko aukeratu zutenetako bat. Haurrak tiro hotsak entzun eta fusilatutako pertsona kopurua asmatzera jolasten ziren. Geroago hilerrian sarraski hura egiteak arreta gehiegi erakartzen zuela pentsatu omen zuten eta orain Kattin Txiki bezala ezagutzen den lekuan fusilatzen zituzten, begiradetatik askoz baztertuago.
Orokorrean garai latza izan zen. Ez zegoen ogia egiteko irinik, ez oliorik, ez kaferik, ez azukrerik. Baserrietan, ostera, ez zegoen horrenbesteko jan faltarik. Oiloak, untxiak eta ardiren bat genituen. Baratzea lantzen genuen eta, noski, orduan ez zegoen gaur egun supermerkatuetan aurkitu daitekeen aniztasuna baina patatak eta hemen beti izan ditugun oinarrizko barazkiak bai: zerbak, azenarioak, azak, arbiak, babarrunak, artoa... Baina soldaduek kentzen zigutena, eskaleei ematen geniena eta maiztergoa ordaintzeko saldu behar genuena kontuan izanda, guztiek bezala, gorriak pasa genituen.
Gerra aurretik bezala, lanez leporaino geunden. Eta orduan, gizonen faltan, are gehiago. Ama zorrotzegia iruditzen zitzaidan, baina orain ulertzen dut baserria aurrera ateratzeko egin behar izan zuena egin zuela. Abereak zaindu eta lurra lantzeaz gain, etxean denetarik egitea tokatzen zitzaidan. Orduan, etxeetan ez zegoen urik, ez baserrietan ezta herrian ere, eta iturrira joan behar izaten genuen ur bila. Makila baten punta bakoitzean pitxar bana jartzen genuen. Pitxarra bizkar gainean jarri eta iturritik baserrira gora eta behera ibiltzen ginen egun guztian. Arropa etxean xaboitu ondoren, iturrian ikuzten genuen eta pisu hori guztia bueltan ekarri behar genuen etxera. Lan gogorrak egitea tokatu zitzaigun, baina hori zen gure bizimodua eta ez ginen kexatzen. Hala ere, lanean plazera bilatzen genuen; azken finean, gaur egungo heldu asko baino helduagoak izan arren, nerabeak ginen eta jolasteko eta bihurrikeriak egiteko tartea aurkitu ohi genuen.
Militarren eskuetan gaude orain. Bizirik gauden presoak nonbaitera garamatzate. Guda bukatu da? Amaiera da? Hemen bertan fusilatuko gaituzte?
Bidaia luze bat egin dugu, basamortu handi bat zeharkatuz. Bizitzarik gabeko lautada lehorra. Aste batez ibili gara. Egunak luzeak dira eta gauak luzeagoak. Nekea eta gosea ditugu bidelagun.
Herri txiki batera iritsi gara. Ezin dut herriaren izena irakurri, izen arraro bat dauka... Ez dut hizkuntza ulertzen. Bertako jendea beste hizkuntza batean mintzatzen da. Taldeko batek Siberian gaudela esaten du. Mendiko herri galdu batean gaude. Dena berdez tindatuta dago, lainoz beteta... eta hezea da, oso hezea. Oinutsik, arropa eta bihotza apurtuta, herria zeharkatzen dugu. Mamuak gara, hezurretan gaude eta ikara aurpegia dugu. Herritarrak izutzen ditugu, deabrua gara. Gudaren trauma begiradan grabatuta dugu. Hiltzera daramatzaten animalien antza dugu. Herritarrek urrunetik begiratzen gaituzte, gortinen beste aldetik, isiltasunetik... Garondoan sumatzen ditut haien begiradak. Etsaien konplize diren begiradak dira hauek? Edo gure antzeko animalia zaurituak dira?
Soldaduak, etengabe fusilekin mehatxuka ditugu inguruan. Esparru batean gaude preso. Batzuk barrakoi antzeko batzuetan sartu dituzte. Egurrez egindako ohe batzuk daude, ez dago koltxoirik, ez mantarik... Mendira harkaitz handi batean tunel bat egitera eramaten gaituzte. Bertan ez dago ezer. Mendi magalean dauden zuloetan egiten dugu lo, bata bestearen kontra, hurbil-hurbil, estu-estu, beroa eta babesa eman nahian. Belarrarekin egiten ditugu oheak. Elur usaina sentitzen dut, negu gorria dator. Ez dugu negurako arropa aproposik. Oinetan, zakuak jartzen ditugu.
Gauean zizarez betetako zopa antzeko bat ematen digute. Dramatikoa da eta komikoa aldi berean. Negar egiteko gogoak ditut baina barre egiten dut, ez dakit zergatik. Lur jota nago eta gauean ez dut lorik egiten. Goizean goiz, lanari ekiten diogu. Egunero ustarekin kolpeka eta oihuka esnatzen gaituzte. Isiltasunean egiten dugu lan, hobe da zaratarik ez egitea, mamuek bezala. Lanerako tresnak pikotxa eta pala dira soilik. Egunero, lana hasi aurretik, “Cara al sol” abesten dugu.
Sarjentuak, janariaren bila joaten garenean, eskerrak eman eta begietara begiratu behar diogula dio. Marianok ez du behar den bezala egin. Sarjentua, makila hartu, eta buruan joka hasi zaio. Burua ireki dio. Ordutik Marianok motelago hitz egiten du eta ez du dena ondo ulertzen. Orain, guztiok, gogotsu abesten dugu “Cara al sol”.
Gure ardura nagusiena jateko zeozer lortzea eta kolpeetatik salbu egotea da. Beldurrak alertan gaitu etengabe. Gose gara beti. Gosea zeluletan grabatuta dugu. Gosearen soinu banda amaigabea buru barnean sartuta daukagu. Noiz arte egongo gara hemen? Bukatuko da noizbait ezarri gabeko kondena hau?
Goizetan, ingeniariak gure bila etortzen dira eta errepidea egitera eramaten gaituzte. Oinez goaz, batzuetan hamar kilometro joan eta hamar kilometro itzuli. Eguerdian berrogeita bost minutu ditugu bazkaltzeko, zopa jaten dugu eta arratsaldean berriro lanera. Komunik ez, oherik ez, dutxarik ez... Egunero joaten gara iturrira ur bila. Ni beti aurkezten naiz horretarako boluntario. Aurpegia eta ipurdia garbitzeko aprobetxatzen dut momentua. Amak horrela erakutsi zidan: Zauriak garbituz gero gaixotasunak saihesten dira. “Agua corriente, sana a la gente”.
Trabajadoriak, hala deitzen genien gerra amaitzean “Batallón de trabajadores” zirelakoetan bortxazko lanak egitera behartua zeuden presoei. Gerora jakin nuen Francok Pirinioak gotortzeko plan militar bat garatu zuela, Frantziatik etor zitezkeen erasoei aurre egiteko asmoz. Hori guztia plan horren parte zen. Garai hartan, ordea, errepideak eraikitzen zeudela besterik ez genekien. Polonia baserria errepide horietako batetik gertu zegoen eta trabajadoriak zaindu eta euren lana gidatzen eta kontrolatzen zuten agintari militarretako batzuk gure etxera etorri ziren bizitzera.
Oso arraroa eta bortitza egiten zitzaigun jende arrotz hura gure etxean hartu beharra. Polonian bost logela zeuden eta hiru okupatu zituzten. Alfereza mutilen logelan ezarri zen eta gurasoen logelan bi anaiek partekatzen zuten ohea sartu genuen. Nire logelan bi sarjentu sartu ziren, eta niri amonarekin lo egitea tokatu zitzaidan. Bikiak ere gure logelan sartu zituzten eta beste ohe batentzako lekurik ez zegoenez, ahal izan genuen moduan, lurrean koltxoi bat jarri genuen beraientzat. Baserria partekatu genuen denbora tartean, bikiena izandako logelatik soldadu ugari pasa ziren. Trabajadorien zaintzan txandakatzen ziren. Horretaz gain, gauez, ukuilua ere erabiltzen zuten errepideak egiteko baliatzen zituzten mandoak gordetzeko.
Deserosotasunaz harago, oso zaila izan zen gure anaia akabatu zuten aldekoekin elkarbizitzea. Barrutik kiskaltzen gintuen amorrua kanpora atera ezinak min ikaragarria ematen zigun. Horrelako bidegabekeria aurpegi onez onartu behar izatea, zabalik duzun zaurian gatza botatzea bezala da.
Eskerrak alfereza gizon apala eta atsegina zen eta infernu bat izan zitekeen egoera, moduren batean, jasangarri bihurtu zuen. Erregimen berriaren legeen barruan egon arren, berak bazekien gure etxean indarrez sartu zirela eta hasieratik nabaria zen euren presentzia guretzat ahalik eta onargarrien egiten saiatu zela. Tamalez, herrian okupatu zituzten beste hainbat etxetan ez zen horrela izan eta militar batzuen nagusikeriak ofiziozko bidegabekeria bat guztiz jasanezin bihurtu zuen. Nola azaldu? Batzuk benetan maltzurrak ziren, zitalak, euren estatusa min egiteko baliatzen zuten. Gurean haien presentzia batere gustukoa ez izan arren, harremana, nolabait, eramangarria zen.
Goizetan zapore nazkagarria duen esnea hartu ondoren goaz lanera. Militarrak guretzat bideratutako janariarekin estraperloan aritzen dira. Alkohola eta emakumeen mesedea ordaintzeko egiten dute. Euria botatzen ari du. Kristoren euri zaparrada. Zulo barruan lanean ematen dugu egun guztia, blai eginda. Nekatuta gaude. Burua altxatuz gero zakuarekin mehatxatzen gaituzte. Harriz betetako berrogeita hamar kiloko zakua. Jose kexaka dabil. Zurrumurru bat sortzen da. Honen emaitza txarra baino txarragoa izango dela sentitzen dut gorputzeko zelula guztietan. Oilo-pikorta daukat. Seigarren zentzu bat garatu dut, arriskuaz abisatzen nauena. Alarma bat bezala pizten da nire barnean.
Dena okertu da, lurrera bota dute eta bi soldaduen artean zakua lotzen diote gorputzean. Astebetez eramango du, gau eta egunez. Taldean geroz eta sakonagoa da isiltasuna. Penagarria da Jose lanean ikustea. Ahaleginak egiten ditu eta, hamar pauso eman ondoren, lurrera erortzen da, behin eta berriz. Sarjentua bihotz onekoa da eta makilarekin doa Jose altxatzen laguntzera. Jose botata geratzen da.
Sarjentua nire amesgaiztoetan agertzen da. Iluntasuna da, zulo beltza da, argia irensten du... Ni, beldurraren beldurrez, harri bihurtzen naiz. Berak, murtxikatu eta irentsi egiten nau. Bat-batean, ni bera bihurtzen naiz. Ezin dut ihes egin. Ezin dut nigandik ihes egin. Izerditan eta oihuka esnatzen naiz.
Igandean, binakako formazioan, herrira jaitsi gara. Soldaduak, inguruan ditugu beti. Lehenengo mezara eta gero plazara goaz. Eskarmentua jaso dugu udaletxeko aterpean astean egindakoagatik. Sarjentuak biluzarazi, makila hartu eta herriaren aurrean jipoitu egin gaitu. Kanpamendura bueltatzean, bide ertzeko baratzeetatik patatak lapurtu eta gordinik jaten ditugu. Behientzat landatutako arbiak ere gogotsu jaten ditugu. Bertokoek janaria uzten digute bide ertzean. Askotan oiloentzat botatako patata azalak jaten ditugu. Batek egur artetik ateratako arratoi bat harrapatu, hozka egin eta lapikora bota du. Edozer jaten dugu: katuak, muskerrak... harrapatzen dugun guztia. Apaizak arropa eman digu eta herriko neskatxek bokataren bat edo beste zeozer ematen digute ezkutuan. Ahal dutena ematen digute, esne katilu bat edo haragi puska bat. Mamuak gara, baina gazteak garenez, zerbait jatean berpiztu egiten gara.
Militarrek haragia jan dute gaur eta gure ondoan hezur handi bat bota dute. Casimirok hezurra hartu du lurretik, zurrupatzeko. Bat-batean hortik pasa den txakur basati batek gainera salto egin dio eta borrokan hasi dira. Txakurrak irabazi du; gure kideak, ordea, besoa galdu du, hondatuta dauka. Casimiro ahulduta dago eta gaixotu egin da. Besoa betirako oker geratu zaio.
Lehenengo egunetan, soldaduak gurekin etortzen ziren iturrira. Baina orain ihes eginez gero, ez garela urrunegi joango ohartu dira eta bide ertzean eserita geratzen dira gure zain. Iturria barrakoietatik berrehun metrotara dago. Nire eguneroko momenturik goxoena hau da, iturrira joan, ura edan, garbitu. Batzuetan kide batekin joaten naiz eta beste batzuetan bakarrik. Iturrira bidaia asko egiten ditut egunean zehar, lehertuta bukatzen dut egunaren amaieran, baina ura eramatea pikotxa eta pala baino hobeagoa da. Gaur, une batez, belarrean eseri naiz eta tximeletak agertu dira. Iturriaren inguruan, uraren inguruan eta loreen artean bihurrikeriak egiten eta jolasten. Ederra iruditu zait beraien lasterketak eta dantzak ikustea. Inguru guztia itxaropenez tindatu dute.
Izugarri markatu ninduen trabajadore talde bat ikusi nuen lehen aldiak. Gudan zehar entzun eta bizi genuena izugarria izan zen, baina hau ezberdina zen. Pertsona horiei euren gizatasuna erantzi zieten. Barrenean nonbait gizaki izaten jarraitzen bazuten ere, kanpotik animalia zauritu eta beldurtuak besterik ez zuten ematen. Argal baino argalago, gorputzeko hezur guztiak agerian eta hutsik dagoenaren begirada galduarekin. Geroago, haiekin harreman handiagoa izan nuenean, gizakiak egoera penagarrietara egokitzeko daukan ahalmenaz jabetzeko aukera izan nuen. “Guk umore ona hala ere...” kantatzen zuen bertan preso egondako Basarri bertsolariak. Baina ikusi nituen lehen aldian ez zegoen umore onerako lekurik. Heldu berriak ziren. Guda amaitu baino pixka bat lehenagotik preso zeukaten Andaluziako talde bat zen. Gaixo, umiliatuta eta gosez amorraturik zeuden. Soldaduen fusilen mehatxupean, burumakur zebiltzan, binakako formazioan, etxe aurretik pasa zituztenean. Asko oinutsik zihoazen eta beti oroituko dut batek zapata bakarra zeramala.
Hurrengo goizean Erramunekin batera iturrira ur bila joateko aitzakiarekin bide luzea hartu genuen, kuxkuxeatzeko asmoz. Baina soldaduek lan eremua babestuta zuten eta, nahiko modu txarrean, etorri ginen bidetik bueltatzera behartu gintuzten. Pare bat egun geroago arte, ez genuen berriro trabajadoriekin kontakturik izan. Gurutze, Katta eta hirurak iturrian arropa ikuzten geundela, lau preso agertu ziren bi soldadu eta beraien fusilek zainduta. Ustekabean harrapatu gintuen eta barreak tupustean moztu ziren. Horrek gizonak lotsatu egin zituen eta bai soldaduek bai trabajadoriek begirada saihesten ziguten. Hala ere auskalo noiz izan zuten gizajo horiek iturri bat eskura azkenekoz, eta euren premia horren handia zen, haietako batek era bortitz batean iturri ondoko askara jauzi egin zuela. Horrek, Katta ikaratu, eskuartean zeukan maindirea bota eta Gurutzeren besoetara salto egitea eragin zuen. Orduan giroa, segundo pare batez, izoztu egin zen, barrezka hasi nintzen arte. Segituan guztiak barrezka hasi ginen, soldaduak izan ezik. Haietako batek presoa lepotik hartu, atzera eraman eta fusilaren kulatarekin kolpe bat eman zion sabelean. Orduan berriro ere izoztu zen giroa eta barreak moztu. Ahalik eta azkarren uretan genituen arropak bildu eta etxera bueltatu ginen.
Orduz geroztik, sarritan topatu genituen trabajadoriak iturrian. Errealitate krudel hori nolabait normalizatu genuen. Azken urteotan bizitako guztiak bidegabekerien aurrean ahotsa altxatzeko adorea sustraietatik moztu zuen. Eta gaixo hauek pairatzen zutena onartzeak horren erantzule ere egiten gintuela pentsatzen dut batzuetan. Hala ere, momentuan, ahal genuena egin genuen. Eta, gutxi bazen ere, jende askok esklaboei laguntza eskaini zien, euren arropa garbitu edo jateko zerbait eskainiz.
Sekulako premia larria bizi zuten pertsona horiek guztiak horren gertu izateak urduri jartzen zituen etxeko nagusienak. Egia esan, Txomin ez zen berdina gerratik bueltatu zenetik. Non galdu ote genuen mutiko sentikor eta irribarretsu hura? Ez berak, ezta aitak ere ez zuten sekula frontean bizitakoaz hitz egin. Baina argi dago biak markatu zituela eta gerran ikusi edota egindakoagatik euren arimaren zati bat betiko gatibu geratu zela bertan. Geroz eta itxiago zegoen nire anaia nagusia eta besteenganako mesfidantza eta beldur handia zuen. Behin, Txominek, gure baratzearen inguruan zebilen trabajadore bat uxatzeko intentzioarekin, gatzez betetako kartutxo batekin egin zion tiro. Oso urrun zegoen eta urraturen bat besterik ez zion egingo, baina nahikoa egindakoaz jabetu eta negar batean lurrera erortzeko. Aitak eskopeta hartu, bere semea lurretik altxatzen lagundu eta lepotik helduta etxera eraman zuen. Afarian Gurutzek etxeko isiltasuna apurtu eta Txominek ondo egin zuela esan zuen. Gurea babestu behar genuela eta jende horrekiko pena handia sentitzen zuela baina ez zirela gure arazoa. Aita bere aulkitik altxatu zen orduan eta ezer esan gabe, Gurutzek hizketan jarraitzen zuela, zaplazteko bat eman zion. Astebetez aurpegia gorri uzteko modukoa. Aitak gutako bati eskua gainean jartzen zion lehen aldia izan zen, eta baita bakarra ere.
Taldeak indarra dauka eta denon artean eusten diogu goiari. Bakarka galduta egongo ginateke. Kideen artean elkar zaintzen dugu. Bakoitzak ahal duena egiten du. Batek indarra du, beste batek abilezia eta badaude ere bertsoak botatzeko gaitasuna eta umorea dutenak. Elkartasuna sentitzea, oso garrantzitsua da guretzat. “Cara al sol” abestiari letra aldatu diogu eta ahapeka abesten dugu, gauean, lo hartzeko elkartzen garenean. Barreak botatzen ditugu. Momentu hauek haize freskoa bezalakoak dira denontzat.
Euri asko egin du eta gure lo egiteko zuloak urez bete dira. Pneumonia, tuberkulosia, anemia, desnutrizioa, erreuma, tifusa... gaixotasuna esparrura iritsi da. Taldeko asko ospitalera eramaten dituzte eta ez dira berriro bueltatzen. Gaixotasunengatik errepideen lanak moteltzen hasi dira eta horregatik militarrek barrakoiak eraikitzea erabaki dute. Guk eraikiko ditugu. Barrakoi batzuk txikiak dira eta beste batzuk handiagoak. 120 metroko barrakoi bat eraiki dugu eta bertan 400 lagunek egiten dugu lo. Metro karratu bat bakoitzarentzat, gutxi gorabehera. Denbora gutxira logeletara sartzea jasanezina da, izerdi eta ustel urrina nazkagarria delako. Debekatuta dago gauez kalera ateratzea, soldadu batek atarian guardia egiten du gauero. Horregatik barrakoiaren barruan egiten dugu txiza. Txiza eta kaka. Janaria hartzen dugun ontzietan egiten ditugu gure beharrak. Barrakoiak zorriz, akainez eta arkakusoz gainezka daude, gu bezala. Hauek gaixotasunak kutsatzen dizkigute. Errekan garbitzeagatik herrian hazteria zabaldu da eta kanpamenduan itxi gaituzte, ezin gara herrira jaitsi. Esparruan gaudenon osasun egoerak okerrera egin du.
Taldeko bat tiroz hil egin dute ihes egiten saiatu delako. Baten bat ihes egiten harrapatzen badute, epaiketarik gabe, bertan fusilatzea da agindua. Baina gorpuaren bila joan garenean eskuetan papera zuela ikusi dugu. Kaka egitera zihoan.
Gaizki sentitzen naiz, sabela nahastuta daukat, iturrira noa ea tximeletak ikusten ditudan. Tximeletak topatzen ditudanean nire barnean zerbait eraldatzen da. Beraien alaitasunak onerako kutsatzen nau. Ederrak dira eta azal leuna daukate. Ez naiz haiekin mintzatzen. Ez dugu elkar ulertzen. Lelotuta begiratzen diet.
Udaberriko goiz argitsu batean ahizpekin iturrira heltzean, ustekabean, trabajadore gazte bat galtzontzillotan harrapatu genuen bere burua garbitzen zegoela. Urduritasunak eraginda, Katta eta Gurutze barrezka hasi ziren. Gazteak, izututa, bere gauzak hartu eta ziztu bizian egin zuen ospa. Bere aurpegian lotsa nabaria zen eta horrek sutan jarri ninduen. Bikiek, entzun beharrekoak entzun zituzten eta ni baino nagusiagoak izan arren, ez zuten txintik ere esan.
Ez zen trabajadore hori ikusten nuen lehen aldia. Erraza zen bere lelo aurpegia gogoratzea, gazteenetakoa izateaz gain, hezur pilo horien atzean, oso mutil lerdena zegoelako. Ile beltzarana eta begi urdinak zituen. Arimaren bazterrik sakonena arakatu zezakeen begirada.
Lapikoa betetzera nindoala, noizbait zuria izandako alkandora zarpail bat topatu nuen lurrean eta berehala ohartu nintzen mutikoak ahaztu zuela. Kiratsa zerion. Izerdiz, lokatzez eta arkakusoz betea zegoen. Ez nintzen eskuekin ukitzera ausartu eta makila baten laguntzaz lapikoan sartu nuen. Etxera heltzean lapikoa zuzenean sukaldean jarri eta tarte handi batez irakiten egon zen arte, ez nuen bertatik atera. Xaboitzen nengoela oihal zati horren bizitzan pentsatzen egon nintzen... Nola irits zitekeen alkandora zuri bat horren zikin egotera? Zer nolakoak jasan ote zituen bere jabeak? Bere jabea... Alkandora bezala orduan zikin eta urratuta zegoena noizbait sasoi ederrean egon zen. Animalia zaurituaren atzean gizaki bat zegoen.
Gaur ur bila joan naiz eta gorputza garbitzeko aprobetxatu dut. Tximeletek erdi biluzik harrapatu naute, katilu batekin izkina batean gorputza garbitzen. Beti bezala, “kaixo” esan eta barrezka hasi dira. “Kaixo”. Zer esan nahi ote du horrek? Ni ziztu bizian prakak jarri, hartutako ura jaso eta alde egin dut. Gauean ohartu naiz alkandora jartzea ahaztu dudala. Hurrengo goizean iturrira joatean ez dut alkandora utzi dudan tokian topatu. Baina gora begiratzean zuhaitz baten adarretik zintzilik dagoela ikusi dut, garbi eta lehortuta. Hasieran izutu naiz, espero ez nuelako, ulertzea kostatu zaidalako. Alkandora ondoan poltsa bat topatu dut xaboi zati txiki bat eta ogi puska batekin. Nire barneko egitura guztiak eraitsi dira. Malko eta mukiekin itotzen naiz eta nekez hartzen dut arnasa. Horrela ematen dut denbora luzea. Lurrean, negar zotinka, izerditan, amorratuta, suntsituta...
Ilunabarra da. Lasaitu naiz. Nire gauzak hartu eta banoa. Zarata bat entzuten dut eta sasi batzuen atzetik pertsona bat agertzen da. Oilo-pikorta!!! Alarma pizten zait eta ihes egitera noanean tximeleta dela ikusten dut... Izoztuta nago. Arriskuan sentitzen naiz, oso txiki... Beldurraren eta lotsaren arteko sentsazioa daukat barnean. Tximeleta nigana hurbildu eta...
—Miren dut izena.
Inoiz ikusi dudan irribarrerik goxoena eskaintzen dit eta badoa. Ni, tonto baten antzera isilik geratzen naiz.
Bizirik nago. Inoiz egon naizena baino biziago. Lurraren usaina, belarrarena, urarena... sentitzen ditut. Koloreak biziago ikusten ditut. Airea arina da. Freskoa. Pozik nago.
Astean hiruzpalau aldiz gutxienez elkartzen ginen iturrian. Orokorrean ez genuen intimitate gehiegirik eskoltarekin edo beste trabajadoriekin joaten zelako, baina kanpamenduan gauzak lasai zeudenean soldaduek malgutasun handiagoz jokatzen zuten eta sarritan iturrira bakarrik zetorren. Horrelakoetan ni, Erramunekin joaten nintzenean, aitzakia batekin erraz bidaltzen nuen etxera. Bikiek ordea zerbait susmatzen zuten eta, Kattarekin joanez gero, bera zen ni bakarrik uzteko aitzakia bilatzen zuena; Gurutze ordea, ez nuen gainetik kentzeko modurik. Ez genuen gehiegi hitz egiten ni espainolez gaizki mintzatzen nintzelako eta berak euskaraz ez zuelako tutik ere ulertzen.
—Pedro, mi nombre es Pe-dro.
Baina gutxi esanda asko esaten genuen. Begietara begiratzearekin nahikoa nuen egun txarra edo egun... penagarria pasa zuen jakiteko. Bere barrenetik ageri zen tristura eta atsekabeak zeharo hunkitzen ninduen, baina berak, nirekin zegoenean behintzat, ez zuen biktimaren papera antzezten; alderantziz, bere alderik duinena erakusten zuen. Berarekiko pena sentituko banu zapaltzaileek irabaziko balute bezala. Guztia kendu zioten, bai, baina kontraesana badirudi ere, gizaki sena gordetzen zuen bihotzean. Inork sekula itzali ezingo zuen dirdira moduko bat. Hori zen berarengandik benetan erakartzen ninduena.
Goiz batean aita ukuiluan zegoela, alfereza beregana joan eta Polonia uzteko bi egun genituela esan zion. Antza trabajadorien zaintza lanak egiten zituen soldaduen destakamendu batek okupatuko zuen baserria. Beraz, maiztergoa utzi eta ezer gabe, Sarara, osaba baten etxera aldatu ginen, ezinbestean. Aitak zioen bezala “Zerua goian eta lurra behean”. Baina egia esan, berria jaso nuenean, ni ez nengoen familiaren ekonomiarekin kezkatzeko moduan. Nire burua beste kontu batek betetzen zuen. Iparraldera aldatuz gero, ez nuen berriro Pedro ikusteko aukerarik izango. Bat-batean mundua amildu zitzaidan.
Arrastian, Pedro iturrian topatzean, pentsatu barik bere besoetara salto egin nuen eta negar zaporezko musua eman nion. Igandetako dantzaldietan mutilekin dantza eta jolasetan ibilia nintzen baina gizon bat musukatzen nuen lehen aldia izan zen. Nola azaldu momentu horretan sentitu nuena? Etxetik nekarren haserre eta ezinegona, nire ezpainak bereak ukitzean desagertu egin ziren. Orduan egiten ari nintzenaz jabetu eta sentimendu uholde batek ito ninduen: beldurra, lotsa, desioa, tristura, zoriontasuna, maitasuna, ardura, plazera... Baina jada ez zegoen atzera bueltarik, begietara begiratu eta nire izena esanez, aurpegia laztandu zuenean, gure arimak betirako loturik egongo zirela jakin nuen.
Tximeleta maite dut. Berarekin salbu sentitzen naiz. Berarekin ez dut beldurrik edo epailearen begiradarik sentitzen. Alderantziz, konfiantza eta lasaitasuna sentitzen ditut. Bizitzaren txinparta piztu du nire barnean, bizi nahi dut, aurrera atera nahi dut.
Urrunean ikusten dut eta nire aurpegian irribarre bat margotzen da. Niregana korrika dator eta honek pozten nau, baina hurbiltzen zaidalarik azkarregi datorrela nabaritzen dut. Begiak malkoz beteta ditu. Alarma pizten da nire barnean, oilo-pikorta! Nire defentsa guztiak aktibatzen dira. Azkar hitz egiten du eta ez dut esaten duena ulertzen, hitz solteak entzuten ditut: Etxea, militarrak, haserrea, beste aldea, banoa, Sara... Ulertzen dut mezua.
Eskuarekin garbitzen dizkiot malkoak, lasaitu egiten dut. Berak ere lasaitu egiten nau. Amaigabeko laztan batean besarkatzen gara. Azala azalaren kontra.
Zoriontsu nintzen, bizitzak nire aurrean jartzen zituen zailtasun guztiei aurre egiteko gai nintzela sentitzen nuen. Beldur ikaragarria nuen, baina alderdi askotan mundua gure kontra geneukala ematen bazuen ere, ziur nengoen elkarrekin aurrera egingo genuela. Nire barnean gertatzen ari zenak indarberritzen ninduen. Pedro ikusteko irrikatan nengoen.
Mandazaina urrunetik zetorrela, alferezak etxean sartzeko agindu zidan. Bere atzetik zakuz kargatutako zazpi mando zekartzan. Harritu ninduen normalean barrakoietatik hutsik jaisten zirelako mandoak, behin lanerako materiala edo trabajadorientzako janaria goian utzita. Leiho-oholen arteko zirrikitu batetik ikusi nuen mandazaina gerturatzen alferezari nobedadiak ematera eta orduan jabetu nintzen ez zirela zakuak mandoek gainean zekartena.
Eskuak sabelera eraman eta izoztuta geratu nintzen. Ez nuen negar egiteko aukerarik izan. Hartutako kolpea horren handia izan zen, nire gorputzak automatikoki, babestu nahian edo, sentimendu guztiak blokeatu zituela. Denbora tarte luze batez, haragi eta hezurrezko panpina bat besterik ez nintzen izan. Horretaz pentsatzen dudan bakoitzean erraiak urratzen zaizkit.
Zenbat denbora emango dut etorkizunik gabeko kartzela honetan? Bizitzaren eta heriotzaren arteko mundu batean nago. Hilezkor bihurtu naiz.
Bost lagunek ihes egin dute. Soldaduek sarjentuari deitu diote eta mozkor agertu da. Taldea zigortu nahian, ihes egin dutenen ordez beste bost aukeratu ditu. “Zu, zu, zu, zu eta zu”. Arroka handi baten kontra jarri gaituzte eta soldaduak aurrez aurre ilara batean. Sarjentuak “Su!” esatean tiroka hasi dira. Lurrera erori gara. Sarjentua hurbildu eta pistolarekin tiro egiten digu buruan. “Horrela ez duzue ihes egingo”.
Gorputz osoan mina sentitzen dut, ezin naiz mugitu. Beste gorputz batzuk nire gainean erori dira eta harrapatuta nago. Arnasa hartzea kostatzen zait. Odolez beteta nago, ez dakit nire odola edo besteena den. Ondoko gorputzak hotz eta gogortuta daude, ez dira mugitzen.
Ikararen hotsa
Ikararen hotza
Bilduta dardarka,
hotzikara berean,
beldurra zelulen artean.
Ho-tzi-ka-ra.
Bilduta dardarka,
hotza hezurren barnean,
beldurra zelulen artean.
Hotzikara.
Bilduta dardarka,
gorputz ikara batean,
beldurra zelulen artean.
Hotza.
Ikara.
Pentsatzea kostatzen zait, ez dakit ondo zer gertatu den, baina bizirik nago. Ez dakit minutuak edo orduak pasa diren. Gaua da eta isiltasunak inguratzen nau. Ahal bezala ateratzen naiz gorpuen artetik. Bakarrik nago. Lurra lokatzez beteta dago eta oinutsik noa baina ez daukat hotzik. Lokatza belaunetara iristen zait eta tarteka lurrean itsatsita geratzen naiz. Sasien artean ezkutatzen naiz eta lainoa sartzean galduko naizela pentsatzen dut. Ezaguna egiten zaidan arroka handi bat ikusten dut eta bere magalean atsedena hartzen dut. Lo hartzen dut. Eguzkiaren izpiek nire aurpegia berotzen dute, begiak ireki eta lagunekin nire herriko plazan nagoela ohartzen naiz, dantzan ari dira denak. Aitona, amona, ama eta aspaldi ikusi ez dudan jende asko dago bertan. Poz-pozik jartzen naiz eta salto batez zutitzen naiz. Oso arina naiz. Dena da erraza, goxoa, maitagarria... Kolore guztietako tximeletek inguratzen naute, inguruan bueltaka ditut, baina biziki maite dudana ez da haien artean ageri.