Aurkibidea
Aurkibidea
Zer da urak dakarrena?
Zer izango da, ba!
Kontua.
Erdietan egia.
Besteetan egia eta erdia.
Eta askotan fantasia.
Hau ez da kontu guzia
baizik eta bizitza bizia.
Non hazia,
han auzia.
* * *
[Amona Itziarrek bere bilobari:]
Zer moduz, “Txirripistina”?
Aspaldian zure berririk gabe nago.
Harrituta jasoko zenuen eskutitza, ezta? Ohitura hori zeharo galdu dugu. Pena da. Zenbat urte ematen duzuen irakurtzen eta idazten ikasteko eta gero ez erabiltzeko. Beno, orain telefono mugikorrean idazten dituzue mezuak baina trakets, esango nuke. Gehienak ortografia penagarriarekin...
Tira, ez naiz marmarti jarriko. Nahiago nuke hona etorriko bazina. Horrela kontu kontari arituko ginateke baina etortzen ez zarenez idaztea erabaki dut. Adin handikoa naiz eta momentuz memorian gordeta ditudan kontu batzuk kontatu nahi dizkizut. Ez dut nahi nitaz ahaztu zaitezen. Zuen ama, oso gazte zelarik, beste leku batera joan zen lan bila. Herri handiago batera. Pixkanaka-pixkanaka harremana gutxitu zitzaigun eta elkarren berri ozta-ozta izan dugu. Zu jaio zinenean ere bisita laburrak egiten zizkidan. Orain ere etortzen denean ez da gehiegi luzatzen.
Kontua da aurreko egun batean, etxeko bazterrak txukundu nahian nenbilenean, zure osabak ez zidala utzi. Ez nuela horretan aritu behar gogorarazi zidan. Izan ere, taka-taka batekin ibili behar izaten dut. Atera kontuak ze zahartuta eta trakets nagoen! Berak egingo zituela lan horiek agindu zidan. Eta horrela izan zen. Hango eta hemengo txokoei hautsa kentzen hasi zen eta, bide batez, armairuetan aspaldi gorde ziren trasteak ateratzeko eskatu nion. Huraxe sorpresa jaso nuena: ia-ia ahaztuta nituen garai bateko altxorrak agertu ziren. Zure erretratuari begira jarri orduko eskutitz hau idazten hasi nintzen.
Esan dizut gutxitan ateratzen naizela etxetik eta, gainera, taka-taka honekin ezin dut nahi dudan bezala ibili. Horrek zure ama gogorarazten dit pittin bat. Zure amak taka-taka batekin ikasi zuen oinez ibiltzen. Makina bat aldiz jartzen nuen bertan eta bere kasa egiten zituen joan-etorriak. Noiz edo noiz horretaz gogoratzen naizenean, barrez hasten naiz eta zure osabak kezkatuta begiratzen nau zoratuta ote nagoen. Bai serioa dela zure osaba. Askotan esaten diot barre gehiago egiteko edo kantuan aritzeko, txistuka edo bertsotan. Berdin dit baina umore pixka bat behar du.
Ez al da hala, Txirripistina, ez al da umorea ederra?
Zure amak lehen bai umore ona. Zenbat fantasia eta txiste kontatu, dantza egin eta mozorroak janzten zituen. Gaur egun ordea ederki aldatuta dago. Haren kezkak nire osasunarekin: Ea pilula hartu dudan edo ariketa fisikoak egiten ditudan, lagunekin egoten ote naizen... Lata pixka bat ematen dit. Asmo onarekin egingo du baina hobe luke txikitako umorea aterako balu. Osabari ere ondo etorriko litzaioke bere mutur lehor hori alaitzeko!
Berriz ere marmarti jarri naiz eta ez dut nahi. Kontaketarekin jarraituko dut. Armairuko trasteria horien artean harri txiki urdin batzuk aurkitu nituen ondo gordeta. Erabat ahaztuta nituen. Baina, ikusi orduko, aspaldiko kontuak etorri zaizkit memoriara. Garai hartan lagunak ez ginen asko aspertzen. Beti genuen zerbait egiteko edo nonbaitera joateko asmoa. Gogoratzen dut ere niri tokatu zitzaidala harri bitxi hauek leku sekretu batean ezkutatzea. Makina bat urte pasa dira geroztik, ene! Jakingo bazenu garai haietan nola ibiltzen ginen lagunak... Gu ere gazte eta bihurriak izan baikara eta guk ere sekretuak izan ditugu gainontzekoek bezalaxe. Gogoratzen dut harri horiek Araian, Zirauntzan, agertu zirela.
Garai haietan askotan lehengusuekin jolas batean ibiltzen ginen. Beti etxe bueltan eta zintzo-zintzo. Haietako egun batean aurkitu genituen harri hauek: “Parte txarrekoak dira eta kutsatuta daude” esaten ziguten, “ez ukitu!”. Guk buruarekin baiezkoa esan eta gero nahi genuena egiten genuen. Ondo gogoan dut, bai, harri urdin hauek etxera eraman nituen eguna. Etxeko inor konturatu ez zedin zoko eta bazter ugari begiztatu nituen eta azkenean nire ohe atzean paretan zulo bat egin eta han sartu nituen. Gero ohea bere lekuan utzi eta kito. Afaltzera eseri eta gurasoek begiratzen ninduten bakoitzean sekreturen bat gordean nuela konturatzen zirela uste izaten nuen. Izerdia ederki bota nuen. Baina zorionez ez ziren ezertaz ohartu eta halaxe geratu ziren harri haiek ondo gordeta. Pentsa, urte batzuk pasa ziren etxean konponketa batzuk egin behar izan genituenerako, eta ez ziren ba hantxe agertu ditxosozko harri haiek! Eta bota beharrean berriro jaso egin nituen. Eskerrak. Horri esker animatu naiz idaztera.
Horretan hasi eta beste kontu batzuk gogoratu ditut. Zer den memoria lantzea. Hara, Txirripistina, gure herria eta ingurua ez dituzu ondo ezagutzen eta pena ematen dit. Zatoz lehenbailehen eta gure txoko sekretua ezagutuko duzu. Auskalo zenbat aldiz joan ote ginen bertara gurasoek kuluxka egiten zuten bitartean. Nik uste dut begiak itxita ere asmatuko genukeela bertara iristen.
Gogoratzen dut, Zirauntzako iturburuko bidean askotan, gure txokora errekatik atera gabe iristen saiatzen ginela. Oinetakoak eskuetan hartu eta denak han sartzen ginen. Batzuk berehala ateratzen ziren baina besteok harro-harro eginda jarraitzen genuen plisti-plasta batean. Hango irristak eta hango ipurdikoak! Blai iristen ginen baina gustura, irribarre galantarekin. Mirentxu ere gurekin izaten zen askotan. Mirentxuk berak, errotariaren alabak, erakutsi zigun txoko hura.
Mirentxu berritsu-berritsua zen. Haizearekin ere hitz egiten zuen. Baita txoriekin, zuhaitzekin eta harriekin ere. Ez zegoen aspertzerik. Ikaragarri maite genituen txokoa eta Mirentxu. Berak esaten zigun hara hurbiltzen ziren txoriek kontatzen zizkiotela mundu zabaleko istorioak, gero berak guri kontatzeko. Zenbat amestu ote genuen entzundako istorio horietako gerlari ausartak ginela edo erreginak, koblakariak, etxekoandreak, emaginak eta sorginak.
Ametsetan hasi, eta konturatzerako gordetzen ikusten genuen eguzkia, eta orduan korrika bizian etxeratzen ginen. Larri iristen ginen etxera!
Atea ireki eta amaren hitzak:
—Non ibili zara?
—Hor, erreka inguruan.
Ondoren, afaldu eta ohera amets ederrak egitera. Behin, ordea, oheratu nintzenean sukaldean gurasoak hitz egiten entzun nituen:
—Gure alaba honek errotariaren alabari kasu gehiegi egiten dio —esan zuen aitak.
—Zergatik diozu hori, gizona?
—Hara, errotariaren alaba hori fantasia handiekin bizi da. Basoko piztia eta zuhaitzekin hitz egiten du.
—Horrek ez dio inori kalterik egiten, gizona!
—Ez dakit ba gure alabari burua ez ote dion nahastuko.
Gau horretan, berriro lokartu nintzenean, amets arraroak egin nituen. Munstroak, gizajaleak, parte txarrekoak... Denak agertu zitzaizkidan. Hurrengo goizean, gurasoei entzundakoa kontatu nien lagunei. Beraiei gauza bera gertatu zitzaiela eta badaezpada ere Mirentxurengana ez joatea erabaki genuen. Egun hura ezberdina izan zen. Hutsala. Hurrengo egunetan, aurrekoan bezalaxe, ez ginen errotara abiatu. Ez egun horretan ezta gehiagotan ere. Eguna joan eta eguna etorri hilabete inguru pasako zen eta horretara ohitu edo egin ginen. Beno, lagunak agian bai. Ni ez.
Geroztik, Mirentxu astoarekin herrira etortzen zenean, gu gordean ibiltzen ginen. Ordurako oso zabaldua baitzegoen berezia zela. Gauza arraroak egiten zituela eta denek eman genion bizkarra.
Isilpean, ordea, bere atzetik joaten nintzen askotan. Ikusten nuen Mirentxu beti erreka bazterretik ibiltzen zela eta nahiz eta inguruan nik inor ez ikusi garbi zegoen norbaiti hitz egiten ziola. Han karramarroak eta ezkailuak besterik ez zeuden. Nik ere erotzat hartzen nuen, baina jarraitu egiten nion ausartzen nintzen lekuraino. Amorrazioa ematen zidan Mirentxuren etxea niretik urruti zegoelako. Itzulerako bidea ilunpetan eta bakarrik ez egiteagatik meatzarien errekan buelta hartzen nuen eta bizi-bizi etxeratzen nintzen. Arnasestuka. Halako batean, baina, ausardiaz beteta, errotaraino iritsi nintzen eta orduan “Kux-kux, kux-kux” entzun nuen. Ustez bakarrik nengoen. Txorien kantuak ederki entzuten nituen, belarriak erne nituen. “Orain ere ametsetan ote nabil?” pentsatzen ari nintzela geldi-geldi geratu nintzen. Isil-isilik. Arnasa hartzeko ere lanak nituen eta berriro “kux-kux” hura.
—Ze arraio da ba?
Begiak ezker eskuin mugitu nituen, baina ezer ez. Segundo batzuk horrelaxe eman nituen, izoztuta. Pauso bat eman eta berriro ere soinu hura! “Kux-kux” eta “kux-kux”.
Arnasa sakon hartu nuen. Begiak itxi eta beste behin ere arnasa sakon hartu nuen. Gero begiak ireki nituen eta garo artean zerbait gordetzen ikusi nuen. Bihotz taupadak oso indartsu nituen. Uste nuen kanpotik ere entzungo zirela eta begiak zabal-zabal jarri nituen. Berriro ikusi nuen garoa mugitzen.
—Ai, ene! Ze piztia arraio dabil hor?
Iluntzen hasia zen. Etxean ez zen giro izango. Itzuli beharra nuen baina zarata hura berriro!
Errekari begira geratu nintzen eta, orduantxe, erreka bazterreko zuhaitz bat zapla uretara erori zen.
—Ama!!! —esan eta korrika eta itsumustuan alde egin nuen. Hankaz gora erori, ipurdikoak hartu... Kaskarrekoak ere ez ziren falta izan eta belaun kozkorrak ederki urratuta etxeratu nintzen. Imajina ezazu ze ongietorri egin zidaten. Hurrengo egunean lagunak galdezka nituen zer gertatu zitzaidan, eta ohetik erori nintzela esan nien. Bederatziurrenean jadanik ez nituen ubelduak eta urratuak gogoratzen eta errotarako bidea hartu nuen, aurreko egun hartan baina goizago. Konturatzerako meatzarien erreka gorria pasa nuen. Ez zegoen atzera bueltarik. Ez horixe. Nire buruari gogor egin nion. Harro nengoen. Inoiz baino aurrerago joan bainintzen bakar-bakarrik. Nire harrokeria zapuztu zen ordea. Piztia ikusi nuen! Izoztuta geratu nintzen. Piztia ere izoztuta geratu zen niri begira eta segituan Mirentxu agertu zen. Piztiari zerbait esan zion eta hau gorde egin zen. Mirentxu hurbildu zitzaidan:
—Itziar, aspaldiko. Uste nuen ez zintudala gehiago ikusiko.
Mutu geratu nintzen. Berak ordea hizketan jarraitu zuen:
—Ikusi duzun piztia hau kastorea da. Zirauntzan bizi da. Bere arbasoak aspaldi etorri omen ziren. Berak ere ez daki zenbatgarren belaunaldikoa den. Kontua da kastore haiek erreka ondoko zuhaitzak jaten hasi zirela. Hasieran hemen goian nahiko bazka bazuten, baina, kastoreak ugaritzen hasi zirenez, zuhaitz gehiago behar zituzten eta pixkanaka-pixkanaka beherantz joaten hasi ziren gehiagoren bila. Azkenerako herriraino jaitsi ziren. Hasieran herritarrek ondo hartu zituzten baina gero nazkatzen hasi ziren. Batek baino gehiagok akabatu nahi izan zituen. Errekako eta ibaiko txikizio guztien errudun jo zituzten eta ihes egin behar izan zuten. Burundan jarri ziren bizitzen. Kontu honek lehendik ere gaiztotuta zegoen giroa areago gaiztotu zuen inguruan. XIV. mendetik zetorren ezinikusi hau. Garai hartan ibaiaren alde batean jauntxoa zegoen eta beste aldean familia dirudun eta aberats bat; lur sail handiak eta lihoarekin negozio handiak zituena. Bi familia boteretsu hauek nor baino nor aritzen ziren.
Negozioa gizonak bere seme Pello zuen diruzain, baina honek muzin egiten zion lan horri eta nahiago izaten zuen basora joan eta txorien kantuak entzun. Gainera artzain bat ezagutu zuen eta honek txirulak egiten irakatsi zion. Pozarren zegoen Pello. Txirulari ezaguna egin zen gurasoen lotsarako, aitak hil ala biziko mehatxua egin zion eta Pellok onartu zuen harentzat lan egitea. Baina bere aitak ez zekien egunez diruak kontatu eta gauez txirula jotzen zuenik.
Errekaren beste aldean ere jauntxoak bazuen buruhaustea kastorearekin. Bere lurretako zuhaitzak bota eta putzu handi bat egin zuen. Egunero-egunero, jauregiko morroiak eta Antton bere semeak enborrak atera behar izaten zituzten, ibaiak bere bidea egin zezan eta ura ez zedin inon sartu. Hala ere gauero-gauero zuhaitzak ibaian agertzen ziren. Kastorea akabatu egin behar zela agindu zuen nagusiak. Taldeak osatu ziren. Gauak eta egunak eman zituzten zelatan. Kastorea nonbait ehiztariak berak baino bizkorragoa izan eta ezin izan zuten harrapatu. Alde egin zuela pentsatu zuten zuhaitz gehiago ez zelako agertu ibaian. Ahaztu ere egin zuten. Hilabete batzuk pasa ziren ordea, eta berriro enborrak azaldu ziren leku berean. Berriro ere zelatan hasi ziren eta uxatu zuten piztia. Mugimendu gehiagorik ez zen izan Antton morroi gazte lerdenaren gaueko txanda iritsi zen arte. Hurrengo goizean enborrak azaldu ziren, eta Anttonek lo hartu zuela esan zuen. Kopeta ilun asko ikusi ziren baina, tira, gaztea zela eta barkatuko ziotela. Txandan-txandan pasa ziren langile eta morroiak. Zuhaitz erorien arrastorik ez zen agertzen, berriro Anttonen txanda tokatu zen arte. Kopeta ilunak eta mutur okerrak ugaritu ziren.
Zigor gisara Anttonek berriro zelatan egon behar izan zuen eta laguntzaile pare bat jarri zioten. Hala ere goizean enborrak agertu ziren, eta zaintzaileak lo. Gau hartan zaindari gehiago jarri zituzten, eta goizean denak lo. Giroa berotzen ari zen eta zigorrak gogortu zituzten. Denbora pixka batean gauetan zelatan jarraitu zuten eta arazoa ezin zuten konpondu. Egunsenti batean etxeko nagusia isil-isilik hurbildu zitzaien taldekoei. Zaindari denak lo harrapatu zituen eta Anttonen arrastorik ez. Lo zeuden guztiak ostikoka esnatu zituen eta agindu zuen Antton aurkitzeko. Halako batean non ikusten dituzten Antton Burundaren bestaldeko Pello txirulariarekin musukatzen. Hasieran mutu geratu ziren baina gero, atxilotu behar zirela eta, erreka zeharkatu zuten. Bi mutilak ihesean joan ziren. Egun pare bat eman zuten ehizan, baina alferrik. Antton eta Pello ondo gorde ziren. Denbora dezentean ibili ziren morroi guztiak iheslariak harrapatu nahian, baina azkenean etsi zuten. Halere istorio hau ez zen inoiz ahaztu. Geroztik makina bat kontu zahar zabaldu zen inguruan. Batzuek Andoin eta Elorduian ikusi zituztela esaten zuten. Eginoko Lezen gordetzen zirela eta ilunabarretan Ziordian bainatzen ere kusi zituztela zioten beste batzuek. Askok eta askok zioten Asparrena aldera pasa zirela. Ahoz aho zabaldu zen hau guztia. Mendeetan ere bai. Guk ere entzuten genituen, batez ere arropa garbitzera joaten ginenean. Garai hartan, uda ala negu izan, arropa eskuz garbitzen genuen. Gure eskuek ederki sufritu zuten baina gobada lekura joan eta asko hitz egiten genuen. Barrea gogotik ere bai. Zaharragoak zirenei entzuten genizkien maitasunezko istorioekin txoratuta geratzen ginen, eta zer esanik ez istorio lizunekin edo barregarriekin. Etxean ez zizkiguten halakoak kontatzen. Uda izaten zen onena. Lanak bukatutakoan uretan freskatzen ginen. Ausartenak biluzik sartzen ziren eta haien aurpegiari begiratzen nien: irribarre zabal-zabala eta gozamenaren bisaiarekin. Emakume haiek ondo pasatzen zuten eta libre ziren momentu haietan. Kostatu zitzaidan ulertzea ere zergatik egiten zituzten intziri haiek. Denak Antton eta Pelloren zain jartzen ziren. Batzuek zioten ur azpian egoten zirela edonori plazera emateko. Ez dakit inork topatuko ote zituen baina hala gerta zedin espero zuten. Gu ere uretan sartzeko animatzen gintuzten. Nik plisti-plastan ibiltzearekin nahikoa nuen eta gainera barruko arropak eta bata bat jantzita nituen. Mutilak aldiz libre ziren uretan edo edozein lekutan jolasean aritzeko. Baita biluzik ere. Inbidia ematen zidaten eta amorrarazita joaten nintzen etxera, baina ez nuen ezer esaten, banekielako aitak serio demonio begiratuko zidala eta amak larrituta. Eskerrak lagunak ere antzera zeuden eta beste denbora-pasa batzuk asmatzen genituen.
Gaurkoz nahikoa idatzi dut. Ondo lo egin.
* * *
Egun on, polit hori. Egin duzu lo?
Ba al dakizu zenbat eta gehiago idatzi orduan eta gauza gehiagoz gogoratzen ari naizela?
Esaterako, zure aitona Ferminek mitxarroak harrapatzen zituen garaiaz. Hamar bat mitxarro ehizatuta eta gerri bueltan lotuta zituela azaldu zen lagunartera. Kopetilun begiratu nion eta galdetu ere bai zergatik ehizatzen zituen horrenbeste piztia. Mitxarroaren koipea saldu egiten zutela ukendu miragarriak egiteko erantzun zidan eta gainera ondo ordaintzen omen zuten. Mutil gehienak berdin ibiltzen ziren. Errekatik atera gabe. Ametzagako eta Albeizko lehengusuak, adibidez, eta beraiekin askotan elkartzen nintzelako ezagutu nuen aitona Fermin. Segituan maitemindu ginen, eta biok bakarrik erreka bazterretan paseok egiten genituen. Egia esaten badizut aitona Fermini esker txoko asko ezagutu nituen. Txoko bakoitzean gainera Anttonen eta Pelloren arrastoak topatzen aritzen ginen. Zure aitona Ferminek leku bakoitzeko kontu zaharren bat izaten zuen eta gainera sinetsi egiten zituen. Haietako egun batean Mirentxurekin gogoratu nintzen. Aspaldi zen ez nuela ikusi eta bisitan joatea proposatu nion aitona Fermini. Ados, esan zidan, eta joan ginen bertara. Mirentxuren errotan ez zen inor bizi eta erortzen hasita zegoen. Nora joan ote ziren bizitzera Mirentxu eta familia? Auskalo! Burutik kendu ezinik nenbilen eta lagunei ere galdetu nien eta inork ez zuen Mirentxuren berririk. Etxera itzuli ginen eta han ere Mirentxu aipatu nuen. Ene, ene. Gure aitaren begirada! Ez zuen izen hura entzun nahi izan. Ni ordurako ez nintzen haurra eta Mirentxurekin zer gertatzen zitzaion galdetu nion. Aitak erantzun zidan neska haren fantasia ez zela parte onekoa. Bere ama ere horrelakoa izan zela beti. Eta aitak sukaldetik ospa egin zuen.
Hurrengo goizean, amarekin bakarrik ginela, Mirentxuren amagatik galdetu nion. Berak hauxe kontatu zidan:
—Zure laguna Mirentxuren amak beti izan du haizearekin edo auskalo zerekin hitz egiteko joera hori. Gogoratzen dut gaztetxoak ginenean lagunok Lezera joaten hasi ginela. Han ezagutu genuen Sagrario, Mirentxuren ama. Orduko hartan Sagrario harriekin hitz egiten aurkitu genuen. Edo guk behintzat hala uste izan genuen. Berak gu sumatu orduko isil-isilik geratu zen. Gero alde egin zuen. Lagunok harrituta geratu ginen baina bertan jolasean geratu ginen. Asko gustatu zitzaigun lekua eta uda hartan Lezeko sarreran orduak eman genituen. Egun haietan guztietan ez genuen Sagrarioren arrastorik izan. Ahaztu egin genuen. Baina behin zure aita kontu batekin etorri zitzaigun. Zure aitak Ilarduian zuen familia. Aiton-amonekin askotan egoten zen han eta hauek kontu zaharrak ibiltzen zituzten ahotik ahora. Afaloste batean Ilarduiako erreka agertu eta desagertu zebilela esan zuten. Herritarrek ez omen zuten inoiz halakorik ikusi, ez eta entzun ere. “Erreka etorri eta joan egiten zela? Hemen bada zerbait!”. Horrelaxe hasi ziren zurrumurruak. Hemen ere parte txarrekoak zebiltzala arima garbien bila eta denak izutzen hasi ziren Sagrario eta familia izan ezik. Lasai ederrean zebiltzan erreka agertu edo desagertzen zen egunetan eta herriko jendeari ez zitzaion hori gustatzen. Ez zuten ulertzen nolatan ez ziren izutzen haiek. Zure aitonak eta beste herriko gaztetxoek Sagrariori jarraitu zioten. Hor basoan galdutako txabola zahar batean bizi zirela esaten zen herrian.
Erreka zeharkatu zuten, basoan aurrerago jarraitu zuten eta pixka bat gehiago ibili ziren. Asko ibili ziren. Ikaragarri. Egilatzeraino! Baina Sagrario ez zen han geratu. Ez horixe. Aurrerago jarraitu zuen eta Aizkomendiko trikuharrietan geratu zen. Herriko gaztetxoak zuhaitzen atzetik begira geratu ziren. Sagrariok familia osoa zain zuen eta, elkartu zirenean, lurrean borobilean eseri eta afari-merienda egin zuten. Ordurako ilunbista zen eta Ilarduiako gaztetxo haiek bizi-bizi etxeratu ziren.
Norberak bere etxean ikusitakoa kontatu zuen. Hurrengo egunerako han ziren herriko ausartenak Aizkomendira joateko prest. Joan ziren bada, baina han ez zen inor. Orduak eman zituzten zain, baina alferrik izan zen. Kopetilun herrira itzuli ziren eta Sagrario topatu zuten herriko zubian errekari begira. Herriko ausartek inguratu zuten eta azalpenak eskatu zizkioten trikuharriko bilkurari buruz. Sagrariok hitz erdirik ez. Euria hasi zuen eta denak estalpera joan ziren. Sagrario, ordea, lainoei begira geratu zen, hitz batzuk bota zituen eta korrika alde egin zuen. Handik ordu batzuetara txingorra ederra jauzi eta ura bere bidetik atera zen, herriko etxe eta zoko guztietan sartuaz. Geroztik herrian eta inguruan beste konturik ez zen zabaldu. Sagrario sorgina zela eta Anttonekin eta Pellorekin hitz egiteko gaitasuna zuela.
Ikusten duzu, Txirripistina, garai haietan zenbat sineskeria zegoen inguruan. Izua izuaren ondoan izaten genuen.
Amarekin egon eta gero nire buruarekin asko hitz egin nuen. Ahorik mugitu gabe, bestela Mirentxuren modukoa nintzela pentsatuko zuten eta. Mirentxu topatu nahi nuen eta inguruko erreka bazterrak miatuko nituen. Goizean goiz etxean lagundu eta ahal bezain bizkorren abiatzen nintzen. Urtebete egingo nuen, baina arrastorik ez. Kito. Aio, Mirentxu. Tristura handia dut Mirentxuren berririk ez dudalako. Ez dakit hilik ala bizirik den ere.
Gaurkoz ere nahikoa idatzi dut.
Ondo izan.
* * *
Zer moduz, amona Itziar?
Modan ez da egongo, baina poz ederra eman didazu eskutitzarekin. Ea laster joaten naizen zuregana.
Kasualitatea izango da baina, orain dela gutxi ikastaro bateko atsedenean kafea hartzen ari ginela, Ziordiako Mariaje ezagutu nuen. Nik amona herri berekoa nuela esan nion. Segituan konturatu zen zein familia ginen eta goraintziak zuretzat eman zizkidan. Handik aurrera atsedenaldi guztietan elkarrekin egoten ginen. Biak ala biak berritsuenekoak ginela eta, txanda hartu ezinik aritzen ginen. Uste dut amaren aldetik atera naizela berritsukerietan, kar, kar, kar. Munduko zenbat bazter ezagutzen ote nituen galdetu zidan. Pentsatzen jarri nintzen eta, egia esan, bai, leku asko eta istorio mordoa banituen eta denak urrutikoak. Berak, ordea, herriko kontu ugari bazekizkien. Inbidia eman zidan. Anttonen eta Pelloren kondairarekin hasi zenean, hor bai, nik ere ezagutzen nuela eta barre pixka bat egin genuen. Konturatzerako atsedenaldia bukatu zitzaigun. Hurrengo egunean beste kontu honekin etorri zitzaidan. Agian ezagutuko duzu:
“Ba omen zen emakume bat.
Emakume hau goizean goiz jaikitzen zen ukuiluko lanekin hasteko eta ondoren gainontzeko lanak egiteko. Goiz batean, goizean goiz , beti bezala ukuilura joan eta lanean hasi zen. Baina ez zen izan goizerokoa. Triku bat aurkitu zuen:
—Zertan dabil hau hemen?
Bi aldiz pentsatu gabe hartu eta erreka putzura bota zuen. Gero etxera itzuli eta lanean jarraitu zuen. Hurrengo egunean goizean goiz jaiki zen, oilarraren kukurrukuarekin eta ukuilura joan zen. Beti bezala lanean hasi, eta hara! Beste triku bat aurkitu zuen.
—Ze demontre pasatzen da trikuekin herri honetan?
Hau ere harrapatu eta errekara bota zuen. Etxera itzuli eta lanean jarraitu zuen. Gauean lotara joan zen. Hirugarren egunean oilarraren kukurrukua entzun zuen. Jaiki eta nora joan zen? Ukuilura. Zer aurkitu zuen han? Beste triku bat.
—Mirentxuren sorginkeria ote da ba?
Hantxe geratu zen, pentsakor. Eta zuzenean errekara bota beharrean, etxean zuen pintura urdinarekin bizkarra margotu zion trikuari, eta ondoren bai, errekara bota zuen. Etxera itzuli eta lanean jarraitu zuen. Biharamunean goizean goiz jaiki zen. Oilarraren kukurrukua entzun baino lehenago eta ukuilura joan zen. Eta ba al dakizu zer aurkitu zuen han? Bai, bai. Triku urdina!
—Hemen bada zerbait! —bota zuen. Gero triku ingurua ondo miatu zuen eta hantxe ikusi zituen trikuaren kumeak”.
Elisa Mendiak kontatua. Ezagutu al zenuen emakume hau?
Hara, amona, ni bisitan joan bitartean esan osabari grabatzeko gogoan dituzun istorio horiek. Animatzen bazara, lagunartera ere joan zaitez eta hauei ere komentatu ideia. Ziur nago batek baino gehiagok gustura egingo duela eta gainera batek bestearena entzunez kontu gehiago gogoratuko dituzuela. Esaiezu zure ilobak eskatu dizula eta seguru nago egingo dutena. Gainera aitzakia ederra duzue kafesnea hartzeko. Ahalko banu bihar bertan hor egongo nintzateke, baina ikastaroa bukatu arte ezingo dut.
Laster arte, amona, eta eskumuinak etxekoei.
* * *
Kaixo, amona Itziar. Zer moduz?
Nahi baino gehiago luzatzen ari zait ikastaro hau. Orain formakuntza egin behar dugu baina, tira, eskerrak Ziordiako Mariaje ere hemen dagoen. Gainera Mirentxuz aritu gara hizketan. Bera ere bati eta besteari galdezka aritu omen da eta arrastoren bat aurkitu duela esan dit. Nonbait Mariajeren izeba baten lehengusu batek ezagutu zuen Mirentxu. Inguruko jende asko sarritan joaten omen zen Mirentxurengana uzta erein edo bildu behar zen garaian, zer eta nola egin behar zen galdetzera. Aparteko sena zuela naturarekin, eta uraren zikloak ezagutzen omen zituen. Gerora ordea bizimodua aldatzen hasi zen eta edozein lekutan edozer eraikitzen hasi ziren. Etxe haiek leku haietan ez eraikitzeko esaten zien Mirentxuk igeltseroei, baina kasu zipitzik egin gabe eraiki zituzten. Geroztik uholdeak ugaritu ziren eta etxeetan errekako ura edozein garaitan sartzen zen. Jendeak ezin zuen burutu eta gainera errua Mirentxuri botatzen zioten. Sorginkeriaren bat egiten zuela zioten. Mirentxuk goibel alde egin zuen handik. Baina ez dut kontu tristeekin bukatu nahi. Lehen ere esan dizut kontu askorekin natorrela eta honako hau txori batek esan dit: Zuen gazte garaian desafio asko egiten zenituztela, eta haietako bat ea nork zeharkatu erreka enborretik erori gabe izaten zela. Zuk ere parte hartzen omen zenuen eta behin baino gehiagotan irabazi ere bai. Horretarako anaien galtzak janzten zenituztela eta etxean ezer esan gabe gainera. Zu ere bihurria izan zara eta poztu nau horrek. Gure Mariaje ere horretan ibili omen zen. Berak, ordea, ipurdiko galantak hartzen zituela eta ez zuen lortu inoiz enborra osorik zeharkatzerik. Emakume honekin ez gara aspertzen, beti badu-eta zer kontatu. Ondorengo istorio hau ere kafea hartzen ari ginen batean kontatu zigun lagun batzuei. Berak kontatuta bezala idazten dizut:
Bi mendizerra handien artean, bazegoen haran bat. Haran hartan herrixka batzuk eta herrixka batean etxe handi bat. Etxe handi hartaz arduratzeko lau emakume adineko zeuden.
Etxe hartara joan aurretik munduan barrena ibiliak ziren giza laguntza ematen. Egoera larri askoak ezagutu zituzten eta ez ziren ezerekin beldurtzen, ez aspertzen, ez eta alferkerian erortzen ere. Kongregazio batekoak ziren eta etxe handi hartan elkarrekin bizitzea tokatu zitzaienean elkar ezagutu zuten. Denak ziren zuzenak baina bakoitzak bere modura egiten zuen lana. Batek gozo, beste batek berriz aho bizarrik gabe botatzen zituen esan beharrekoak, hirugarrenak ez zuen asko hitz egiten baina begiradarekin dena esaten zuen, eta laugarrenak, gazteenak, alai eta sasoi onez erantzuten zuen. Laurak inurrien moduan aritzen ziren. Bakoitzaren zeregina zein zen ondo baino hobeto zekiten eta egurrean aritzen ziren. Ez zegoen aspertzerik. Galtzagorriek baino lan gehiago egiten zuten. Etxe handi honetaz gain beste eraikin bat bazuten, askotan aterpetxea edota udaleku ere bihurtzen zena. Patxada ederreko paraje batean zegoenez eskaera handia zuten. Eta laster meditazio talde handi bat etortzekoa zela eta, aterpetxea prestatzen hasi ziren. Ordura arte sasoiak lagundu zien eta uste zuten beti horrelaxe izango zela, baina urteak ez direnez alferrik pasatzen, bat sorbaldako minarekin hasita zegoen eta nahi zuen guztia egin ezinik gelditu zelako, beste bati belaunak ez ziolako laguntzen eta besteek ordura arteko indarrak ahituta zituztelako lanak taxuz egiteko laguntzaile bat eskatu zioten arduradunari, eta etorri zitzaien bat. Segituan lanean jarri zuten. Han ez zegoen denbora alferrik galtzeko.
Gogotsu hasi ziren txukuntzen eta garbitzen: logeletako ohe azpiko hautsak kendu, leihoak garbitu, komun zuloak eta dutxak ere goitik behera pasa...
Eskerrak behintzat sukaldari bat etortzen zitzaien.
Egun hartan bazkaltzera eseri ziren porru eginda. Sukaldariak hitz egin zuen:
—Nik ere laguntzaile bat beharko dut.
Ez zuten halakorik espero baina arrazoi eman zioten. Zaila izango zuten gustukoa topatzea. Horretarako deialdi bat egin zuten eta jarritako eguna eta ordua iritsi zen. Hura jendearen emana. Antolaketa zorrotza egin zuten. Ez zegoen denbora gehiegirik eta hautaketa errazago egiteko beraien gustuko otordua prestatu beharko zuten: Arrain zopa, txipiroiak bere tintan eta pantxineta bat.
Hasiera ona eman zuten. Maila altua erakutsi zuten laguntzaile haiek eta otordu landuagoak eskatzen hasi zitzaizkien. Astebete frogan igaro ondoren, eskatzen zizkieten errezeta guztiak ondo ezagutu eta ondo prestatzen zituztenez, zailagoa zuten hautaketa baina egin beharra zegoen, eta eguna etorri zen.
Mahai bueltan eseri ziren etxekoandreak, sukaldaria eta honen laguntzaile izateko etorri zirenak. Hauek urduri zeuden eta etxekoandreak serio. Eseri ziren eta beteranoenak bota zuen:
—On egin dagigula janak eta kalterik ez edanak.
—Hala bedi.
Beteranoak:
—Gaur, kafesne-zopak jango ditut.
Frogan zeudenek galdetu zuten:
—Zer dira kafesne-zopak?
—Kafesnearekin ze zopa egin daiteke ba?
—Zenbat zopa behar dira gosaltzeko?
Etxekoandre hark zehar begiratua bota zien eta denak izoztuta geratu ziren bat izan ezik. Hark erantzun zien:
—Nik ere bai.
Etxekoandreari aurpegia alaitu zitzaion eta bere kideei begiratu zien.
Aho batez erabaki zuten nor izango zen etxe hartako sukaldari laguntzaile berria.
Laguntzailea Mariaje bera izan zen.
Ikusten duzu saltsa guzietako perrexila dela hau ere. Etxerako modukoa gainera. Eta hori egingo dut. Hemengo lanak bukatzen ditudanean, Mariajerekin zuregana joango naiz. Merienda on bat prestatu beharko diguzu eta gero paseo bat emango dugu. Mariajek esan dit eskatu dizkizudan lanak gu joan bitartean ez badituzu egin, berarekin joango garela, eta honek ziur egingo du agindutakoa.
Eskerrik asko, amona. Gustatu zait eskutitzen kontu hau eta aspaldiko lagunei ere idatziko diet. Sorpresa ederra emango diet.
Zure Txirripistina