Aurkibidea
Aurkibidea
Begia ubeldua dudala, etxerat sartzerako hasi zara oihuka, astakirten baten gisara, Graxi. Astakirten ez, basapiztia bat baino makurrago hasi zara nire kontra, ukabilkadaka, kolpeka, oihuka. Jendarme baten moduan, goizekoarekin aski izan ez banu bezala. Muga guziak gainditu dituzu, gaur. Belaunarekin alua kolpatu didazu. Ausiki egin lepoan. Iletik heldu eta lurrerat bota nauzu, eta nire gainerat bota duzu zure gorputza. Inoiz erakutsi gabeko biolentziaz. Lehenbizikoz, gu bion gorputzen talkak ez du erotikotik fitsik ere izan. Zutik paratu eta etxetik alde egiteko eskatu dizut. Solas gehiago gabe. Ahitu dela gurea. Akabo. Betirako bukatu.
Azkeneko tantaraino hustu dugu maitasunaren odola, Graxi. Ez da godalet gehiago haien gainean dantza egiteko. Zimeldu dira loreak. Orain hilerri bat da gure artekoa, plastikozko lorerik gabekoa. Fini da. Odolustu gara.
Agurraren tenorean zure begiak bilatu ditut, baina, betiko moduan, ez ditut aurkitu. Besarkatzera joan natzaizunean ere, eskuaz urrundu duzu nire gorputza, aspaldian urrundutako arimen keinu gisa. Lehenbiziko egunetik maite izan nuen zure zakartasun hura. Gaur, ordea, mingarria egin zait. Elkarrekin bizi izandako une goxoak gorde nahi ditut kolkoan. Zuk, aldiz, ez diozu aterperik ematen, aspaldian, goxotasunari, laztanari, maitasunari. Berezko hoztasuna izozmendi bihurtu zenuen. Agur, Graxi. Oroimen hutsa izan baino lehen, zurekin izandako sexu-gau guziak gogoan masturbatuko naiz gaur, zu ezagutu aitzinean gauero egin ohi nuen bezala.
***
Beti pentsatu duzu Matalas zinela, Cosette. Ez, zuk ez dakizu nor izan zen Matalas. Kanpotik etorri eta dena dakizula uste duzu, baina ez duzu nehoiz jakin herri hau irakurtzen, bertakoak aditzen. Gauzak zure maneran egin dituzu, agintekeriaz. Maistra behar zenuen izan, Cosette, lezioak ematen baitituzu denetaz. Egunero.
Matalasek nekazariak nobleen kontra altxarazi zituen, armarik eman gabe. Itsu-itsuan. Engainatu egin zituen pobreak, sinetsarazi zien arrazoiaren jabe zirela, eta hori aski zela. Eta zuk ere uste duzu egia osoaren jabe zarela. Intolerante hutsa zara, eta ez zara gauza zuk bezala pentsatzen ez dutenak onartzeko. Zu ere, Matalas bezala, ez zara ohartzen zulo beltzerat kondenatzen duzula populua. Matxinada hark boteretsuago egin zituen nobleak, eta zituzten eskubide apurrak galdu zituzten nekazariek. Zuk ere uste izan duzu Matalasek bezala arrazoi osoa zenuela, eta engainatuko zenituela herritar gaixo ezjakinak. Dena herriarekin, herriarentzat, baina herririk gabe.
Izena ere halakoxea paratu zizuten: Cosette. Ongi hautatu zuten zure gurasoek, Victor Hugoren Miserableak liburuko protagonistetako baten izena, “herriaren garaipena” erran nahi duena. Zu, populua. Zu, herria altxaraziko duena, garaipenera arte.
Zure gezurretatik ernatu nahi izan zaitut denbora honetan guzian, Cosette. Baina ikusi nahi ez duena da itsuetan handiena. Ahalkea sentitu dut zurekin herri honetako karriketan. Lotsagarri utzi nauzu, eguna joan eta eguna etorri.
Eta muga guziak gainditu dituzu, gaur. Gure harremana azken tantarat arte odolustu duzu. Gaizkile baten gisara jokatu duzu. Maltzurki. Zitalki. Zureak ez diren lur eta etxeetan sartu zara, ebasle baten moduan. Ohoinik ez dut nahi nire etxean! Doilorra zara, gizatxarra, malmutza. Jendea nahieran maneiatzen duzu. Eta pentsatu izan duzu ni ere modu berean maneiatuko ninduzula, Matalasek herritarrekin egin bezala.
Gure artean bezala, distantzia behar dut herri honekin. Gosta zait ohartzea jazarria nintzela. Harreman kutsagarri batean nintzela. Gosta zait ohartzea ezleku hau ez dela bizigarria. Alde egin behar nuela.
Banoa lur idor hau utzita. Urrun. Aspaldian zen ahitua lur hau. Ez bizitzeko modukoa egin dute agintariek Atharratze eta Zuberoa osoa. Agortu dute lurra, basamortu bihurtu. Eta gelditzen diren azken tantak xahutu dituzue zuk eta zure lagunek, bizia itoaz. Eta gure maitasuna, Atharratze bezala, higatu da betirako. Higatu duzu.
***
Zure irudia eta zure gorputzeko tolesturak burutan ditudala, zurekin izandako jostetak gogoan, ekin diot behatza aluan sartzeari. Zuk hain abilki egiten zenuen hori lortu nahian aritu naiz. Cannesen dena hasi zen eguneko indar eta grinarik ez da agertu, ordea, gaurkoan. Aisa apalagoa izan da nire gorputzaren erantzuna. Grisagoa. Ilunagoa. Ez dut gozatu zurekin gozatzen nuen ber gisan. Aitor dut. Ezezagunak egin zaizkit nire baitako hainbat txitxi, zokondo, toles. Ez dut neure gorputza eta neure burua konkistatzeko adina lanik egin, nonbait. Hilerri baten trazak ditu, orain, nire soinak. Zure laztanak, zure ukituak bota ditut faltan, Graxi. Zure atzaparrek ederki ikasiak zituzten nire bularralde eta gerrialdeetako tarteak, zuloak, tolesturak. Zu gabeko bideetan barna ibiltzen ikasi beharko dut, berriz ere. Bakarlanean aritzera ohituratua nintzen zu ezagutu arte. Zurekin, ordea, aldi bakan batzuetan baizik ez nuen jotzen nire buruarekin jostetan aritzera, masturbaziora. Behatz-jokoetan trebatu behar dut, berriz ere. Bai, zin degizut zure hutsa nabarituko dudala, ohatzean bederen.
Izan ere, beti zinen prest nire grina asetzeko. Beti prest lurralde berriak konkistatzeko, irabazteko. Matalas izan zara ohatzean. Bai, Matalas borrokalaria, nekazariak zapalkuntzatik ernatu zituena. Altxatzeko beharra ikusarazi ziena. Zuk ere borrokarako deia egiten zenuen, beti, maindire artean. Sexu-gosea altxarazten zenuen zure gorputzarekin. Konkistatzaile aparta izan zara. Maisua izan zara sexuan, Graxi. Gure gorputz ez-perfektuen elkarketa matxinada bat zen aurreiritzi eta aitzinetik emandako pentsamenduen kontra. Godalet-dantzan baso gainerat salto egitearen prezisio beraz mugitzen ginen elkarren azaletan. Eta godalet gainean egotearen zirrara sentitzen genuen maindire azpian. Zamaltzaina zu, kantiniersa ni.
Ez, ez zen plazera bakarrik. Ekintza politikoa ere bazen, nahiz ez zenuen maite horrela deitzea. Matalas zu, nekazari borrokalaria ni. Matalasek ere ez zuen nehoiz pentsatu izanen burua moztuko ziotenik, gure maitasunari gertatu bezala. Askatasunaren aldeko matxinada izan da gurea ere, Graxi. Bi emakume lesbiana, Zuberoako herri ttipi batean, gorputz ez-normatibo birekin jostetan aritzea, kitzikatzea, gozatzea, gozaraztea, hunkitzea ez al da, bada, ekintza politikoa? “Dena politizatzen duzu!”, erraten zenidan, haserre. Kalapita haiek, baina, guti irauten zuten. Nahikoa nuen muxu ezti bat zure lepoan, nire mingainak tolestura berri bat deskubritzea zure azalaren luze-zabalean, zure gorputz osoa kolonizatzeko. Orain, atzerat, zu gabe lurralde berriak, gorputz berriak konkistatzen ikasi beharko dut. Eta aitor dizut, ez zaidala aisa gertatuko. Orain, zu gabe, ni nerau naiz hilerria. Lorerik ere ez duen kanposantua. Ardoa beharrean ura duen godaleta. Guda galdutako laboraria.
Eta hau guzia idazten dudan bitartean, ohartzen naiz nola paratzen zaizkidan zut titiburuak. Eta irudikatzen zaitut haiei hozka egiten; eskuekin, atzaparrekin zakarki estutzen zenituen bitartean. Eta umeltzen zait barrena, hezetu, busti. Baina ez naiz orgasmorat ailegatzen. Lur-eremu horietarako bidea atzendua banu bezala ari naiz, antzu, idor. Behe-lainoan galdua nabilela susmatzen dut, itsu-itsuan, zamaltzaina godalet gainerat jauzia egiten ibiltzen den gisa bertsuan. Berriz ere ikasi beharko dut gidaririk gabe bideetan murgiltzen, xenda berriak irekitzen, Atharratzeko mendi-bideetan barna ibiltzen ikasi nuenean bezala. Lorerik ez da, oraingoz, nire baratze honetan.
***
Bai, aitortu behar dut sexua izan dela zurekin partekaturiko gauzarik onena. Gauza on bakarra. Gauza bakarra. Gozamena izan da ohatzea partekatzea. Manipulatzaile bikaina izan zara, beti, eta hor harrapatua ninduzun. Nire ahuldadeak baliatu dituzu, beti. Ederki maneiatu nauzu.
Baina sexutik haratago, gauza aunitzik ez dut faltan botako Bordelen. Atharratzeko leihoetako errezeletako begiradak eta txutxu-mutxu eta berriketak zuentzat utziko ditut oso-osorik. Ez ditut inoiz maite izan horiek. Agian horregatik ihes egin dut beti jendearen begiradetatik. Eta ez ditut faltan botako zure loreak eta toki denetan loreak paratzeko ohitura txar hori. Nondik datorkizu apeta malapartatu hori? Zertarako? Zer behar duzu? Loreak hilerrian bertzerik ez dira paratzen, eta zuk, egunero loreak behar. Etxean, leihoetan, arropetan, usainetan, eta maindire artean ere. Akaso, gaiztakeriaz, maltzurkeriaz, oroitarazteko hilerri batean bizi ginela. Eguneroko gertaerek —eta gertatzen ez zirenek, batez ere— oroitaraziko ez baligute bezala.
***
Eguraldi sargori honek astunagoa egin du nire melankolia. Etxea txukuntzen hasi naiz, zure arrastoak arrunt ezabatu nahirik. Astun, motel, poliki. Eguraldia bezala. Badirudike godaletetako ardo guziak nik neronek bakarrik edan nituela bart. Zanga eta zanga. Ederra bestondoa zamatu dudana!
Herri honi etorkizuna kendu eta akabera eman nahi dioten horiek bezala, guk ere higatu dugu gure maitasuna, Graxi. Hiltzen utzi dugu. Idortzen. Odolusten. Hilerri bihurtu dugu, lorerik gabeko maitasuna bezalaxe.
Desberdina izanen da hemendik aitzinerakoa. Atharratze zure bidetik ezagutu bainuen. Tira, herrirat zure bidez heldu nintzen. Zuk ez baitzenuen sekula Atharratze ezagutu nahi izan. Arrunt deslotua zinen herriarekin, bere hizkuntzarekin, bere kulturarekin, bere jendearekin. Manexa edo frantximanta zu zinela pentsatuko luke edonork, eta ni, aldiz, “egiazko xiberutarra, egiazko eüskualdüna”. Herriaren etengabeko hustearen aitzinean ezaxola ageri zinen, eta irtenbide bakarra onartzen zenuen: herria utzi, abandonatu, eta leku berri batean bizimodu berri bat abiatu. Azalberritu. Orain, azkenean, lortu duzu. Herriaren odolustean bertze tanta bat gehiago zara. Eta makurrena da ez zaizula inporta. Ez duzula inolako kezkarik edo errurik sumatzen. Ez penarik ere. Are okerragoa: harro zaude.
Nirekiko maitasuna bezala, herriarekikoa ere aspaldi desagertu zitzaizun. Hilerri bihurtua zenuen zure inguru guzia. Ez zenuen leku hau maite, ez bere jendea ere. Herrian bizi eta aitzinerat egiteko saiakeraren bat egiten zuen ororentzat bazenuen kantua eta kontua, izan artzaina, izan kooperatiba ttipi bateko jabea, plazako ile-apaindegi edo optika berri baten sortzailea, edota artista. Denak ginen itsuak. Denak zu ez bertze.
***
Et, et, et. Nik ez dut inoren odolik hustu, ez gure maitasunarena ere. Zuk agortu duzu, ahitu. Herri honen bizia bezala. Zu zara muturraren aitzinean zenuen higadura ikusi nahi izan ez duena. Herri honen gainbehera ikusteko gauza ez zaren bezala. Ematen zenuen urrats bakoitzean agortzen zenuen gure lur emankorra.
Zeurekoia baitzara, Cosette. Victor Hugoren liburuan Thenardier familia manipulatzaileak hezi zuen Cosette. Eta harengandik zerbait hartuko zenuen, izenaz gain. Ez nauzulakoz inoiz kontuan izan. Zure nahierara egin duzu guzia, ni aintzat hartu gabe, agintariek herri honekin menderik mende egin duten bezal-bezala.
Kartzela batean bizi nintzen zu honat bizitzera etorri aitzin, eta askatasun oihu bakoitzaren aitzinean, torturatzailerik gogorrenak bezala, ito nauzu zure erabaki bakoitzarekin. Maitasunak askatasuna ekarriko zidala uste nuen, eta borrerorik zitalena izan zara niretzat. Sorra izan zara nire lantu eta negarren aitzinean. Itsua.
Desberdina izatea zigor bat izan da herri honetan. Latza da lesbiana jaiotzea horrelako herri ttipi batean, onespenik gabe, burla eta iseka artean. Orain laguntzat dituzun horien trufak, gutiespenak eta bazterkeria pilatu ditut ttipi-ttipitatik, egunero-egunero. Gizena nintzelakoz. Emakumeak nituelakoz maite. Trauskila eta zakarra nintzelakoz. Ez nintzelakoz behar bezain femeninoa. Etxean ere euskaraz mintzatzeari utzi ziguten, ezjakintzat eta baserritartzat gintuztelakoz karrikan zure lagun horiek. Eta baztertuak ginen, baserritar usaina genuelakoz.
Orain, berriz, coola da euskalduna eta baserritarra izatea. Modernoa eta iraultzailea da hori guzia. Honez gero ez gara basques de merde. Euskaldunak izan behar dugu, orain. Bada, ni, ez naiz prest euren moda eta pitokerietara denbora guzian moldatzen aritzeko. Ez naiz prest euren ttun-ttun eta txistu-doinuetan dantzan aritzeko. Ez diet euren arribada-soinuei, euren barrikadei segiziorik eginen. Nire bizitzaren erabakiak nik neronek hartu nahi ditut, Cosette. Ez dut behar zer egin aginduko didan Matalasik. Ez dut izan nahi ardi manexa. Ez dut artaldean ibili nahi.
Atharratze odolusten ari den herri bat bertzerik ez da. Atharratzeren lekuan erran Basabürüa, Muskildi, Urdiñarbe, Maule edo Mitikile. Berdin da. Hemorragia hain da handia ezin salba daitekeela. Hobe dugu zerria erabat hil aitzin hemendik urruntzea, odolak zipriztindu ez gaitzan.
Horregatik guziagatik alde egin nahi izan dut, uneoro, lur ihartu honetatik. Baina, zuk, Cosette, zuk ez duzu begirik ireki nahi izan. Ez duzu ikusi nahi izan aitzinean zenuena. Ez duzu behatu nahi izan nire sufrimendua. Ez, Cosette, hiri burges bateko aberaskume bat bertzerik ez zara, eta Matalasek bezala jokatzen duzu bertzeekin, zer egin behar dugun, zer pentsatu behar dugun, nola jokatu behar dugun erraten. Kanpotik etorri eta utopian, gezurretan, trikimailuan aritzen zara, Matalasenera jokatzen.
***
Mingain zorrotza izan duzu beti, Graxi. Eta gero, ni nintzen Türka1, gaiztoa. Zu, khirixtia halakoa. Zu, zerutiarra. Ergeltzat, buruzuritzat hartzen gintuzun guziak. Krudela izan zara herriarekin. Krudela herria egiten gabiltzanokin. Eta koldar baten gisan joan zara. Zurea bai utopia eta ameskeria. Handinahikeria. Hiria paradisua delakoan. Zorte on, mon amour.
Nik deskubritu behar izan dut guzia, zure laguntzarik batere gabe. Aitzitik, ni saiatu naiz zuri bizi-bizirik dagoen Atharratze erakusten. Zuk burua, beti, urrunean. Hiri handia amets, erreguka zurekin joateko. Agian horrek bertzerik ez zukeen gure artekoa salbatu izanen. Baina ez nuen gezur batean bizi nahi, Graxi. Ez zinen konturatzen mendeetan zehar Ameriketarat, Pariserat, Bordelerat alde egin behar zuten haiek halabeharrez utzi behar izan zutela euren sorterria. Ez zuk bezala. Zurea hautatua zela. Kapritxoa. Apeta. Ez, orain alde egiten duzuenok ez duzue lurra uzten egur- edo espartin-fabrikak ixten direlakoz, ez goserik delakoz. Ez. Lurra uzten duzue errorik ez duzuelakoz, errotu nahi ez duzuelakoz. Eta errorik gabeko loreak ez du bizirik. Zuek ezin duzue kantatu “Agur, Xiberoa. Sor leküa ützirik, gazte nintzalarik, Parisen sartü nintzan, kurajez beterik”, ez duzuelakoz borrokarako nahikoa kuraiarik. Koldarrak zarete. Ez, zuek ezin duzue erran “Bostetan geroztik, nigar egiten dit, Xiberoa zuri”.
1 Türkak, khirixtiak eta zerutarrak Zuberoako pastoraletako pertsonaiak dira.
***
Hara! Nork utzi zuen bere herria? Nor deserrotu zen, zu ez bazinen? Zeren bila etorri zinen lur antzu honetarat? Nire bila? Edo aitzakia soila izan naiz zuk ere eskapo egiteko, ihesean joateko? Zu, xxi. mendeko Matalas, iraultzaile txundigarria, nekazariak altxaraziko zituena. Zu gure salbatzailea.
Zuk zure sorlekua uztea ez da traizioa. Zuk, emakume orojakileak, beti dakizu erabakirik onena hartzen. Zu ez zara inoiz okertzen. Zu, gure begitaziodun. Zu, gure bide erakusle. Bada, zuk zure herria uztea hautatu zenuen bezala, nik ere badut eskubidea nahi dudan lekuan bizitzeko, Cosette. Nahi dudanarekin bizitzeko. Nahi dudana egiteko. Eta okertzen banaiz, erratzen badut, huts egin, nire erabakien ondorioak nik bertzerik ez ditut sorbalda gainean hartuko. Ez dut herri oso bat kaltetuko. Eta hasiko dut bide berri bat, hori ere nik neronek hautatua. Libreki. Zoriontsu eginen nauen lur baterat joateko libertatea nahi dut. Behingoagatik libre. Konkista berrietarako libertatea nahi dut, Cosette.
***
Oroit dut Canneseko hondartza bazterreko terraza batean ezagutu zintudanekoa, Graxi. Ligatzeko app baten bidez paratu genuen hitzordua. “Ni Cosette naiz, Lyongoa”, erran nizun, eta zuk, idor, beti bezala, idor, “ni, Graxi”. Zein herritakoa zaren erratea ahantzi zenuen, nahita. Inoiz ez baitzara izan herri honetakoa. Inoiz ez baituzu zure burua herri honetan ikusi. Berehala ohartu nintzen ez zenuela zure herriaz mintzo egin nahi. Nongoa zinen galdetu ordurako, hotz, tinko, eta gogor eman zenidan erantzuna: “hilerri batekoa naiz”. Erranera hark eragin zizkidan irri-karkailak ez ditut sekula ahantziko. Zure umore beltzak harrapatu ninduen. Aitor dut.
Halako batean ikasi nuen Atharratzekoa zinela. Tira, Atharratzen bizi zinela. Ez baituzu aitortu, sekula, hau zure herria denik. Eta orain ere, gurea betirako hautsi denean, zuk erabaki duzu lur hau uztea, ihes egitea, eskapo joatea. Odolustea elikatzea. Ardoa godaletetik isurtzen uztea. Hilerrian hobia zulatzea. Lur hau nekazariena baino, jauntxo eta nobleena izatea. Nik, berriz, hautua egin nuen aspaldian. Bere herriaz harro den jendearekin bizi nahi dut, Matalas eta nekazari haiek egin zuten bezala, borrokatuz. Zailtasunak zailtasun. Odolgabetzea gelditzeko lan egin, eta ez zaurian sakondu.
***
Ez duzu nehoiz aitortu Zuberoan bizitzeak zer zailtasun dituen, zer muga. Ez, guk ez dugu Lyongo, Bordeleko edo Parisko gazte baten bizimodua eramaten ahal. Guk ez dugu ukan zuen aukerarik. Hamabi urteetarako utzi behar izan genuen gure etxea ikasten segitu ahal izateko. Eta, han, Paueko internatu ziztrin hartan, moja malapartatu haien aginduetara, han ere gutiago ginen. Gu beti ez deusak. Kauterak. Buhameak. Biarnesak baino gutiago ginela sinetsarazi ziguten. Kaikuak ginela. Gureak ez ziren manera egokiak. Herritar ezjakinak ginen. Han ere pairatu behar izan nuen gelakideen mespretxua. Herritar izatea aukera gutiagokoa izatea zela markatu ziguten azalean. Eta guraso baserritarrak, betirako pobreziara kondenatuak, gaizki sentitu behar euren seme-alabei unibertsitatean ikasteko aukerarik ematen ahal ez zietelakoz. Hori da Atharratzekoa izatea, Cosette. Atharratzen bizitzea gure maitasun antzuan bezala bizitzea da. Zure seme-alabei etorkizunik ezin eman ahal izatea. Zer izanen zaren, non lan eginen duzun eta nolako bizimodua edukiko duzun aitzinetik erabakia izatea. Hori da Atharratzekoa izatea. Miserableak gu, Victor Hugorenak bezainbertze.
Sistema guzia dago eraikia hirietako aberatsen mendean bizi gaitezen. Gizajoak izan gaitezen. Ezjakinak. Ezdeusak. Eta hala nahi gaituzte, euren jopu, euren esklabo. Hiritarren elikagaiak sortzeko baserritarrak bertzerik ezin dugu izan.
Guk ihesa bertze alternatibarik ez dugu, Cosette. Afrikako migranteek bezala (bai, horiekin bazara solidario, horiekin erakusten duzu ahizpatasuna). Gu ere kondenaturik gara lur ihartu hau uztera, biziko bagara. Egur-fabrika itxi eta gure osabak Pariserat alde egin behar izan zuenean bezala, kartzelako funtzionario izateko. Deliturik gabe kondenatu zuten osaba deserrirat, kartzela batean bizitzera, euren seme-alabentzat ogia lortzearen truke. Ez zioten bertze biderik eman. Eta zuk ere berdin jokatu duzu. Kate batekin lotu nauzu lur antzu honetarat.
Gaztaroa ebatsi dit herri honek eta bere jendeak. Horregatik erran nizun grisa dela nire herria, hilerrietako harriak bezala. Hemen, kanposantuetan bezala, ez dela inor karriketan, ez bada alargunen bat bere defuntuari agur egiten. Ni bezalako neska gizen, lesbiana, lotsatiei tradizioak eta sinesmenek zenbat kalte egin diguten ezin zenuen konprenitu. Hemen denak du elizaren kutsua, hilerriek bezala. Eta ezin izan duzu ulertu ez nuela nire intereseko jenderik topatzen, hilik zirela hemengo herritarrak. Nik hiria nuen amets, askatasun haizea. Libre izanen nintzen lur baten egarri nintzen. Ez duzu ikusi nahi izan aitzinerat begiratu behar nuela, eta gibelerat bertzerik begiratzen ez duen gizarte batean nintzela, zer izan ziren bertzerik begiratzen ez duena. Folklorearekin mozorrotzen dena. Etorkizunik gabea. Ni bezalakoentzat, hemen, bizitza bilatzea kanposantuko plastikozko loreak bezain faltsua dela. Inoiz pentsatu al duzu nola eginen nuen salto nik godalet gainera nire gorputz honekin? Edalontzi gainean paratzerako lehertu eta mila pusketan hausteak eraginen lituzkeen irriak pairatu behar izan ditut. Ez nuen godaletik behar horretarako. Nola jantziko nituen maskaradetako dantzarien soin ederrak? Horiek ez ziren ni bezalakoentzat, Cosette. Horrek denak sortu zidan nire herria ukatzea, ez maitatzea. Krudela izan da jendea nirekin, eta zuk, niri leporatzen zenidan krudela izatea, herri hau ez maitatzeagatik. Gezurrezko postal batean bizi zara, Cosette, dena idilikoa delakoan.
***
Gezurrezko postala. Hitz horiek berak erabili zenituen Atharratzeko argazkiak, lehenbizikoz, bilatu nituenean nire mugikorrean. Eta une hartan bertan ohartu nintzen zu ezagutzeko bezainbertze behar sentitu nuela Atharratze ere ezagutzeko. Ezin zen horrelako herririk izan lurraren gainean. Ezin nuen sinetsi herri osoan ez zenik jende interesgarririk. Ez nuen sinesten ahal ez zela libertimendurako aukerarik. Ez deus modernorik ere. Eta zure gorputzeko ataletan galtzeko gogo beraz ezagutu nahi nituen Atharratzeko karrikak, mendi txokoak, bazter denak.
Arrats hartan bertan erori nintzen zure eskuetan, Graxi. Zure hitzetan bezainbertze ironia zegoen zure atzaparretan. Nire gorputza ukitzen zenuen aldiro lur berri bat ezagutzen genuen, elkarrekin. Nire alua zure eskuetan harrapatu zenuenean, inoiz ezagutu gabeko lurraldeak konkistatu nituen. Zure eskuetan enperadore baten boterea zenuela ohartu nintzen. Matalasen arima gordetzen zenuela. Zail zela zure aginterritik eskapo egitea. Su artifizialak, tsunamiak, sumendiak, leherkurak hiperbole guziak ttipi gelditzen ziren biak ohatzerat elkarrekin sartzen ginenetan. Barrikada bat hausten zen, aldiro, gure ohatzean. Ofizio berri bat, Txorrotxen kantura moldatua. Gabota dantzaren perfekzioa errepikatzen genuen izaren azpian. Jostetarako abilezia berezia izan duzu, Graxi, baita azken aldietan ere.
Canneseko karrikak, bazterrak, txokoak apenas ezagutu nituen oporretako aste hartan. Bai, ibili ginen karriketan goiti eta beheiti. Bisitatu genituen ikusi beharrekoak. Gurutzatu genuen, eskutik estu-estu hartuta, oratuta, harrotasuna gainezka genuela, La Croisette bulebarra. Ibili ginen portu zaharrean eta Le Suquet auzoko karrika eta plazetan. Galdu ginen Forvilleko merkatuan barrena. Ailegatu ginen La Boccaraino. Baina ez nituen haiek denak ikusi. Zuretzako baizik ez bainituen begiak. Gehiago ezagutu nituen zure gorputzeko atal guziak hango karrikak eta txokoak baino. Turisten mapa zure azalean tatuatuta aurkitu nuen. Bidaia hartan joan zitzaizkidan, behin betirako, jaio nintzenetik nire gorputzarekiko sentitutako nazka, gorroto eta destaina guziak. Ez nion erdeinuz gehiago begiratu nire azalari, nire buruari. Zuri esker jaio zen Cosette berri bat, nire gorputzaz harro sentituko nintzena, eta nire gorputzeko estaldura eta toles berriak ezagutzeko bide eman zidana. Akabo konplexuak. Akabo betirako erruduntasuna, gorrotoa eta gutiespena. Akabo irainen aitzinean burua makurtzea, eta gizenfobikoei isiltasunarekin erantzutea. Zure gorputzarekin nola, nirearekin gozatzen ere ikasi nuen hala. Gozamena bertzerik ez zegoen gu bion gorputzaren zokoetan, mingainarekin miazkatutako bazterretan, azalaren geografietan. Eta hori guzia zuk irekitako bideetan barreiatuta deskubritu nuen. Mapa eta iparrorratza izan zara, biak batera. gps bat.
***
Sexuan hartu nuen aterpe. Sexu-grina betetzea izan zen oporraldi haren helburu nagusia, inork ezagutuko ez ninduen lur batean aske izatea, astebetez bazen ere. Telefonoko pantailan match egin zenuenean zerua ireki zitzaidan. Nik ere sentitu nuen, behingoagatik, norbaitek bere soa niregan paratzen zuela. Ez nintzela gardena edo ikusezina. Eta zurekin elkartu ordurako ohartu nintzen deskubritu beharreko lurraldeak nituela aitzinean. Ez nintzen sekula emakume batekin ohatzean sartu. Ez nintzen sekula sexu-jostetatan aritu. Nire gorputzari ere apenas emana nion autoplazerik ordura arte. Berandu deskubritu nuen sexualitatea; herrietako ezjakinok, horretara ere, berandu heltzen baikara. Ez nuen emakume lesbianen erreferentziarik inguruetan, eta dena bekatu eta zikina zen lurraldeetan bizi nintzen ordura arte. Apaizen eta mojen gonapetan ibiliak ginen, nahi baino gehiago. Bertzelako gonak debekatuak genituen.
Nire gisara zuk ere kiloak soberan izateak natural jokatzeko bidea eman zidan, bat-batean. Deskubritu nuen nire burua maita nezakeela, eta bidenabar, bertze norbait maitatu, hark ni ere maita nintzakeen bezala. Eta zure gorputzaren deskubrimendura abiatu nintzen, bidaia berean nirea ere aurkituko nuelakoan. Urtetan pilatutako grina, gogoa, antsia erauzi nituen, kolpetik, eta ordura arteko ardi manex apala otso bihurtu zen. Hura besta! Nire buruarekin ere harriturik, gozamena bertzerik ez nuen topatu zure gorputzean. Haragi zati bakoitza zen aitzinekoa baino gozoagoa. Zure mingainak ukitzen ninduen aldiro pizten zen nire baitan su berri bat. Eta lehenbiziko gaueko eztanda errepikatu egiten zen egunero-egunero, zazpi eguneko oporraldiak iraun zuen bitartean. Soilik Canneseko tren-geltokirat ailegatu nintzenean ohartu nintzen bukatu zela dena, Atharratzen ez zuela jarraipenik izanen plazeraren bestak. Ezinezkoa zela aste hartan bizitakoa Atharratzen errepikatzea. Iluntasunerat bueltatzen nintzela. Basabürüan ez zela argirik biztuko, sekula, niretzako. Une hartantxe erabaki nuen ez nuela gehiago bizi nahi Atharratzen. Kartzela bat izana zela urte haietan guzietan, plazera bahitu zidana, nire izaera ebatsi. Kanposantu batean bizi izan nintzela, bizirik gabeko toki batean. Hiria behar nuela. Anonimotasuna behar nuela. Bertzeen begiradetatik eskapo ihesian joan behar nuela. Banuela indar nahikoa deliberoa hartzeko, eta ez nuela sorlekurat lotuta kondenaturik bizi behar.
***
Canneseko tren-geltokiko agurrean agindu nizun, eta agindu nion nire buruari, Atharratzerat joanen nintzela zure bila. “Ez zaitez etorri, Cosette, hilerrian hildakoak bertzerik ez daude. Eta hileta-funtzioa aspaldi izan zen”, erran zenidan.
Baina zuri deus erran gabe plantatu nintzen Atharratzen, bisitan. Haiek espantuak, haiek hasperenak eta zizpuruak zureak! Kauterak isilagoak, aisa! Alde egin behar nuela agindu zenidan. Ezin gintuztela elkarrekin ikusi. Kezka bazenuen lesbianatzat hartuko zintuztela herrian. Bitxia da, zuretzat batere inportantziarik ez zuten herritar haiek lesbiana zinela deskubrituko zuten beldur baitzinen, denek zekitenean zein gezurretan bizi zinen.
Deseroso zitzaizun nire presentzia. Deseroso zinen zure herrian. Godaleta irauli eta kristal hautsien gainean dantzan zenbiltzan, espartinak ardotan bustita. Segituan konprenitu nuen zure buruari paratzen zenion isiltasunak sentiarazten zintuela deseroso. Ez zen hilerri bat zuretzat Atharratze. Ez. Armairu bat zen. Eta lekurik gabe gelditua zinen bertan, itolarriak jota. Zoko-usaina zerion zure egonaldi hari, kanfor-usaina. Eta kanforrak bezala, haserrea, narriadura eragiten zizun haren usainak, zu ohartu gabe. Gordeka ibili beharrak sortzen zizun zure herriarekiko herra eta gorrotoa. Eta gerora, armairutik aterata ere, ez zinen gauza izan gorroto hura gainditzeko, berriz ere maitatzeko. Min hura dena barrenean pilatua zaizu, Graxi, hilerriko lore zimelduak bezala.
Nik, berriz, Googleko bilaketak emandako argazkien edertasuna aurkitu nuen karrika haietan. Are eta ederragoa iruditu zitzaidan begien aitzinean ikusten nuena. Kolpetik maitemindu nintzen herriaz, zurekin maitemindu nintzen bezala. Eta argi ikusi nuen nire patua hemen zegoela. Nazkatua nintzen hiriaren erokeriaz. Nazkatua estresaz eta anonimotasunaz. Matalas nobleen eta jauntxoen gehiegikeriaz nazkatuta sentitu zen bezala. Zerbaiten parte sentitu nahi nuen. Kolektiboan lan egin. Gustatzen ez zaizkidan gauzak aldatzeko bertzeekin lanean aritu. Gustatzen zaizkidanak mantentzeko borroka egin. Nire foru partikularrak berreskuratu. Deserosotasunarekin bukatu nahi nuen, lasai bizi. Bizi. Aldaketa bat behar nuen nire bizitzan, eta lehen begi-kolpetik zurekin eta herriarekin maitemindu banintzen, honek behar zuen lekua bizitza berri hori eraikitzen hasteko. Eta halaxe adierazi nizun Lyonerako bueltako bidaia abiatu aitzinetik: dena utzi eta herrirat etorriko nintzela bizitzera. Elkarrekin osa genezakeela familia bat, bizitza-proiektu berri bat.
Haiek izerdiak zureak! Haiek marruak eta ito beharrean arnas-hartzea! Alde egiteko zure begi-bistatik, betirako. Atzentzeko zutaz. Ez zenuela nitaz deus jakin nahi. Ea zure bizitza izorratzera etorri ote nintzen. Eskuekin bularraldea bulkatzen zenidan, alde egiteko zure aitzinetik. Herritik bota nahi ninduzun, ez bakarrik hitzekin, baita eskuekin ere, bulkaka, ordura arte ezagutu gabeko biolentziaz. Horrela aritu ginen luzaroan. Hamar bat minutuan bai, karrikaren erdian. Ez da halako tragediarik antzeztu, sekula santan, ez maskaradetan, ez pastoraletan, Zuberoa guzian. Eta indar denak ahitu zitzaizkizunean, amore eman eta etxerako bidean paratzekotan zinenean, besotik heldu nizun, eta inoiz eman dizudan musurik suharrena oparitu, karrikaren erdian, jende guziaren begien bistan. Hura bertze hasiera bat izan zen. Gure maitasuna jendearen aitzinean erakustearena. Jendeari gure harrotasuna agertzearena. Dantzariek godaleta eskuetan dutela emandako ardo-tragoa. Eta inoiz aitortu ez badidazu ere, izugarri eskertu zenuen.
***
Gauzak zure maneran baino ezin dira egin. Ez duzu onartzen norberak bere denborak eta lekuak behar dituela. Zuk erabaki zenuen noiz eta nola ireki behar zen, parez pare, nire armairua, plazaren erdian. Zuk aitortu duzu armairu horretan bezala, kanfor-usaina bertzerik ez dagoela lur honetan. Zoko-usaina. Zure lore guziekin ere ez zaio joanen usain zakar hori herri honi!
Zu ez zinen hemengoa, eta bost axola zitzaizun etxeko trapuak karrikaratzea. Orduan ere ez zenuen nirekiko begirunerik ttipiena erakutsi. Orduan ere ez zenuen egoera behar bezala leitzeko gaitasunik izan. Eta, betiko moduan, ez zinen prest nire iritzia aditzeko. Eta, zinez, ez zinen gauza zurekin ohatzea partekatzen zuena nola sentitzen zen ikusteko. Banpiroa zara, Cosette, bertzeen odola zurrupatzeko, edonor odolusteko gauza zara, zu bizirik mantentzearen truk.
Ez, ez gara maitaleak izan. Zuk ez duzu maitasunik erakutsi nirekiko. Sexu-grina bai, baina maitasunik ez. Miserableetako Javert izan zara, izaera zurrunekoa, nire sentimendu eta nahien kartzelazain. Edo Eponina izena behar zenuela pentsatu izan dut, maiz, liburu bereko eguzki epeletako neskatxa mimatua.
Sexuaren gozamenak itsu-itsuan ekarri nau gaur arte. Gosta zait jabetzea, panpina baten gisara nahieran erabili nauzula. Gosta zait ikustea sexua bertzerik ez zenuela nahi nirekin, ez zenuela maitasunik emateko. Azala gogortu behar izan dut herri honetako jendearengandik babesteko, eta pentsatzen nuen, nik bezala, zuk ere maitasunaren oskola gainean zenuela paratua, zure burua babesteko. Eta pentsatzen nuen denbora kontua izanen zela nik zure bihotza uzkurtzea. Bihotzik ez duzula konturatu naiz, ordea. Berandu. Eskuzabal ageri zara jendearen aitzinean, abegikor. Baduzu jendeari losintxak egiteko gaitasuna, limurtzeko, laudatzeko. Baina krudela zara. Gauzak zure gisara moldatzen dituzu, eta maneatzaile aparta zara. Bazenekien sexu-gosea zela nire puntu ahula. Eta hortxe kolpatzen zenidan, gauero-gauero, hutsik egin gabe. Eguneroko joko eta jolas berriak asmatuz, drogazale baten modura zuri kakotua segi nezan. Botilatik zurruta egin nezan arratsero, mozkorrek bezala. Hainbertze sufritu dudan lurrean nahi ninduzun, sufritzen segi nezan. Kateekin lotua. Eta ez zara ohartu zure erabaki bakoitzarekin askeago egin nauzula. Zure ekintza bakoitzak gehiago urrundu nauela jaio nintzen lurretik. Zuk eta zure lagunek bultzatu nauzuela aspaldian eman behar nuen pausoa ematera. Beraz, bi gauzatan, bederen, lagundu nauzula ezin dut ukatu: sexuarekin gozatzen ikasi dut, batetik; eta zoriontsu eginen nauten lur berrietarat bultzatu nauzu, bertzetik. Tira, gozatzeko ere sufritzen ikasi behar omen da.
***
Lyongo kontuak itxi, eta aste batzuen buruan Atharratzen nintzen, atzerat. Alokairuko etxe bat aurkitu bitartean Piellenian hartu nuen ostatu. Ez da langintza erraza herriotan etxebizitza topatzea, eta aste batzuk behar izan nituen. Etxea aurkitu eta gero, zu nire aterperat hurbiltzea ez zitzaidan hainbertze gosta. Tarte horretan lekuz kanpo ibili zinen, ordea, nire erabakia ezin konprenitu. Gure maitasunaren kimua loratzeko esperantza handirik gabe, atezuan, baina loratuko bazen, lili hura esku artean hartzeko pronto. Sekula ez duzu lehenbiziko urratsa emanen. Beti zain, ea loratzen ote den maitasuna, noizbait. Bertze norbaitek ongarritu dezala. Zuk ureztatu gabe. Bere kasa loratzeko miran.
Aterpe hartua nuen Piellenian berean hasi nintzen lanean, dena egosten den plazan. Segituan hasi nintzen batekin eta bertzearekin harremana egiten. Aste baten buruan zuk bizitza guzian baino jende gehiagorekin egin nuen harremana eta solasa. Lehenbiziko egunetarako ohartu nintzen hura ez zela hilerri bat. Herri-gogo bizia zegoela han. Liliz beteriko baratzea zen hura, Graxi. Eta nik, baratze bat nahi nizun egin, “amets sekretuenekilan, liliak egün jauntzi eijerrenetan, mila kolorez dantzan bihotzetan”.
Segituan egin nituen lagun berriak, eta haien bidetik heldu nintzen gau-eskolarat. Hura ere ez zenidan konprenitu. Zertarako ikasiko nuen hila zen hizkuntza bat. Berriz ere pastorala. Berriz ere tragedia. Ez zinen gauza ikusteko hemengo gazteak hizkuntza biziberritzeko egiten ari ziren saiakerak. Euskarak ez zuela deusetako balio, debekatu behar zela oihu egiten zenidan, jakobino baten gisara.
Deus gutirako balio izan zuten zure orroek. Motibazioz betea joaten nintzen astean hirutan euskaltegirat. Han ezagutu nituen Jean Baptiste, Ines, Jerome, Ainhize eta bertze hainbat gazte zuberotar. Haiekin murgildu nintzen Atharratzen. Ortziraletako Prefostako gazteen ekitaldietan parte hartzen hasi nintzen. Ortzegunetan elkartzen ginen plazako ostatuetako pintxo-edanera. Aldi bakanen batean lortu nuen zu ere nirekin etortzea. Baina hain zeunden deseroso, hain desegoki jokatzen zenuen hangoekin, etengabe jendea epaitzen, neroni ere deseroso sentitzen nintzela, eta gainerakoak ere hala sentiarazten zenituela. Ez zen inor libratzen. Denak zenituen larrutzen. Matalasi bezala, zuk ere mozten zenien lepoa denei. Denek zuten hutsuneren bat, akatsen bat, ohartu gabe zuk ere, gure gisara, bazenuela ipurdian zuloa. Ederra gainera!
***
Liluratua zinen jende postmoderno horrekin guziarekin. Jakin gabe, atzo arte, homofobo hutsak zirela. Jakin gabe, gure haurtzaroan, zurekin euskaltegian ziren cool horiek zirela etxean ikasi genuen euskarari trufa egiten ziotenak. Ez ikusi nahirik nire presentziak zeinen deseroso egiten zituen. Soberan nintzen zuen bestetan eta topaketetan. Traban nintzen zuen solas eta eztabaidetan. Iseka egiten zenuten zerbaitetan zuen iritziarekin bat egiten ez nuenetan.
Egiten duzun orotan izan behar duzu ausartena, berritzaileena. Desberdina beti. Ezin duzu paper diskretu bat hartu. Ezin duzu nabarmenkerian aritu gabe jardun. Ez. Bertzeek beti ikusi behar zaituzte, eta bertzeen onespena behar duzu. Zeinen jatorra Cosette. Zeinen konprometitua Cosette. Beti laguntzeko prest Cosette. Elkartasuna darizu, Cosette. Maitagarria izan behar denen begietan. Eta kanpolarrosa izan behar horretan, etxekoa ez duzu batere zaindu. Nahiago duzu bertzeen oniritzia jaso nirekin deus partekatu baino lehen. Nahiago duzu bertzeak aseko dituen zerbait egin, nahiz horrek gure arteko tartea handitu. Ez zara gauza izan harremana sendotzeko, luzatzeko, itxuratzeko deus egiteko. Zalantza dut nirekin baino herriko jende horiekin guziekin maitemindu ote zinen. Ohatzean baino ez ninduzun bilatzen. Hor, zure lagunek ez dizute plazerik eman. Bistan da. Hori izan da nirekikoak mantentzeko izan duzun hari bakarra. Eta, orain, betirako hautsi duzu. Eten duzu. Lur hau ere antzutu duzu. Ihartu. Sikatu. Elkortu. Idortu.
***
Lagunarte hartan ezagutu ditut nekazaritzatik bizitzeko ahaleginak eta aukerak eskatzen dituzten gazteak eta haiek biltzen diren elkarteak. Mintzalagunean aritzen naiz astean behin, ni bezala euskara ikasten ari direnekin. Ikastolaren alde dirua biltzeko talo-postuan aritzen naiz lanean, musu-truk. Eta han ezagutu nuen Juliette, ni bezala hiri handi batetik eskapo etorri, tokiko mutil batekin maitemindu, eta herrian loradenda bat paratzea deliberatu zuena. “Zu erotu zara”, erraten zioten. “Hildakoentzat bertzerik ez dizkizute erosiko loreak”, aditu behar izaten zuen. Atharratzeren biziberritzean bere alea paratu nahi zuen berak ere. Bizimodua atera. Dantza-jauzietan parte hartu nahi zuen, olgetan ibili, borobilean dantza egin. Baina zu bezalakoek ez duzue lorerik nahi, basamortu nahi baituzue lur hau. Eta etxerako loreak eta landareak han erosten nituenean purrusta botako zenidan, Julietteren soldata finantzatzen aritzen nintzela, nire ekintza sozial bat gehiago zela hura. Ea hura ere ekintza politikoa ote zen. Bada, bai, loreak erostea ere izan daiteke ekintza politikoa! Ez zenituen loreak maite. Eta Juliette ere ez.
Eta lagun haiekin murgildu nintzen etxe hutsen kontrako asanbladaren bilkuretan. Matalasen gisara, guk ere egin nahi dugu iraultza, noble, jauntxo eta aberatsen kontra. Gure eskubideak urratzen eta zanpatzen, zangopilatzen dituztenei aski dela errateko. Zuberoako Foruak berreskuratzeko, herriaren nahia bete dadin. Herrian duin bizi ahal izateko. xvii. mendeko nekazariek bezala, guk ere defendituko dugu gure lurra.
Arrakala gero eta handiagoa zen. Goizean goizetik bakoitzak bere bidea hartzen genuen. Frantsesez bizi zinen zu, Graxi. Frantses bizimodua ukan duzu beti. Atharratzen jaioagatik ere, frantximant galanta! Nik, aldiz, gogoa nuen ttipitik eragiteko, komunitatea josteko, jendearekin elkar-harremanean egoteko. Agudo ikasten ari nintzen euskara, eta hura praktikan paratzea bertze gogorik ez nuen. Euskaraz moldatzen saiatzen nintzen jendearekin. “Utopia, ameskeriak, ergelkeriak, konplexuz betea” nintzela erranen zenidan. Alferrik zen bertzerik ikusaraztea zuri. Ezin zenuen onartu Ibani bere baserriko jogurtak erostea. Garesti ziren zuretzat Marieren ogi biologikoak. Ez zenuen behin ere aitortuko zeinen goxoak ziren Joanesen baratzekoak eta sagar-jusa, edota Sophieren ahate-gibela. Mixelen gasna eta bildoskia bezalakorik ez duzu dastatu. Eta, hala ere, denak ziren baztertzekoak zuretzat. Fu eta fu! Errazagoa zitzaizula lantokitik atera eta Mauleko Carrefourrerat joan eta erosketa guzia aldi berean egitea. Denbora gutiago behar zenuela, eta merkeagoa zela, gainera. Ez zenuen konprenitzen ahal jende horrek guziak bizimodua ateratzeaz gain, herria egiten duela, komunitatea josi, elkar hartu. Ez nuen asmatzen herrigintzarentzat frantsesezko hitz egokirik topatzen, eta, ondorioz, zuk ezin ulertu haren zentzua. Ez zenuen ikusten hemengo jendeak hartu duela lurrarekiko kontzientzia. Lotura bat sortu duela bere izatearekin. Maitasun istorio bat badela herritarren eta bizi diren tokiaren artean, eta egunero elikatzen eta ureztatzen dutela maitasun istorio hori, luzaroan iraun dezan, zimeldu ez dadin. Ez zenuen onartzen zuretzat hilerria den honi zentzu bat ematen diotela horiek guziek. Eta horien parte ere banaizela ni. Baina zerbaitetan tematzen zarenean alferrik da zulo beltz horretatik zu aterarazten saiatzea, Graxi.
***
Mundua salbatzera etorria zinen, Cosette. Beti lezioak ematen. Zer eta non erosi behar zen deliberatzen. Nire dirua zertan eman behar nuen erraten zenidan. Soldata ttipia ukan dut, eguna lanean emanagatik ere. Jatekoa tokirik merkeenean erosteagatik errieta egiten zenidan. Beti zenuen utopia elikatzeko norbaiti sosak oparitu beharra.
Eta, halako batean, ostatuko lanaz nekatu zinela, eta “ekintzaile” bihurtu zinen. Zure negozioa paratu nahi zenuela. Zer eta denda bat zabaldu nahi zenuela herriko plazan, eroslerik gabeko tokian. Liburuak, kafea, eta bigarren eskuko salgaiak paratuko zenituela. Denda bat ez, “topaleku” bat sortu nahi zenuela, merkatuaren eta kapitalismoaren logiketatik harago. Ameskeria. Bertze amesgaizto bat niretzat. Ez zenion erreparatu, zure diru-sarrerarik gabe, etxeko alokairua ordaintzeko egin behar nuen ahaleginari. Ez zitzaizun inporta elikagaiak erosteko hilabetero zenbat diru behar zen. Denda hartan sartzen ziren ogerlekoekin ezin zenuen bizimodua atera. Utopia elikatzearekin kontent zinen, baina gure sabelak ezin bete. Eta diru-sarrerarik gabe ere, berdin-berdin joaten zinen lagunekin afaltzera. Berdin erosten zenituen erreximenta, ogi eta gasna bioak, supermerkatukoak baino aisa garestiagoak. Eta errieta eginen zenidan diruaz hitz egin behar genuela erraten nizun aldiro. Nire bizkar bizi zinen, bizkarroi aparta!
Bai, aitortuko dut denda irekitzea erabaki zenuenetik, gure artekoa ez dela berdina izan. Arrakala hura ez genuen gainditu, eta arrunt hustu zen gelditzen zitzaigun odol pizarra. Berriz ere godalet hautsi baten kristalak lurrean, eta ardoa isuria. Edo Matalaskerien ondorioz hildako nekazarien odol isuria. Hasieratik erran nizun negozio hark ez zuela bizitzeko emanen. Erotuta zinela adierazi nizun, burugabekeria galanta zela. Gure ekonomiak porrot eginen zuela ikusarazi nahi nizun, eta alokairua ordaintzerik ez bagenuen, ez genuela alternatibarik, nire gurasoenerat joatea ez zelakoz aukera bat. Orduantxe pentsatu nuen, lehenbizikoz, etxetik alde egitea. Pazientzia agortu zitzaidan. Pazientzia agortu zenidan. Damu naiz orduan alde egin ez izanaz. Baina, bertze behin, zure musuekin irabazi ninduzun, liluratu, ziria sartu. Geroztik, ordea, luzapen luze bat izan da dena. Odoluste etengabe bat.
***
Dendak segituan lortu zuen Atharratzeko eta Basabürüa osoko herritarren arreta. Salmentak onak ziren, nahiz ez duzun horrelakorik sekula onartu. Zure apokalipsia, bertze behin, ez zen bete. Bigarren eskuko arropak, etxerako osagarriak, liburu eta diskoak zernahi erostera hurbiltzen ziren basabürütarrak. Eta hasi zitzaizkidan ere salmentarako gauzak ekartzen, etxean soberan zituztenak. Eta dendaren bazter batean leku egin nien Ibanen, Marieren, Joanesen, Sophieren, Mixelen eta inguruko herrietako bertze lagunen erreximenta, ogi, jogurt, gasna, barazki, jus, ahateki eta bertzelako salgaiei. Laster bihurtu zen denda eskualdeko jendearen bilgune. Maiz ikusten zintudan leihotik beha, zelatan, kirika, jendearen joan-etorria ezin zenuela jasan. Ez zenuen sekula onartuko zerbait berria sortzeko gauza izan nintzela, herritarrak elkartzeko topagune bat bihurtu zela hura. Maskarada bat egunero. Ez zinen etortzen neskenegunetan Basabürüko laborariekin egiten genuen gosarirat. Ez ortzegun arratsaldeetan eskualdeko emakumeen bilkurarat ere. Txutxu-mutxuak zirela iruditzen zitzaizun. Eta gu, aldiz, gure kontuez gustura aritzen gara. Aste batetik bertzerat taldeko emakume bat arduratzen da, txandan-txandan, merienda prestatzeaz, eta solaserako gai bat ekartzeaz. Han aritzen gara hilekoaz, etxebizitzen prezioaz, Irurin ireki duten lantegiaz, Mauleko espartingileen lan-baldintza kaskarrez, Herriko Etxeko kontuez, Ukrainatik etorri berri diren errefuxiatuez edota Basabürüko eskolak elkartu eta murgiltze-eredua paratu nahi dutelakoz herrian sortu den kalapitaz. Errespetuz eta patxadaz aritzen gara, gehien-gehienetan. Oihanak ekarritako bixkotxa gaur; deus ez prestatzeko astirik ez eta Mauleko merkatuan Marthek erosi duen ogi eta xingarrarekin hurrengoan; Mandisaren falafela batean; eta Dagassaneko gurinezko croissant kurruskariak ekarri ditu Juliettek bertze aldi batean; etxeko ahatekia edota baratzetik bildu berri dituen piku eta sagarrak Uhainak... Eta kafea beti. Beltz-beltza. Bero-beroa. Kafea eta konplizitatea ez daitezela falta. Eta topaketa bukatutakoan, dendako nobedadeei begiztatzen diete guziek. Loredun alkandora polita eraman du gaur Lourdesek. Loreak paratzeko botila eta Ibanen ogia Anniek. Ezagutzen ez duen idazle baten liburua Odilek. Gaur gustukorik ez duela ikusi eta esku hutsik joan da Oihana, baina lasai egoteko, itzuliko dela heldu den ortzegunean, berriz ere, plazerarekin. Dagoeneko erabiltzen ez duen berokia ekarri dit Juliettek. Garbitu duela, eta urratu ttipi bat josi diola, baina ona dela, eta agian norbaitek erabili ahalko duela. Berak estu duela, eta saltzeko nik. Irabazitakoaren zati bat izanen da beretzat, saltzea lortzen badut. Eta mundu justuago baterako ametsak aseko gaitu biak. Ameskeria zuretzat, Graxi.
Borzpasei ginen hasieran. Dozena eta erditik goiti biltzen gara, orain, adin guzietakoak. Arnas hartze bat da Lourdesentzat, gurasoen zaintza ordubetez gutienean ahazten baitu hemen den bitartean. Herriko bertze emakume batzuk ezagutzeko parada baliatzen du Houdak, errefuxiatu siriarrak. Euskara praktikatzen du Marthek, erretreta hartutakoan hasi baita hizkuntza ikasten. Eta denen artean zaintzen dugu Uhainaren alaba ttipia, Aroa, amak begirik kentzen ez diola. Ahalduntze ariketa bat da, bistan da. Bai, hau ere politikoa. Gune segurua, epaituak izanen ez garen tokia. Tira, nik bai, nik jaso dut egunero zure epaia. Baina aspaldian ikasi nuen zure hitzei sorgor izaten.
***
Bai, horretan espezialista bihurtu zara, sorra eta gorra izaten. Zure kontu ttipiak munduaren akabera ziren. Zure kausa galduak partekatu behar nituen, beti. Bertzeen lekuan sekula paratzeko gaitasunik ez nuela leporatuko zenidan. Nork eta zuk! Halakoetan, isilik gelditzea erabakitzen nuen, gure artekoak okerrerat egin ez zezan. Ni saiatu naiz gureari eusten. Bai, gurea, ohatzetik haratagoko bizimodua. Ez nuelakoz nahi maindire azpiko jostetara mugatzea gure artekoa. Baina zuk aspaldi erabaki zenuen horretarat lerratzea gure artekoa. Ez ninduzun bertze deusetarako behar, sexurako ez bazen. Ez zitzaizun inporta etxe honetako giroa. Ez eguna nola ematen nuen. Ez zinen gauza nire tristura edo bakardadea irakurtzeko. Horregatik deliberatu nuen zirkinik erran gabe gelditzea zela onena. Ez nuelakoz istilu etengabean bizi nahi. Alternatiba bakarra kalapita eta liskarra zirelakoz.
Baina gaurkoak muga guziak gainditu ditu, Cosette. Nazkatu nauzu zure utopia eta gezurrekin. Etengabe Matalas izan beharrarekin. Mundua konpontzeko superbotere horrekin ezin dut gehiago. Bertzeen bizitzetan sartzeko duzun joera horrek amorrarazten nau. Bazenuen etxe bat, nirekin osatutako familia bat, baina beti bertzeen etxeetan sartu behar izaten duzu muturra. Bertzeen etxeez kezkatu zarenaren erdia kezkatu izan bazinen gureaz, bikote zoriontsua ginateke, luzaroan. Eta oraingoan, muturra baino gehiago, gorputz osoa sartu duzu, baita hanka ere. Nor zara zu bertzeen etxeak eta lurrak okupatzeko? Nor zara zu bertzeei errateko zenbatean saldu behar duten euren etxea, eta nori saldu behar dioten? Ez, Cosette, ez, ezin duzu goizean negozio kapitalista baten nagusia izan, eta arratsaldean komunista gorri iraultzailea bilakatu. Zure bizitza gezur handi bat da, eta aspertu naiz. Ez dut zure gezurraren parte gehiago izan nahi.
***
Hau ez da komunista gorrien kontua, Graxi. Justizia soziala da. Victor Hugok Miserableak liburuan agertu nahi izan zigun gizateriak etengabe borrokatu behar duela etorkizun hobea lortzeko. Miseriak, axolagabekeriak eta errepresio-sistema basati batek desberdinkeriarat eta zorigaiztorat bertzerik ez garamatzatela. Horregatik bihurtu zuen Jean Valjean pertsona zintzo, gizarte bidezkoagoa bilatzeko barkamena eta eskuzabaltasuna behar direlakoz.
Baina zer jakinen duzu zuk justiziak sozialaz eta eskuzabaltasunaz, zeure buruaz bertzerik kezkatzen ez zaren horrek! Larria da herrian gertatzen ari dena, Sorholüzeko lurjabeen aferarena. Eta larritasun horren aitzinean erantzuteko beharra ikusi dugu herrian bizitzen gelditu nahi dugunok. Errepresio-sistema basatia geldiarazi. Desberdinkeriarekin finitu. Odolustea eten. Horren berri eman nahi izan nizun. Baina ertzo baten moduan erantzun zenidan, zeure onetik aterata. “Okupa zikina”, “puta zorrizua”, “alfer gorotza” eta bertzelako perla batzuk bota zenizkidan. Zer eta espekulazioarekin bukatzea proposatu genuelakoz. Matalas bezala gehiegikerien kontra altxatu garelakoz. Aski da erran dugulakoz. Herri bizigarriagoa nahi dugulakoz, etorkizun hobeagokoa, miseriarik gabe, gizarte bidezkoagoa, finean. Azaldu nahi izan nizun —baina histeriak jota zeunden deus aditzeko— ingelesak eta paristarrak dena erosten ari direla. Azkeneko berria da sorholüzetarrek milioi eta erdi euroan salduko dutela euren eremua, espekulazioaren mugak infinituak direla erakutsiz. Eta hura geldiarazi behar zela aditzera eman nizun. Ez zela onargarri kanpotik etorri, prezioak igan, eta mozkinak lortzeko helburua bertzerik ez dutenen eskuetan uztea herria, gazteek alde egin behar duten bitartean, zer eta etxebizitza bat erosterik ez dutelakoz. Ez, Graxi, ez, gazte horiek ez dira zu bezalakoak. Horiek hemen bizi nahi dute. Erroak lurrean ongi finkatuak dituzte.
Protesta gisan, sorholüzetarren eremua eta etxea okupatuko genituela kontatu nizun. Bai, ekintza politikoa izanen zen, bete-betean, hura ere. Ez, ez nizun eskatu zu ere nirekin etortzeko, ongi bai baitakit erritu sataniko batean parte hartzearen gisakoa litzatekeela zuretzat hori. Edo okerragoa. Baina enpatia amiñi bat bertzerik ez nizun eskatzen. Inozentea ni! Enpatia nori eta zuri. Etxegabeekin ere ez duzu gupidarik. Gerratik eskapo herrian hartutako siriar familiarekin mespretxuz aritu zara beti, eta herriz herri jakiak saltzen ibiltzen diren euren gastronetatik ez zenuela sekula santan deus janen agindu zenidan. “Arratoien janaria” deitzen zenion, burlati. Harrez gero, astero ekarri dut afaltzeko haien durum eta falafel goxoa. Eta gisara jokatu zenuen Albaniatik, Kosovotik edota Ukrainatik ere etorritakoekin. Zu bezalako zuriak bertzerik ez dituzu onartzen. Zurikeria galanta, zurea, Graxi!
Sorholüzetarren lurretan eta etxean sartu gara berrogeita hamarren bat lagun, gaur goizean. Prestatuak zituzten Basabürüko gazteek pankarta ikusgarriak. Paskinak ere pronto genituen, galdezka zetorrenari emateko. Baina fite ziren han jendarmeak, auzokoren baten dei salataria hartuta. Ordu erdi genuela handik ateratzeko. Bertzenaz, bortxaz botako gintuztela. Mehatxuaren aitzinean, bertze hogeien bat jende hurbildu zaigu protestara. Musika eta umorerik ez zitzaigun falta. Bagenuen protestarako kuraia eta kemena. Mauletik edo Pauetik, edo batek daki nondik, jendarme andana etorri da, berriz ere. Matalas bezala, mertzenarioz eta armaz isilarazi nahi izan gaituzte. Sorholüzetarrak ez baitira edozein, eta euren etxeak, lurrak eta sosak, berriz, ukiezinak. Atharratzen sekula ikusi gabeko biolentziaz eta bortizkeriaz jokatu dute txakurrek. Borrekin kolpatu gaituzte, arrastaka atera, ke-poteak jaurti eta iskanbilen erdian, zazpi lagun atxiloturik eraman gaituzte herriko jendarmeriarat. Bortz ordu eman ditugu han, eta epaiketaren esperoan geldituko garela jakinarazita bidali gaituzte etxerat. Guri ere, Matalasi bezala, moztuko digute lepoa, eta herriko plazan zintzilikatu, boterea eurek dutela erakusteko. Ukiezinak direla oroitarazteko.
Eta begi ubelduarekin, gorputza eta arima kolpaturik, sartu naiz etxerat, goxatu eske. Baina, zuk ere, jendarmeen gisara hartu nauzu, basapiztia horrek. Krudela izan zara, Graxi.
Hortik aitzinerakoak badakizkizu. Ahitu da gurea. Akabo. Betirako bukatu. Azkeneko tantaraino hustu dugu maitasunaren odola. Ez da godalet gehiago haien gainean dantza egiteko. Zimeldu dira loreak. Orain hilerri bat da gure artekoa, plastikozko lorerik gabekoa. Fini da. Odolustu gara.